Jingo de Lunch izango da Bermeoko Aritzatxu Rock Free!!! 08 jaialdiko izen nagusia

Bizkaie! 2008-06-06 11:10   Musikea

Bermeoko Aritzatxu Rock Free!!! Jaialdia garagarrilaren 19an izango da aurten. Pergolan jarritako karpan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, hardcore, punk rock, elektronika, raw power, pop rock, new wave, stoner, eta amaitzeko, rocksteady eta roots reggae saioak izango dira.

Bermeoko Aritzatxu Rock Free!!! Jaialdia garagarrilaren 19an izango da aurten. Pergolan jarritako karpan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, hardcore, punk rock, elektronika, raw power, pop rock, new wave, stoner, eta amaitzeko, rocksteady eta roots reggae saioak izango dira. Aurtengo talde nagusia Jingo de Lunch alemana izango da, antolatzaileek prentsaurrekoan azaldu dabenez.

Jingo de Lunch Berlingo Kreuzberg inguruko taldea da, 1987an sortua. Hardcore, punk eta rock nahasketa indartsua egiten dau taldeak, eta Euskal Herrian zale ugari izan ditu betidanik, joan dan maiatzean Bergarako Jam aretoa bete izana erakusten dauen moduan. Orain, Yvonne Ducksworth abeslaria buru dauen taldea bere 20. urteurrena ospatzeko alkartu da eta Bermeon izango dira euren betiko abestiak eskaintzeko.

Idolos del Extrarradio Santanderreko laukote bat da, eta pop, postpunk eta new wave soinuak eskainiko ditu freskotasunez beteriko abestietan. ‘Quién necesita amor teniendo una pistola’ bere lehen diskoko kantuak entzuteko aukerea izango da Bermeon.

Mendarotik helduko da Munlet bikotea, aurtengo ‘Bilbao Hiria’ Pop Rock Lehiaketako finalistetako bat. Musika elektronikoa eta rock soinuak buztartzen ditu bikoteak eta jaialdian ‘Clínica de ruidos’ diskoko abestiak aurkeztuko ditu.

Mostros taldeak (Argentina-Mallorca) punk&roll indartsua eta hiperaktiboa taularatuko dau, kantu zuzen eta sendoakaz, eta kaleratu barri dauen ‘Las fabulosas aventuras de Vacillatio et Revolvo’ lana aurkeztuko dau.

Eureka Hot 4 taldea da aurtengo Aritzatxu Rock Free!!! jaialdiko beste taldeetako bat. Bermeo eta Bilboko lau musikarik osoturiko taldeak indarrez beteriko soul, funky, rock&roll eta rhythm&blues nahasketea eskainiko dau.

Era berean, dagoeneko Euskal Herriko punk rock eszenan klasiko bihurtu diran Obligaciones gasteiztarrek punk rock eta raw power dosia eroango dabe jaialdi bermeotarrera.

Positiva talde bilbotarrak stoner eta hard rock ukutua emongo deutso Aritzatxu Rock Free!!! jaialdiari eta Chest banda bartzelonarrak mod eta pop soinuak eskainiko ditu bere kontzertuan. Amaitzeko, Dreadrive donostiarrak rocksteady eta roots reggae saio erakargarriagaz amaituko da jaialdia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu