Amparanoiak amaierea emongo deutso hamar urteko ibilbideari

Bizkaie! 2008-02-07 13:47   Musikea

Martiaren 25ean argitaratuko daben 'Seguiré caminando' lanagaz eta 'Bye Bye Tour' izeneko kontzertu-bireagaz emongo dabe amaitutzat euren ibilbidea.

Martiaren 25ean argitaratuko daben 'Seguiré caminando' lanagaz eta 'Bye Bye Tour' izeneko kontzertu-bireagaz, Anparanoia taldeak amaitutzat emongo dau taldearen ibilbidea.

'Seguiré caminando' lanak CD bi eta DVD bi batuko ditu. Bartzelonako Apolo aretoan 2006ko zemendian emondako kontzertua jaso dabe CD batean eta kanta bitxi batzuk bestean. Bestalde, DVDetan emonaldi hori eta 60 minutuko dokumental bat (Antes de hoy) ikusi ahal izango dira. Ganera, Amparoren eta bere taldearen argitaratu bako irudi eta argazkiak sartu ditue bertan.

'Eskerrik asko, eskerrik asko. Zer gehiago esan neike. Bai, zeozer esan neike: amesak egia bihurtzen dira', adierazo dau Amparo Sánchez abeslari granadarrak. 'Itsasontzi honen kapitaina izanda, ekatx gogorrei, kontrako haizeteei eta tripulazinoan baja batzuei' aurre egin behar izan deutsie Amparok. Halanda be, 'hori bidaiaren parte' dala ganeratu dau, baita 'penak baino poz gehiago eta malkoak baino irribarre gehiago' izan dituala be.

1996an, Lavapiés auzoko taberna bateko ahozapi batean 'Paranoia, Amparo, Power Machín' berbak idatzi zituan Amparok eta, orduz geroztik, zazpi disko argitaratu ditu Amparanoia taldeak. 1997 urte amaieran, lehen diskoa kaleratu eben 'El poder de Machín' izenburupean. Horren ostean etorri ziran 'Feria Furiosa' (1999), 'Somos viento' (2002), 'Enchilao' (2003), 'Rebeldía con alegría' (2004) eta 'La vida te da' (2006).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu