Ipar Kutxak Virginia Berasategi eta Mikel Elgezabal triatleten denporaldia babestuko dau

Bizkaie! 2008-03-04 13:18

Virginia Berasategik eta Mikel Elgezabalek Ipar Kutxa Triatloi Taldea osotuko dabe, Euskadiko, Estaduko eta nazinoarteko egutegietako 30 bat proba garrantzitsutan lehiatzeko asmoz.

Ipar Kutxa euskal finantza erakundeak aurrera jarraitzen dau kirola bultzatzeko bokazinoagaz, eta oraingo honetan, eliteko bi kirolari babestuko ditu. Honetarako, lehiatzeko diziplinarik gogorrenetariko bat aukeratu dau: triatloia. Virginia Berasategik eta Mikel Elgezabalek Ipar Kutxa Triatloi Taldea osotuko dabe, Euskadiko, Estaduko eta nazinoarteko egutegietako 30 bat proba garrantzitsutan lehiatzeko asmoz. Carlos Osés Ipar Kutxako zuzendari nagusiak eta triatletek hitzarmena sinatu dabe finantza erakundearen egoitzan.

Virginia Berasategi bilbotarra, Euskal Herriko emakumezko kirolaren historian palmaresik distiratsuenetakoa lortu dauen triatleta beteranoa dogu. 1992an hartu eban parte lehenengo aldiz Munduko Triatloi Juniorreko Lehiaketan, eta hirugarrena heldu zan orduko haretan. Ordutik, Virginiak aurrerantz jarraitu dau, harik eta 2003an, Ibizan, munduko podiumaren mailarik gorenera heldu zan arte (lehen postua distantzia luzeko modalidadean, banakakoan nahiz taldekakoan). Lanzaroteko Iron Man 2004 eta 2005 urteetan eta Mexikoko Valle del Bravon-n 2004an jokatutako Munduko Kopea dira, besteak beste, Virginiak lortutako garaipenik handienetakoak, han-hemenkako norgehiagoketan lortu dituan garaipenak eta ohorezko postuak alde batera itxita. Virginiaren arpegia are ezagunagoa egin da telebistako ‘El Conquistador del Fin del mundo’ lehiaketan, Juanito Oiartzabalegaz batera izan dauen partaidetzeari esker.

Bestalde, orain 28 urte Gernikan jaio zan Mikel Elgezabal txirrindularitza profesionaletik etorritako kirolaria da. Debuta 2004an egin eban Costa de Almería-Paternina taldeagaz, eta ordutik, Atom talde kolonbiarreko kidea izan da. Etapak irabazi eta podiumera igotea lortu dau Castelló, Kantabria, Madrilgo Komunidadea eta Nafarroako itzulietan, eta bizikleta gaineko esperientziaz eta ugeriketan nahiz oinezko lasterketan lortu dauen hobekuntzea ikusirik, duatloietan eta triatloietan parte hartu dau 2007tik hona. Beste era askotako probetan parte hartzeaz gan, aurreko denporaldian debuta egin eban Lorienten (Frantzia) Distantzia Luzeko Eliteko Triatloiaren Munduko Txapelketan, eta aurten, bere erregistro eta sailkapenak nabarmen hobetu guran dabil. Elgezabalek duatloiaren euskal zirkuitua irabazi dau, bigarren postua lortu dau triatloiaren euskal zirkuituan eta txapeldunorde amaitu eban Euskadiko distantzia luzeko probea, Zarautzen, beste norgehiagoka aitagarri batzuen artean.

Babes-hitzarmenaren arabera, bi triatleta honeek Euskadiko, Estaduko eta nazinoarteko hogeita hamar bat probatan parte hartuko dabe, baita Hawaiko Ironman mitikoan Berasategiren kasuan. Ipar Kutxa Triatloi Taldeak honako helburuak finkatuak ditu: duatloiaren eta triatloiaren euskal zirkuitua, Zarauzko nazinoarteko lehiaketea eta triatloiaren Espainiako Txapelketea.

Kirolaren arloan, Ipar Kutxa beti egon da kirolagaz lotuta, baina oraintsu esparru honetako presentzia areagotzea erabagi dau, Bilbon antolatzen diran herri lasterketa eta kirol jazoera nagusietako batzuk babestuz, besteak beste, Maratoia, Maratoi Erdia, Areeta-Bilbo Lasterketea edota Itsasadarreko piragua-zeharkaldiak. Izaera herrikoia daben jazoerak dira guztiak, partaide kopuru masiboa izaten dabenak. Horrezaz gan, finantza erakundeak Athletic Club Fundazinoa be hartzen dau bere barruan aurtengo urtarriletik.

Ipar Kutxak 386 behargin eta 140.000 bezero ditu gaur egun. Bere 84 bulegoak Bizkaiko eta Arabako udalerri nagusietan dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu