Berrizen egingo da XXXVI. Ezpatadantzari Eguna
2008-06-19 13:00‘Dantzari dantza’ edo ‘Bizkaiko Ezpatadantza’ izenakaz ezagutzen dogun dantza multzoa Durangaldeko sei eleizatetan iraun dau: Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz, eta Garain. Dana dala, antxina, gune zabalagoan dantzatuko zan seguruenik.
Bagilaren 21ean, zapatuan, Berrizen egingo da XXXVI. Ezpatadantzari Eguna. Egun hau oso garrantzitsua da Bizkaiko eta Euskal Herriko folklore zaleen artean. ‘Dantzari dantza’ edo ‘Bizkaiko Ezpatadantza’ izenakaz ezagutzen dogun dantza multzoa Durangaldeko sei eleizatetan iraun dau: Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz, eta Garain. Dana dala, antxina, gune zabalagoan dantzatuko zan seguruenik.
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, baina, galzorian egoan ‘Dantzari dantza’. 1886an Durangon eta 1891an Iurretan egin ziran ‘Euskal jaiak’, eta horrek balio izan eban Bizkaiko beste eskualde batzuetan be dantza hau zabaltzeko.
Kontuak kontu, arratsaldeko 17:30etan hasiko da Olakuetatik Eleizondora dantza taldeek egingo daben kalejirea. Alejandro Aldekoa txisulariaren oroigarrian lore-eskaintza egin eta gero, udaletxeko lorategian Amezuatarrak gogoratzeko monolitoan agurra egingo da. Amezuatarrak bost belaunalditan Berrizko tanbolin-joleak izan ziran. 1973. urtean hil zan Serafin Amezua, familiako azkena. Hurrengo urteko Ezpatadantzari Egunean Ereña auzoan, familia horren etxearen aldamenean oroigarria ipini eban Gerediaga Alkarteak. Inguru horrek azken urteetan izan dituan aldaketek oroigarriak izan behar leuken garrantzia estali dau eta horregaitik, Berrizko dantza taldeakaz eta udalagaz ados ipinita udaletxe ondoko lorategira ekarri da, Amezuatarrek merezi daben duintasunez gogoratzeko.
Aurten sei herriotako hamazazpi talde batuko dira. Herriak: Mañaria, Abadiño, Iurreta, Otxandio, Durango eta Berriz. Herri batzuetan talde bat baino gehiago egin dira, inoiz ezpatadantzari izandakoakaz.
Omenaldiaren ostean, kalejireak futbol zelairaino jarraituko dau. Toki honetan dantza taldeek Dantzari dantzaren zazpi dantzak dantzatuko ditue eta ondoren erregelak egingo dira talde diferenteetako kidez osotutako sokan.
Dantza saioa amaituta lagun arteko afaria izango da udaletxeko parkean. Dantzaria ez danak be afaltzen gelditzeko aukerea izango dau, baina horretarako herrietan salgai ipini dan afari-txartela erosi beharko dau. Txartelaren prezioa 10 euroan dago salgai.
Ezpatadantzairen Eguna Gerediaga Alkarteak antolatzen dau Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeak, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila eta Berrizko Udalaren laguntzinoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!