XVI. Euskal Encounter eguenetik domekara Barakaldoko BECen

Bizkaie! 2008-07-22 15:40

Danetara, 120 kilometro sare-kable, 60 kilometro elektrizidade-kable eta 10 kilometro zuntz optiko lako zifrek erakusten dabe 35.000 metro koadroko pabiloian instalauko dan azpiegiturea. 6.000 parte-hartzaile inguru eta 96 orduz etenbarik lanean arituko diran 4.000 ordenagailu inguru, BECen biziten.

Euskal Encounter topaketearen 16. edizinoa ospatuko da eguenetik domekara (garagarrilaren 24tik 27ra) bitartean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC), Euskaltel Fundazinoaren, SPRIren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren eskutik.

Aurtengo Euskal Encounter gaur goizean aurkeztu dabe prentsaurrekoan, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak, Mauri Lazkano SPRIko zuzendari nagusiak, Francisco Javier Allende Euskalteleko zuzendari nagusiak, Jon Ugalde BBK-ko Kanpo Harremanetako buruak eta Sabino San Vicente Euskal Encounterren antolatzaile nagusiak.

Urteko teknologia ekitaldirik garrantzitsuena da Euskal Encounter. Izan be, 4.000 ordenagailu egongo dira sarean gune bakar batean, eta segundoko 10.000 megako konekzinoa izango dabe Interneten. Barruko konekzinoa, ordenagailu bakoitzeko 1.000 megakoa izango da, euren arteko loturak 10.000 megakoak izanik HP ProCurve switch-ei esker.

Carlos Delso, HP konpainiako zuzendari nagusiaren esanetan, 'egun mundu osoan egin dan banda zabalera erantsi gehien dauen party-a izango da hauxe, 10.000 megatako Internet sarbidea eta barruko banda zabalera 1,380,000 megakoa dauena parte-hartzaileen alkar komunikazinorako'. Euskaltel izango da kanpo banda zabalera jarriko dauena, eta barruko banda zabalera, barriz, HP ProCurve switch-egaz egindako sareak bermatuko dau.

Danetara, 120 kilometro sare-kable, 60 kilometro elektrizidade-kable eta 10 kilometro zuntz optiko lako zifrek erakusten dabe 35.000 metro koadroko pabiloian instalauko dan azpiegiturea. 6.000 parte-hartzaile inguru eta 96 orduz etenbarik lanean arituko diran 4.000 ordenagailu inguru, BECen biziten.

Eguenetik aurrera, era askotako jarduerak egingo dira. Counter Strikeko nazinoarteko jokalari profesional onenak izango dira GameGunen, hau da, Euskal Encounterren lehiaketa ofizialean. Gainera, aurten lehen aldiz, Quake 3ko txapelketea egingo da, tradizino handia dauen joko profesional horren omenez.

Aurten, parte-hartzaileen % 10 emakumezkoak izango dira; beraz, aurreko urteetan baino gehiago izango dira. Bestalde, parte-hartzaileen % 50 EAEkoak dira, eta, ganerakoak Estadukoak (Madril, Katalunia, Valentzia eta Galiziakoak, besteak beste) eta mundu osokoak (AEB, Brasil, Suedia, Austria, Suitza eta abarrekoak). Adin-tarteari jagokonez, oso zabala da: 10 urteko umeetatik hasi eta 70 urte baino gehiagoko personetara. Dana dala, 26 urtekoa da batez besteko edadea.

Horrez gan, antolakuntzeak 50.000 euro baino gehiago emongo ditu saritan, baita material informatikoa eta osogarriak be. Gainera, HP izango da festaren hornitzaile teknologikoa.


Topaketa sendotua

Europako iparraldean (Norvegia, Danimarka edo Alemanian) 1980ko hamarkadearen amaieran sortu zan fenomenoaren zati da Euskal Encounterra. Estaduko jairik beteranoena da, eta, aurten, 35.000 metro koadro baino gehiago beteko ditu BECen. 4.000 ordenagailu konektauko dira Sarera, eta 10 Gb/s-ko Interneteko konekzinoa izango dabe eskura (10.000 Mg/s), eta barruko-sareak 1 Gb/s-ko abiaduran funtzionauko dau (1.000 Mb/s).

Helburu didaktiko nabarmena izan da Euskal Encounterraren ezaugarria ibilbide guztian. Topaketa hori ez da komunidadeak alkartzeko tokia bakarrik, horreek guztiek ezagutza era zabalean eta eskuzabal partekatzen daben lekua be badalako. Zeozelan, ideiak eta pentsamenduak libre mobiduten diran eremua da, garai batean 'unibersidadea' izan zana.

Hori dala eta, aurtengo Euskal Encounterren zenbait irratsaio 'in situ' grabauko dira, eta gai ugariri buruzko 15 berbaldi baino gehiago izango dira: zinemako efektu bereziak, mini-jokoen programazinoa, Mainframe-aren etorkizuna, animazino-estudio propioa egiteko moduak eta abar. Guztiak jarraitu ahal izango dira jaiak irauten dituan lau egunetan zehar, bai ekitaldian parte hartzen dabenek, bai une jakin batean bisitetan dabenek be, doban.

Euskal Encounterren mueta guztietako jenteak parte hartzen dau, eta hori da, hain zuzen, ekitaldiaren ezaugarri nagusietako bat. Halan da be, aurtengo ekitaldiaren alderdi esanguratsuena, ezelako zalantzarik barik, eskaintzen diran askotariko jarduera alternatiboak dira.

Aurten, gainera, Paramount Comedyko bakarrizketak (komedian espezializautako kable bidezko kanala) BECen izango dira Euskalteli esker. Kateko hiru komikorik onenek eragingo ditue saio berezi horretako gonbidatuen barreak (barikuan, 22:00etan).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu