Ipar Uribe eta Arratiako bertsolariak kantuan

Bizkaie! 2008-05-13 12:15   Bertsolaritzea

Udagoieneko Bizkaiko Txapelketearen atarian, Bizkaiko Eskualdetako Txapelketak martxan dira. Oraintsu Xabier Enbeitak irabazi eban Busturialdekoa eta datorren astegoienean, Ipar Uribe eta Arratiako bertsolarien txandea izango da.

Udagoieneko Bizkaiko Txapelketearen atarian, Bizkaiko Eskualdetako Txapelketak martxan dira. Oraintsu Xabier Enbeitak irabazi eban Busturialdekoa eta datorren astegoienean, Ipar Uribe eta Arratiako bertsolarien txandea izango da.


Ipar Uribeko Txapelketea

Ipar Uribeko txapelketan 20 lagunek parte hartu dabe eta, beraz, hiru kanporaketa saio egin behar izan ditue finalean abestuko daben sei bertsolariak aukeratzeko. Barikuan, maiatzaren 9an, izan zan azken kanporaketea Fikan eta ez zan entzulerik ez girorik falta izan. Aurreko kanporaketak Larrabetzun eta Sopelan izan dira. Hiru kanporaketetako puntuazinoak kontuan hartuta, honexek izango dira maiatzaren 17an, Getxon, Areetako Andres Isasi musika eskolan abestuko daben sei bertsolariak: Miren Ibarluzea, Olatz Ibarluzea, Jone Uria, Arrate Illaro, Itsaso Paia eta Peru Vidal. Saioa 18:00etan hasiko da eta Aitzol De Castro izango da gai-jartzailea.


Bertsolariak

- Olatz Ibarluzea: 21 urteko Mungiarra. Topografia ikaslea Gasteizen. Aurten bigarrenez doa Bizkaiko txapelketara.

- Itsaso Paia: getxoztarra. 19 urte. Psikologia ikaslea. 2006ko Ipar Uribeko txapelduna.

- Peru Vidal: 20 urte. Ikaslea. Sortzez Plentziakoa dan arren, Leioan bizi da gaur egun. Bigarrenez parte hartuko dau Ipar Uribeko Bertsolari Txapelketan.

- Arrate Illaro: 19 urteko algortarra. Ikusentzunezkoak ikasten dabil Leioan. Eskolartekoetan Euskal Herriko txapelduna 2006an. Lehenengoz parte hartuko dau Ipar Uribeko Bertsolari Txapelketan.

- Miren Ibarluzea: 1984an jaioa. Mungiarra. Itzulpengintza eta interpretaritzan lizentziatua. Egun Labayru ikastegian dabil beharrean, Herri Ondarea mintegian irakaskauntzarako materialgintzan. 2006ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetan abestu eban.

- Jone Uria: 18 urteko algortarra. Bizkaiko Eskolartekoetan txapeldun izandakoa txikietan zein nagusietan. Lehenengoz parte hartuko dau Ipar Uribeko Bertsolari Txapelketan.


Arratiako Txapelketea

Arratiako txapelketan bost bertsolarik bakarrik emon dabe izena eta, beraz, bost horreek abestuko dabe finalean: Iñaki Iturriotzek, Jabier Olibaresek, Eñaut Intxaurragak, Manex Sagarnak eta Illart Gumuziok, hain zuzen be. Maiatzaren 18an, domekan, Igorren izango da Arratiako finala, bertako kultur etxean, 17:00etan. Gai-jartzailea Saioa Amuriza izango da.


Bertsolariak

- Eñaut Intxaurraga: zeaniztarra, 31 urte. Euskal Filologia ikasi ostean, irakasle lanetan dabil. 1998an parte hartu eban lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan (Garai horretan Araba-Bizkaikoa zan). 2000, 2002 eta 2004ko txapelketetan finalaurrekoetara heldu zan; eta 2004ko zein 2006ko Arratiako txapelduna da.

- Iñaki Iturriotz: igorreztarra, 25 urte. Kazetaritzan lizentziatua. Gaur egun, doktoradutza egiten dabil eta Bertsozale Alkarteko komunikazino taldeko kidea da. 2006ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara heldu zan.

- Jabier Olibares: zeaniztarra, 28 urte. Fabrikan lan egiten dau. 2002ko Arratiako txapelduna.

- Manex Sagarna: igorreztarra, 21 urte. Euskal filologia ikasten dabil. Orain lau urte be kantau eban eskualdeko finalean.

- Illart Gumuzio: igorreztarra, 18 urte. Lehenengoz parte hartuko dau eskualdeko txapelketan.

Astegoieneko bi saioetan, ondokoak izango dira epaimahaikoak: Josu Telleria, Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula eta Asier Ibaibarriaga. Miren Itziar Basterretxea, barriz, idazkari lanetan ibiliko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu