Agur bero bat Idauze-Mendi!

Bizkaie! 2008-06-30 12:42   Musikea

Leku aldaketea baino, formula aldaketea egin gura dabe EHZko kideek hurrengo urteari begira. Herrigune batean itsatsiko da hurrengo urteko EHZ. Festibala jendearengana hurreratzeko apustua, eta gaueko jai giroa eguneko libertimenduarekin lotzeko helburua.

Astegoienean amaitu da Euskal Herria Zuzenean’08. Bost urteren buruan, Idauze-Mendiko pentze eta larreeri agur esan deutso festibalak. Zuberoako herri txikian egiten dan azken edizino honen harian, agur berezia emotea erabagi eben antolatzaileek.

Domeka eguerdiko 13:00etan, ekitaldi hunkigarria izan zan. Patxi Thikoipe EHZ alkarteko lehendakariak hartu eban lehenengo berbea. Esker hitzak izan zituan Thikoipek, festibala posible egiten daben guztientzat. EHZ festibala anitza da. Anitza proposatzen dan musika estiloari begira. Anitza, bultzatzen doguzan praktika eta burrukei begira. Anitza, hona etorten zarien ikusleei begira’ adierazo eban. EHZ alkarteko lehendakariak hitz hartzea aprobetxau eban festibaleko kide eta parte hartzaile guztiei esker zintzo eta beroak eskaintzeko. Inor ez zan ahaztua izan, eta EHZko proiektuaren xinaurri lana beteten daben kide guztiek jaso eben esker ona, baita hiru egunetan zehar antolakuntza lanetan laguntzaile ibili diran 700 lagunek be. Publikoak be omen berezia jaso eban, bost urtetan zehar 80.000 ikusle baino gehiago hurreratu baitziran. Thikoipek gogoan izan zituan festibalaren alde inpliketan diran enpresa, hornitzaile eta alkarteak. Zuberoako botere publikoak, pentzeko jabeak, eta artistak eurak be eskertu zituan Thikoipek.

Baina, zuberotarrek be festibalari esker ona itzuli nahi izan eutsen eta holan egin eben. Horretarako, Mauleko bertso eskolak saio txiki bat eskaini eban, festibala Idauze-Mendin ikusteko plazerra adierazoz. Baina, duda barik, ekitaldiko unerik originalena, Mixel Etxekopar, Amaren Alaba eta Iron eta Maider artista zuberotarrek preparautako ikuskizun berezia izan zan. Lehenengo, Zuberoako dantzak, Iron eta Maiderren heavy metal doinuan dantzatu zituen, sorkuntza berezi eta polit batean. Baina ez ziran horretan gelditu. Gero, Amaren Alabak neska taldeko ahotsak a capella aritu ziran kantuz. Orduan, Iron eta Maiderrek barriro be nahasketa berezi bat eskaini eben. Amaren Alabak-eko kantu aireak heavy metal musikaz jantzi zituen, EHZ festibalaren omenez preparautako kantu berezi batean.

Sorkuntza artistiko horrek, festibalaren espiritua laburbildu eban, zeozelan esateko. Euskal nortasuna oinarri, eta Zuberoako kulturako sustraiei helduz (dantza, kantua), eta gazteen astinaldi musikalak buztartu zituen, EHZko aniztasuna ederto islatuz.


Hurrengo urtea

Hurrengo urteari begira, formula barriareen aldeko apustua zehaztu eben EHZko kide diran Anita eta Izarnek. Lekua zehaztu barik egon arren, kontaktuak hartuak dira, eta pista dezente badira. Baina, leku aldaketea baino, formula aldaketea egin gura dabe EHZko kideek hurrengo urteari begira. Herrigune batean itsatsiko da hurrengo urteko EHZ. Festibala jendearengana hurreratzeko apustua, eta gaueko jai giroa eguneko libertimenduarekin lotzeko helburua. Ez da asmo txikia. Bien bitartean, milesker Idauze-Mendi, eta ez adiorik !

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu