Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek irabazi dabe Argazklik Argazki Lehiaketea

Bizkaie! 2008-07-02 15:00

Adelina Moya historialariak, Aimar Arriola komisarioak eta Azucena Vieites artista eta Erreakzioa/Reacción kolektiboaren kideak osoturiko epaimahaiak Dios es una chavala manca II lana 3.000 eurogaz saritu dau.

Pasa dan martiaren hasieran, Nontzeberri kultura web guneak eta generoaren ganeko arte proiektuak produziduten dituan Pripublikarrak diziplina anitzeko kolektiboak Rolling Rolak argazki ekimena jarri eben martxan. Beste bi dispositibogaz batera (Camara Crossing, jardun feministeari loturiko agente sozial, politiko eta kulturalek osotutako argazki katea eta Genero eta Gorputz Ekoizpenak mintegia), Argazklik I. Argazkilaritza Digitaleko Lehiaketea sortu eben.

Lehiaketea tematikoa zan. 'Doguzan, asmetan doguzan eta ezarri deuskuezan rolen ganeko gogoetea egitea zan helburua', zehaztu dabe antolatzaileek. 'Maskulino/femenino, ar/eme, gizon/emakume bikote tradizionaletatik harago joan gura izan dogu. Genero kontuakaz loturarik ez daben zein loturea daben argazkizaleak batu gura genduzan ekimen honetan, hiru argazkiko serieak bialtzen. Eta erantzuna oso ona izan da'.


Irabazleak

Adelina Moya historialariak, Aimar Arriola komisarioak eta Azucena Vieites artista eta Erreakzioa/Reacción kolektiboaren kideak osoturiko epaimahaiak honako sari honeek erabagi ditu:

1. Saria: Dios es una chavala manca II, Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe, 3.000 euro.

2. Saria ex-aequo: Ciudad se construye en masculino, CAT. 522. 02 Arquitectas, 1.000 euro

2. Saria ex-aequo: Fundatzaileak / Las fundadoras / The founders, Soytomboi, 1.000 euro

3. Saria: Gina y Joana, vidas transformadas, Nuria López Torres, 1.000 euro

Arteleku Saria, The Day I Started Collecting Doors Was When I Lost Myself, Giovanni Lami, arte proiektu bat garatzeko Arteleku-ren produkzino-laguntzinoa eta 500 euro.

Parte hartzea

Danetara, 740 argazki-serie batu ditue, hau da, 2.220 argazki. Irudiak makinatxu bat herrialdetatik bialdu ditue: Espainia (231 argazki-serie), Euskal Herria (121), Argentina (94), Mexico (85), India (31), Kolonbia (31), AEB (15), Portugal (14), Italia (14), Brasil (13), Txile (12), Ingalaterra (11), Japonia (9), Venezuela (8), Costa Rica (7), Uruguai (6), Frantzia (5), Holanda (5), Puerto Rico (3), Finlandia (3), Armenia (3), Errumania (3), Ekuador (3), Alemania (2), Suitza (2), Kuba (2), El Salvador (2), Errusia, Kanada, Austria, Eskozia, Eslovakia eta Indonesia.

Rolling Rolak-en amaierea eta Tender Forever taldearen kontzertua

Argazklik lehiaketea amaitu bada be, Camara Crossing eta mintegia geratzen jakoz Rolling Rolak proiektuari. Camara Crossing zabalik egongo da garagarrilaren 7ra arte. Genero eta gorputz ekoizpenak mintegia garagarrilaren 11n eta 12an izango da Bilbon. Ostean, 'ikasturteari' amaierea emoteko, Tender Forever kantariak kontzertua eskainiko dau garagarrilaren 12an Bilboko Bilborok aretoan, 22:00etan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu