Sasoi txarrak blogarientzat
2008-07-16 18:03Ez dira ez sasoi egokienak blogarientzat. Indar handia hartu ondoren, blog eta blogarien mundu honek badaukaz oraingoan ardurauta egoteko momentuak. Legeak, zentsurak eta epaiketak datoz blog honeen ostetik.
Ez dira ez sasoi egokienak blogarientzat. Indar handia hartu ondoren, blog eta blogarien mundu honek badaukaz oraingoan ardurauta egoteko momentuak. Legeak, zentsurak eta epaiketak datoz blog honeen ostetik.
Hasiera batetik Internet munduan egon da holako eztabaida 'filosofikoa': askatasuna eta beronen mugak, mugarik izatekotan. Konzeptu aldetik, Internet Sarean aldaketa itzela eragin dau, informazinoa emon eta hartzeko moduetan, ezaguera jasoteko moduetan eta gizakion arteko komunikazinoan. Orain Sareari esker, edo hobe esanda Sarean konektauta dagozanei esker, informazinoa inoiz baino ugariagoa da eta alde guztiek daukie euren ikuspuntua azaltzeko; ezaguera be ez dago leku zarratu eta gorde batzuetan Sarean bertan baino, edozein arloko edozer jakin gura izan ezkero, hor daukagu dana klik bat eginaz. Eta komunikazinoari zer esanik ez, posta elektronikoak, foroak, txat gelak eta blogak, danak gure esku daukaguz. Beharbada, honen guzti honen ardatza informazinoa izango da, hau da, informazino barik beste puntuak ez diralako jorratzen. Baina baten baino gehiagotan komentau dogun legez, Interneten dagoan 'informazino' guztia ez da beneta, zabaorra be ugari dago, gero eta gehiago.
Eta informazino faltsu edo zabor horretatik jaiotzen dan beste guztia. Datu faltsuak, guzurrezkoak, irainak, komentario maltzurrak... Eta hortik dator gero ardurea: zaborrari aurre egiteko zelan arautu teorian guztiz librea eta mugarik bakoa dan Sarea?
Berbarako, blog eta euren egileen arlora joaten bagara, badagoz betiko zalantzak: blogariak kazetari ete dira? Eta holan bada, kazetarien mugak asumidu beharko leukiez? Guzurrezko informazinoa zabaldu eta gero, nor izango litzateke erantzulea? Berbarako, pasa dan urtean Italiako gobernuak preparetan egoan egoan lege batek itxelezko saltsea sortu eban Sareko foroetan; legearen arabera, bloglari guztiak argitaletxe legez erregistrau behar ziran (jagoken zergak ordainduz, jakina) baina sortutako astrapalearen ondoren, atzera egin eben euren asmoetan.
Gobernuek, eta ez bakarrik Txinakoa, ardaoa baino hobeto jagoten ditue euren blogarien guneetan esaten dana. 2003tik hona era guztietako blogak zabaldu dira Sarean eta milaka dira egunero euretara konektetan diran personak han idatzitakoak irakurteko asmoz. Eta sarritan konektetan diranen artean egon badagoz gobernuetako agenteak, arlo politikoko eretxiak emoten diran ala zeozer susmagarria dagoan aztertzeko. Washintong-eko unibersidadeak argitaratutuko txosten batean zera esaten da, danetara, blogariek 940 hilebeteko kartzela zigorra jaso dabela: Txina, Iran, Zimbawe edo Egypto-ko gobernuak dira txapeldunak, blogariak eretxi politikoak emoteagaitik kartzelaratzerakoan. Baina Europa maian be gauzak holan dagoz: Marianne Mikko, eurodiputadu estoniarrak aurkeztutako txostenaren arabera, blogarien zerrenda bat egingo da (ez da derrigorrezkoa, gura dauenak emongo dau izena) kalidade marka bat aintzatetsi guran, 'euskal okelaren' labelaren antzera. Era horretara, edozeinek jakingo leuke blog baten atzean nor dagoan eta honen helburuak.
Datuen arabera, 112,7 miloe blog dagoz Sarean eta egunero beste 120.000 sortzen dira. Kontua da ze ez dagoala jakiterik zeintzutan dagoan benetako eta egiazko informazinoa eta zeintzutan ez. Esandako moduan, zerrenda bat egitea proposatu dau eurodiputadu estoniarrak baina ezin da lege izan Europako beste lege baten kontra joango litzatekelako.
Egia esan, zerrenda honegaz ez dakit zer lortuko dan, kasu gehienetan blogetan egilearen izena agertzen dalako eta, beraz, guztiz identifikauta dagoalako. Beste gauza bat zera izango litzateke, blog batean agertzen diran informazinoen benetakotasuna eta horren ardurea norena dan. Hor dago azken kasua, Espainiako epaitegi batek blogari bat epaitu eta kondenau dauenekoa. Istorioa orain lau urte hasi zan. Julio Alonso izeneko blogariak bere blogean esan eban Interneten SGAE-ren kontrako kanpaina bat egoala. 'Google Bombing' izeneko programeagaz (orain Google-ekoek euren algoritmoak zuzendu ditue holakorik pasau ez daiten barriro) 'lapurrak' berbea bilatu ezkero, orrialde batzuk agertzen ziran lehen postuetan Google bilatzailean. Jakina, SGAE-ren orriak ziran agertzen ziranak (antzerako kasu bat be ikusi dot, 'puta-seme' bilatuz George Bush-en orrialdeetarako linka agertzen dala).
SGAE Alonsogaz hartu-emonetan jarri zan eta honek bere blogeko linka kendu egin eban erakundearen eskaereari jarraituz baina ez blogean egozan komentarioak. Eretxi horreek ez zituan Julio Alonsok idatzi bertara sartzen ziran nabigatzaileek baino. Alonsok aukerea emon eutson SGAE-ri gura izan ezkero, eretxiak blogean idazteko baina ezezkoa hartu eban. Salaketea eta epaiketea. Eta epaileak arrazoia SGAE-ri emon deutso bere ohorea iraindua izan dala esanez, Julio Alonso bitartekaria zala baieztatuz eta berak ez ebala holako eretxirik idatzi baina bere lana beharrezkoa zala eretxiok Sareratzeko.
Kontuak kontu, bloga badaukazu kontuz zer idazten dozun...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!