Bou muetako ontzi baten aztarnak topau ditue Matxitxako itsasaurrean

Bizkaie! 2008-03-04 17:16

AZTI-Tecnalia Fundazinoak itsas hondoen kartografia lanak egiten ebilela topau dau eta udaberrian jakin ahal izango da zein ontzirenak diran. Aztarnak Nabarra ontziarenak izan daitekezala uste dabe adituek.

AZTI-Tecnalia Fundazinoak itsas hondoen kartografia lanak egiten ebilela topau dau eta udaberrian jakin ahal izango da zein ontzirenak diran. Aztarnak Nabarra ontziarenak izan daitekezala uste dabe adituek.

Gonzalo Sáenz de Samaniego, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak Gobernu Batzordeari Azti-Tecnalia Fundazinoak topau dauen bou muetako itsasontzi baten aztarnen aurkikuntzearen barri emon deutso; topautako aztarna horreek Euskadiko Itsas Armadaren ontzi batenak izan daitekez.

Adituek aztarnak Nabarra ontziarenak izan daitekezala uste dabe baina Eusko Jaurlaritzeak ezin dau hori ziurtatu; edozelan be, datorren udabarrian, urpekariek bertara jaitsi eta lehorrera laginak ekarri ondoren jakin ahal izango da zehetasun osoagaz zein ontzi dan.

Argi dago bou muetako ontzi baten aztarnak dirala, baina ezin da guztiz ziurtatu zein ontzi dan eta zuhurtziaz jokatu behar da, besteak beste, aztarna horreek Gerra Zibilean matxinatu frankisten kontra burrukatu eban Euskadiko Itsas Armadaren ontzi batenak izan daitekezalako. Ontzi horretan 30 marinel galdu ziran. Horregaitik eta holan balitz aurkikuntza honek dauen garrantzia kontuan izanda, zuhurtziaz jokatu behar da.


Aurkikuntzearen historia

Eusko Jaurlaritzeak aginduta, ingurumena ezagutzeko asmoz, AZTI-Tecnalia Fundazinoa euskal itsasertzeko plataforma kontinentalaren kartografia egiten dago. Planografia hau bereizmen handiko soinu-zunda erabiliz egiten dabilz. 2007ko abuztuan Billano eta Matxitxako lurmuturren arteko itsas hondoen kartografiarako landa lana egin zan eta igazko zemendian adituek batutako informazinoaren azterketea egin eben;horren barruan hondoratutako ontzi bat topau eben Matxitxako lurmuturraren ondoko uretan, ontzia 100 metrotara itsas azpian hondoratuta eta nahiko osorik azaldu zan.

Zundeak batutako informazinoaren azterketa zehatzak, hondoratutako ontziaren neurriak atarateko aukerea emon eban eta berauek erroldako datuakaz alderatu ziran. Ontzia bitan zatituta dago, eta horrek ontziaren luzerea zehazteko zailtasuna dakar; dana dala, 65 eta 70 metro bitartekoa izango zala esan daiteke.

Beste alde batetik, ez da izan ezelako arazorik hondoratutako ontziaren zabalerea neurtzeko, honek karel arteko zabalenean 10,40 metro neurtzen dau. Itsasertz haretan hondoratu diran ontzien artean Nabarra ontziak eban zabalera zehatz hori. Ontzi honen luzerea 65,40 metrokoa zan eta horretan be bat dator topautakoagaz, nahiz eta horren luzerea ezin izan dan zehaztu bitan apurtuta dagoalako.

Hori bera, txopa aldetik bitan zatituta egotea, bat dator sasoiko informazinoakaz, guztietan esaten baitzan Nabarra ontzia txopatik hondoratu zala. Horrek, ontziak hondoa jo ebanean bitan zatitu zala zubiaren atzealdetik eta bitan apurtuta geratu zala itsas hondoan pentsetako aukerea zabaltzen dau.

Kontuak kontu, datuok itsasertz haretan hondoratutako beste ontzien datuakaz konparau dira, aztarna horreek bestelako ontziren batenak izan daitekezan ala ez jakiteko. Egun dakigunaren arabera, Nabarra ontziaz gan, ez da era eta neurri horreetako beste itsasontzirik ur horreetan hondoraturik.

Soinu-zundeak emondako informazinoa gehitzeko asmoz, hondoratutako ontziaren irudiak grabetako lanari ekin jakon, honen nortasuna ziurtatze aldera. Ontziaren aztarnak 100 metro ur azpian dagoz eta horrek urpekarien bitartez egindako identifikazinoa zaildu eta karutu egiten dauenez, irudi horreek lortzeko, urrutitik gidatutako ur azpiko gailua erabili zan.

Zezeilaren 15ean egin zan ikuskapena eta ontziaren branka aldera luzatu zan, hori izan eitekeala hobeto gordetako ontzi zatia pentsau ostean.

Azterketea lau orduz luzatu zan eta hondoratutako ontziaren irudiak hartu ziran ondoren Nabarra ontziaren jatorrizko plano eta argazkiakaz konparetako. Planoak Vendaval izeneko bakailao-ontziarenak dira, izen hori emon eutsolako Pasaiako PYSBE enpreseak atoan binaka arrantza egiten eban bou muetako ontzi honi makailao arrantzarako egin ebanean. Gerrea hasi ondoren, ontzi honi, beste arrantza ontzi batzuei bezela, kanoiak ipini jakozan, hala moduz blindau zan eta Euskadiko Babeserako Itsas Armadaren zerbitzura jarri zan Nabarra izenagaz.

Hartutako irudietan azaltzen diran elementuak (makina txikia, baranda, aingurak, atetilak, eta abar), bat datoz Nabarra ontziaren ezaugarriakaz, halan da be, ez da azaldu brankako kanoiaren aztarnarik. Hori jasoten eban gunea oso kaltetua dago, akaso leku horretara zuzenduko ziralako Canarias kruzeroaren kanoikadak. Sasoiko kronikek Nabarra ontziak 200 inpaktu baino gehiago jaso zituala dinoe eta itsas azpian jasotako irudietan horreetako batzuen barri emoten jaku.

Itsas gudaldia 1937ko martiaren 5ean jazo zan, Matxitxako lur muturraren aurrean, egun haretan Francoren matxinatuen aldeko Canarias kruzeroak Bilborako bidean zan eta Euskadiko Itsas Armadako bouen babesean etorren konboi bati eraso egin eutson. Nabarra ontziak hiru orduz Canarias kruzeroari aurre egin eutson baina azkenean galdu egin zan hondoratuta Matxitxako aurrean. Itsas gudaldian Nabarra bouaren eskifaia osotzen eben 49 marineletik 30 hil ziran.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu