Zubipeko Swing taldea Plaza Barrian eskainiko dauen kontzertu bakarrerako batuko da barriro be
2008-07-22 14:04 MusikeaZubipeko Swing izan zan 1983ko Aste Nagusi haretan abuztuaren 26ko gauean Unamuno Plazan kontzertua eskaini behar eben taldeetako bat, baina emonaldia bertan behera itxi behar izan eben.
Zubipeko Swing izan zan 1983ko Aste Nagusi haretan abuztuaren 26ko gauean Unamuno Plazan kontzertua eskaini behar eben taldeetako bat, baina emonaldia bertan behera itxi behar izan eben. Bihar, eguaztena, garagarrilak 23, iluntzeko 20:00retan hasita, jazz taldeko kideak Plaza Barrian alkartuko dira barriro 'Dixieland' estiloko errepertorio alai eta bizia eskaintzeko asmoz, doinua, ahotsa eta bat-bateko umore buztartuz. Kontuak kontu, Jon Etxeandiak (klarinetea, saxofoia eta ahotsa), Siegmar Menzel-ek (tronboia eta ahotsa), Gaizka Elosegik (tronpeta eta ahotsa), Oscar Andollo-k (bateria), Migel Salvador-ek (gitarra eta baxua) eta Alex Zabalak (kontrabaxua) osotzen daben Bilboko jazz taldeak omenaldia egingo deutso hondamendiaren gainetik distira eginez uria lokatzetatik atarataen lagundu eban alkartasunezko espiritu ekintzaileari.
Zubipeko Swing-en kontzertua uriolen 25. urteurrena gogoratzeko antolatu diran ekitaldietako bat da. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saila eta Turismoa eta Jaiak sailek ‘LOKATZETATIK SUSPERTU ZAN URIA’ izeneko ekitaldi-sorta zabala antolatu dabe, eta honen bitartez, hondamendiaren aztarnak ezabatu eta berealdiko eraldaketa urbanistikoari hasierea emon eutsen uriko biztanleen ahalegin kolektiboa eta alkartasunezko espiritua nabarmendu nahi dira. Helburu honi begira, garagarrilaren erdialdean hasi eta abuztuaren 31ra arte, urian erakusketak, hitzaldiak, proiekzinoak eta kontzertuak antolatuko dira, baina Zabalguneko Merkatuan eratutako multimedia erakusketea izango da ekitaldi guztien ardatz. Bertan, Aste Nagusiko egun hareen lekukotasun zuzena emoten daben era askotako materialak (prentsa-artikuluak, orduko irratsaioak eta telebistako irudiak barne) dagoz ikusgai, Udalaren webgunean horretarako sortutako atal berezian argazkiak eta testigantzak itxi dituen bilbotar ugarien lankidetzeari esker.
Atzoko eta gaurko fatxadak
Horregaz batera, neurri handiko argazkiek Zazpi Kaleetako hamabost eraikinetako fatxadak estaliko ditue abuztuaren 31ra arte, ibiltariak uholdeen neurriaz jabetu, eraikin horreek zelan geratu ziran ikusi eta boluntarioek egindako lan handiaz jaubetu daitezan. Arriaga antzokia, Bidebarrietako liburutegia, Esperantzako frontoia, Erriberako Merkatua eta Konkordia, San Nikolas eta Atxuriko geltokiak dira, besteak beste, lehengo eta geroko egoeran ikusi ahal izango diran eraikinetako batzuk, uriolek txiki-txiki eginda itxi zituelarik eta geroztik abiatutako berregokitze prozesuaren ondoren. Aldi berean, Zazpi Kaleetako taberna eta saltoki batzuetan, uriolek eragindako triskantzea gogoratzen dauen hamar minutu inguruko bideoa pantailaratuko da.
‘Lokatzetatik suspertu zan uria’ deritzon ekitaldi-sorta Bilboko Udalaren ‘Bilbao Izan’ programearen barruan eratu da. Uria taiutzen lagundu daben jazoera historikoen garrantzia azaltzea da programa honen helburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!