Guraso ezkonbakoen umeen kopuruak gora egin dau

Bizkaie! 2008-03-05 14:14

Eustatek emondako datuen arabera, 2006an jaiotako ume guztien artean, guraso ezkonbakoetatik jaiotakoak 4.958 izan ziran, hau da, jaiotzen % 24,7, 2005ean (% 23,2) baino gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoan 20.043 ume jaio ziran 2006. urtean, aurrekoan baino % 1,7 gehiago. Hazkunde hori 2004 eta 2005 artean izandakoa (% 0,6) baino handiagoa izan zan. Araban izan zan gehikuntzarik handiena (% 4,5) eta ondoren Gipuzkoan (%3,5); Bizkaian % 0,3ko beherakadea izan zan.

Eustatek emondako datuen arabera, 2006an jaiotako ume guztien artean, guraso ezkonbakoetatik jaiotakoak 4.958 izan ziran, hau da, jaiotzen % 24,7, 2005ean (% 23,2) baino gehiago.

Arabak eta Bizkaiak EAEk baino ehuneko handiagoak izan zituen atal horretan, % 25,7 eta % 25,1, hurrenez hurren; Gipuzkoak, barriz, balio erlatibo txikiagoak izan zituan (% 23,9). Azken 17 urteetan guraso ezkonbakoen umeen ehunekoa hirukoiztu egin da, 1990ean % 7,7koa zan eta.

Jaiotzak 1.000 biztanleko 9,5 izan ziran, 1960ko hamarkadako milako 20 hareetatik oso urrun. Kopururik altuena Gipuzkoan topau geinke (milako 10,4), ondoren Araban (milako 9,8) eta azkenik Bizkaian (milako 8,8).

1976tik aurrera, jaiotzek beheranzko joera nabarmena izan eben; joera hori, dana dala, moteldu egin zan 1980ko hamarkadearen amaieran eta 1994an ailegau zan mailarik apalena. 2006ko kopuruek berretsi egin dabe 1995ean hasitako jaiotza tasen gorakadea.

Orain dala urte bi, seme-alabaren bat izan eben emakumeen % 76,5ek 30 urte edo gehiago zituan. Talderik ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, jaiotza guztien % 45,4 emon baitau. Beste alde batetik, 2005. urteagaz alderatuta, handitu egin da 35 urtetik gorako amen taldea (% 31,1) eta barriro be 25-29 urte bitarteko taldea (% 17,6) baino handiagoa da. Amen batez besteko adina 32,3 urtekoa da; eta lehen umea euki dabenena 31,1 urtekoa, 2005ekoen antzeko zifrak.

Azken hamar urteotan, 30 urtetik beherako adin-talde guztiek pisua galdu dabe, batez be 25 urtetik 29rako adin-taldea, % 7,6 galduta. Bitartean, hamar puntu baino gehiago gehitu da 35 edo urte gehiagogaz ama izan diranen taldea.

Jaiotza ordenari jagokonean, 2006. urtean lehenengo seme-alabak % 57,5 izan ziran, aurreko urtean jazotakoaren antzera. Hirugarren eta ondorengo seme-alabak, barriz, % 6,7 izan ziran, 2005ekoaren aldean ehuneko puntu erdia gehiago.

Erditzeak 19.669 izan ziran: horreetatik 19.205, bakunak; 454, bikotxak; eta 10, hirukotxak. Batez beste, 3.297 gramoko pisua izan eben mutikoek; eta neskatoek, 3.194 gramokoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu