The Manhattan Transfer taldeak zabalduko dau Getxoko XXXII. Nazinoarteko Jazzaldia
2008-07-03 15:45 MusikeaEuskal Herriko jazz jaialdien denporaldiari hasierea emonaz, Getxoko XXXII. Nazinoarteko Jazzaldia garagarrilaren 7tik 12ra izango da eta aurtengo kontzertu nagusiak John McLaughlin, Arturo Sandoval, Archie Shepp, Avishai Cohen eta Iñaki Salvador musikari handiek eskainiko ditue.
Euskal Herriko jazz jaialdien denporaldiari hasierea emonaz, Getxoko XXXII. Nazinoarteko Jazzaldia garagarrilaren 7tik 12ra izango da eta aurtengo kontzertu nagusiak John McLaughlin, Arturo Sandoval, Archie Shepp, Avishai Cohen eta Iñaki Salvador musikari handiek eskainiko ditue. Talde Lehiaketako eta ‘Hirugarren Milurtekoa’ ataleko kontzertuak gehitu behar jakez horreei. Danetara, 15 kontzertu egongo dira, jaialdiko egun bakotxaren amaieran egiten diran jam session-ak ahaztu barik. Aurten be Biotz Alai plazan egingo dira kontzertu nagusiak eta Talde Lehiaketearen saioak, 21:30etik aurrera. Bestalde, Getxo Antzokia ‘Hirugarren Milurtekoa’-ren eszenatokia izango da.
Zabaltze ekitaldian, garagarrilaren 7an, The Manhattan Transfer taldea izango da protagonista. 35 urte baino gehiagoko ibilbidearen ostean, 'Extensions' edo 'Vocalese' disko bikainak grabau eta zenbait Grammy irabazi ostean, talde hau da nazinoarteko jazzaldietako eskaintza gehien jasoten dauenetako bat, bere lau abeslarien ahots dotoreak izanik erakargarritasun nagusia.
Jaialdiaren lehenengo egunean, garagarrilaren 8an, Iñaki Salvador Nonetok Joao dau Getxon. Musika proiektu hau musikari euskaldunaren azken asmakizunetako bat da: Donostiako Jazzaldiak eskatuta sortu eban 2005ean, jazzaldiaren 40. urteurrena zanean. Salvadorrek artista talde zabala alkartu eban: Itxaso González abeslaria, Víctor de Diego eta Mikel Anduela saxofoi-joleak, Hasier Oleaga bateria-jolea, Jackie Berecoechea tronpeta-jolea, Jonathan Hurtado teklistea eta Javier Juanco gitarra-jolea. Salvador bera zuzendari dala, bederatzikote horrek piano jole donostiarraren hainbat pieza joten ditu, berak moldatutako estandarrakaz batera.
Biharamunean, hilak 9, eguaztenean, aurtengo Getxo Jazzeko musikaririk handienetako baten txandea izango da: John McLaughlin & 4th Dimension. Britainiako gitarra-jole, piano-jole, teklista eta musikagile hau gaur egungo jazz artista handienetako bat da. Musikari belaunaldi askorentzat ezinbesteko erreferentzia izan da, etenbarik barritzen dauelako eta jazza beste estilo batzuekaz buztartzeko gaitasuna dauelako. Blues, musika akustikoa, flamenkoa, rock, skiffle, musika hindua... Guztietatik zer edo zer atara dau McLaughlinek, eta birtuosismo eta teknika erritmiko borobilez gauzatu ditu estilo guztiak. 60ko hamarkadan hasi zen joten, eta ordutik artista askogaz batera jo dau: Georgie Fame, Jimi Hendrix, Dave Holland, Tony Williams, Miles Davis, Wayne Shorter, Billy Cobham, Paco de Lucía, Al Di Meola, eta beste asko. Berrogei disko inguru grabatu ditu.
Jaialdiaren erdibidean, eguenean, hilak 10, Avishai Cohen Trioren txandea izango da. Avishai Cohen kontrabaxu-jolea Jerusalemen jaio zan. Israelen hasi zituan musika ikasketak, 10 urtegaz. Ikasten jarraitu eban Estadu Batuetan. Bertan pianoa eta baxu elektrikoa joten ikasi eta jazzaren munduan sartu zan, Stanley Clarke eta Jaco Pastoriousen musikeak bultzatuta. 1992an New Yorkera itzuli eta bertan erritmo latinoak aztertzen hasi zan, Danilo Pérezegaz batera. 1996. urtean, Chick Corearen Origin seikotean sartu zan, eta 2003ra arte ibili zan bertan. Hortik aurrera musika munduan dabil eta bere disko-etxea sortu dau: Razdaz Recordz, hain zuzen. Gaur egun, estilo ugari joten ditu, musika klasikotik poperaino, jazz, funk edo erritmo latinoak ahaztu barik.
Garaharrilaren 11n, Arturo Sandoval (Artemisa, Kuba, 1941) tronpeta-jole famatua etorriko da Getxora. Sandoval jazz latinoko artistarik ezagunenetako bat da. 13 urtegaz hasi zan lehen pausuak emoten, bere sorterrian perkusinoa joz. Musika-tresna ugari probau ondoren, tronpetea aukeratu eban. Dizzy Gillespie eta Charlie Parker entzutean bizitza aldatu jakon. 16 urte zituala, Kubako Orkestra Nazionalean sartzea lortu eban eta, ondoren, Kubako Musika Modernoaren Orkestran sartu zan. Soldadutzea egin ondoren, Irakere taldea sortu eban, bere herriko jazz talde nagusia, Paquito D'Rivera eta Chucho Valdésegaz. Sandoval Miamin bizi da 1992tik, eta musika latinoko musikari handien artean bere txokoa topau dau, musika klasikoa baztertu barik.
Azken eguna
Getxo Jazzek 2009ra arte agur esango deutse entzuleei, Archie Sheppen laukoteagaz (Fort Lauderdale, EE.BB., 1937). Iparramerikako musikari beterano honek pianoaren eta klarinetearen eraginez hasi zituan musika ikasketak. Baina laster saxoaz maitemindu zan. Shepp Cecil Taylorren laguntzaz hasi zan musikari profesional moduan. 60ko hamarkadan free jazza ekarri eban barrikuntza espiritu kolektiboan parte hartu eban. Chuck Dixonegaz batera bere lehen diskoa grabau eban eta gero New York Contemporary Five sortu eban. Ordukoak dira urte hareetan sortzen hasi zan mobimentu baltzaren aldeko bere lehenengo konposizinoak. Gero John Coltranegaz aritu zan ‘Ascensión’ disko ospetsuan, free jazzaren maisulana. Gero abangoardiako musikariakaz joten jarraitu eban: Cecil Taylor, Sun Ra eta Carla Bley, adibidez. 70eko hamarkadan, musika jo ez eze Ahmherst Unibersidadean irakasten hasi zan. Bertan Jazzaren Soziologia eta Historia irakasten zituan. Harrezkero, Sheppek musika afro-amerikarraren estilo ugari probau ditu, eta gaur egun, saxo tenorearen maisurik handienetako bat da.
Eszenatokiak
Urtero legez, jaialdiak hiru kontzertu mueta izango ditu. Biotz Alai plazan taldeen lehiaketako emonaldiak egingo dira, 21:30etan. Ondoren, egun bakotxeko talde eta musikari nagusiak atarako dira agertokira. Bestalde, ‘Hirugarren Milurtekoa’ ataleko kontzertuak Getxo Antzokiko plazan egingo dira. Bertan, jazz talde gazteek musika mueta honi ekarpenak egingo deutsiez eta euren freskotasuna erakutsiko deuskue.
Betsetik, artista barriei publiko handiaren aurrean agertzeko aukerea eskaintzen jake. Estilo desbardinetako talde eta artistak etorriko dira Getxora, danetara, hamabost emonaldi eskaintzeko, jam sessionak ahaztu barik, Algortako Piper's Irish Pub-ean egingo diranak, Biotz Alai plazako emonaldiak amaitu ostean. Bost egunez, jazzaren soinuek Bizkaiko herri honetako kaleak beteko ditue, musika onaren zaletu guztientzat lehen mailako topagune bihurtuz.
www.jazzeuskadi.com
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!