IX. ‘Bilbao Distrito Jazz’ programeak estilo anitzeko egitaraua dakar
2008-03-05 16:43 Musikea‘Bilbao Distrito Jazz’ programearen bederatzigarren edizinoak, bere identidade ezaugarriak mantentzearen aldeko apustua egin dau, hau da, ikus-entzule guztientzako eta uriko leku desbardinetan, dobako jazz kontzertuak eskaintzearena.
‘Bilbao Distrito Jazz’ programearen bederatzigarren edizinoak, bere identidade ezaugarriak mantentzearen aldeko apustua egin dau, hau da, ikus-entzule guztientzako eta uriko leku desbardinetan, dobako jazz kontzertuak eskaintzearena. Martia eta apirileko hilebeteetan zehar, zazpi europear eta amerikar taldek, swing edo funk erritmoak inprobisauko ditue.
Bestalde, kontzertu ziklo honen edizinotik aurrera, gitxienez, hemengo talde baten presentzia egotea nahi da, oraingo honetan Funk Colective bilbotar taldea izango dalarik. Modu honetan, hemengo jazzmen eta nazinoarteko talde prestigiotsuak tartekatzea gura da, euskal musikariek erakusten daben maila eskaintzea, hainbat hamarkadetatik gaur egunera arte hainbat jaialdi zein hainbat lokal txikitan musika estilo hau bultzatzeko egon dan tradizinoak erakusten dauen moduan.
Sei udaltegietan izango diran emonaldiakaz batera, aurreko edizinoetan errotu diran beste bi ekimen erakargarri be izango dira: Ametzolako tren geltokian izango dan kontzertua bata eta haur hezkuntzara eta lehen hezkuntzara zuzendutako kontzertu didaktikoa bestea.
Alde Zaharreko, Barrainkuako, Begoñako, San Frantziskoko, San Inazioko (lehenengo aldiz) eta Deustoko udaltegiak izango dira kontzertuen eskenatoki, martiko eta apirileko barikuetan, 20:00etatik 21:00etara bitartean, Aste Santuko egunetan izan ezik. Martiaren 28an ‘Bilbao Distrito Jazz’ Ametzolako tren geltokiko nasara joango jaku, eta Kontzertu didaktikoa apirilaren 11an izango da Deustuko Udaltegian. Ordubeteko kontzertu honetan, ikasleek jazzaren sarrera bat ikusentzuteko aukerea izango dabe, kontalari baten, antzezle baten eta estilo honen bereizgarri diran pianoa eta kontrabaxua joten daben bi musikariren laguntzinoagaz.
‘Funk Colective’, ‘Bilbao Distrito Jazz’ egitarauari amaierea emongo deutson bertoko taldeagaz batera, AEB, Brasil, Ingalaterra, Portugal eta Espainiatik datozen musikariak entzuteko aukerea izango da.
Taldeak
José Alberto Medina Trio taldeak emongo deutso hasierea egitarauari martiaren 7an. Pianoa, kontrabaxua eta bateriagaz osotutako talde klasikoa, eragin klasikoak ideia barriakaz nahasten dituan taldea. Disko barria aurkeztera datoz Bilbora.
Shark. Ton Johnson ingelesa buru dauen taldea martiaren 14an izango da San Fanciskoko Udaltegian. Ez ohiko taldea da, saxofoiakaz, tronboiagaz, kontrabaxuagaz eta bateriagaz osotutakoa.
Alphabets Nu Jazz taldearen txandea martiaren 28an izango da. Roberto Magris italiarraren eta Max ‘Mbassadó’ iparamerikar rapzalearen esperientzia originala da: cool nahasketa bat, urban jazz eta hip-hoparen artekoa, hamarkada bat baino gehiagoko eskarmentuagaz. ‘Stones’ disko barria aurkeztuko dabe.
Pete Robins Quartet taldeak apirilaren 4an joko dau Begoñako Udaltegian. Robins musikari bakar eta mailakatua da, Mark Turrner ‘All About Jazz’-eko kritikariaren ondoko berbak merezidu izan dituana: ‘Hau, Jazz modernoa izan beharko litzatekeena da’.
Hurrengo hitzordua apirilaren 11n izango da Deustuko Udaltegian, Rogério Botter Maio & Brasil World Jazz Quartet taldeagaz. Armonia eta melodia aberasgarritasuna ezaugarritzat dauen talde brasildarra da.
Apirilaren 11ko goizean, Deustuko Udaltegian, Kontzertu Didaktikoa izango da, Yolanda Bustillo antzezleagaz, Itxaso Gonzalez kontalariagaz, Jose Luis Canal pianojoleagaz eta Carlos ‘Tato’ Gracia kontrabaxuagaz.
Ila Cantor Quartet taldeak apirilaren 18an emongo dau bere kontzertua San Inazio Udaltegian. Hamazazpi urte zituanetik eta New Yorkeko Iridiumean estreinau zanetik, Ila Cantor gitarrajoleak eta konposatzaileak doinu tradizional eta modernoagoak nahasten ditu. ‘Mother Nebula’ izenburuko azken lana, musikagilearen unibertso elektriko zein personalaren lagin bat da.
Funk Colective taldeagaz emongo jako amaierea zikloari, eskarmentu handiko zazpi bilbotar musikariren taldeagaz. Energia handiko doinuen apustua da, besteak beste, Herbie Hanckok, Josuhua Redman, Nicholas Pyton, Jako Pastorius, John Coltrane edo Charlie Parker lako izenen eragina atzemon daitekelarik.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honek hainbat helburu ditu, besteak beste, uriko auzoetan musika-genero gitxituak zabaltzea, holan entzule barriak erakarten lagunduz; 1991tik astero zuzeneko ekitaldiak antolatzen dituan Bilbaína Jazz Club alkarte beteranoaren lanari laguntzea; bertoko musikariei zuzenean joteko aukerea emotea; edota auzoetako kultur programazinoaren kalidadea handitzea.
Egitaraua
Martia:
7: Jose Alberto Medina Trio (Barrainkuako udalegia, 20:00etan).
14: Shark (San Francisko udaltegia, 20:00etan).
28: Alphabets Nu Jazz (Ametzolako Tren Geltokia, 20:00etan).
Apirila:
4: Pete Robbins Quartet (Begoñako udaltegia, 20:00etan). 11: Kontzertu Didaktikoa (Deustuko udaltegia, 11:15etan) eta Rogério Botter Maio & Brasil World Jazz Quartet (Deustuko udaltegia, 20.00etan).
18: Ila Cantor Quartet (San Inazio udaltegia, 20:00etan).25: Funk Colective (La Bolsan, 20:00etan).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!