Manex Agirrek irabazi dau Arabako finalerako txartela

Bizkaie! 2008-03-10 14:15   Bertsolaritzea

Saio borobila aramaioarrak egindakoa, freskotasuna eta zuzentasuna nabarmen geratu diralarik, 326’5 puntugaz. Asier Otamendik egin dau bigarren 322’5 puntugaz, Oihane Pereak 321, Iñaki Viñasprek 312’5, Serapio Lopezek 306’5 eta Felipe Zelaietak 283’5 puntu.

Bostetako kanpaiak jo barritan, Ondategiko Zigoitia Aretoa bete bete egin da. Ehun lagun inguru eta txalo zaparrada bertsolariak heldu orduko. Serapio Lopez, Asier Otamendi, Felipe Zelaieta, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre.

Bi ordu eta hamaika algara izan dira tartean. Urduritasuna hasieran eta kontzentrazinoa saioak aurrera egin ahala. Sei bertsolariak fin ibili dira nahiz eta urduritasunak bertso aleren bat trabestu izan dauen. Zortziko handian emakumearen egoeraz, etorkinen joan etorriez eta, zelan ez, hauteskunde espainiarretaz kantuan jarri ditu Irati Lotina gai-jartzaileak.

Ale politak itxi ditu zortziko txikiak. Gaiak umorez josita, saioak gora egin dau. Asier eta Felipe, perretxiko aluzinogenoak janda, mendian eta gauez, kanpindendaren bila dabiltzan bi lagun izan dira. Asier Otamendik GPSa ondo ete jabilkon galdetu deutso, eta hona Feliperen erantzuna: begiratzen hasita gauza logikoa/GPSa badaukat baina ilargikoa. Ganerako bertsolariek be barrez lehertzen jarri dabe ikusentzulea. Aita izateko puntuan dagozan bi gizonezko alkarri kontuka jarri dira. Orduan, kirioak dantzan dituela, emazteei lagundu nahi eta lagundu nahi ez izanaren kinkan agertu dira Iñaki Viñaspre eta Oihane Perea. Oihane: larrutan egin gabe egon naiz luzaro/ta orain amaitu egin da oso argi dago. Iñaki: zu lasai sartu zaitez ta goiari eutsi/ bere aita ez dezala lurrean ikusi.

Hamarreko txikiak amaitu orduko arratsaldeko seiak dira. Kartzelarako ordua heldu da. Puntuari erantzunetan Serapio Lopezek egin dau harrerea: Lehenbizi pentsatu ta egin ondoren /gauzak beti pentsatu ahal denik ondoen/ horixe bera ondo pentsatu banuen/igual momentu hontan ez nengoke hemen. Bi bertsotarako neurri eta doinu librean kantetako gaia, barriz, honakoa izan da: Asko pentsau ondoren, atea zeharkatzea erabagi dozu; hankaz gora dago dana.

Bakarkako lanean hamaika jomuga izan ditue sei arabarrek. Serapio gizon dibortziatu barriaren rolean ibili da; Asierrek etorkinen familiaren ofizioko gaiari heldu deutso barriro: Senegalera gaur itzuli naiz hala tokatzen zen berez/ gauza onikan ez nun espero baina horrelakorik ez. Oihanek, ostera, oporretara joan eta bueltan holan topau dau etxea: ...lehen entzun ditut hainbat aitzaki gizonaren mila truko/ mala oxtia itzela daukat atea itxi ta punto!/ hurrengo baten jakin dezala ez naizela bueltatuko. Bere hordagoa alde batera itxita, Viñaspreri semea atxilotu deutsela kantau dau kartzelakoan. Ale hunkigarria eta txaloak.

Kontuak kontu, Manex Agirre izan da, epaileen erabagiz, finalera zuzenean sailkatzea merezidu izan dauena. Saio borobila aramaioarrak egindakoa, freskotasuna eta zuzentasuna nabarmen geratu diralarik, 326’5 puntugaz. Asier Otamendik egin dau bigarren 322’5 puntugaz, Oihane Pereak 321, Iñaki Viñasprek 312’5, Serapio Lopezek 306’5 eta Felipe Zelaietak 283’5 puntu.

Honenbestez, datorren domekako finalerdian nor sailkatu zain geratu beharko dabe ganerako bertsolariek. Finalerdia Aramaioko kultur etxean izango da, arratsaldeko 17:00etan. Bertsolariak: Ruben Sanchez, Andere Arriolabengoa, Zigor Enbeita, Iker Agirre, Juan Mari Juaristi eta Rikardo Gonzalez de Durana. Gai-jartzaile lanetan, Lierni Altuna.

Azken buruan, apirilaren 5ean izango da finala, Gasteizko Printzipal Antzokian. Arratsaldeko 17:00etan jokatuko da Arabako txapela. Bitartean, sentidu, gozau eta astindu!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu