Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak 2.129.339 lagun ziran 2006an

Bizkaie! 2008-01-31 13:28

2001 eta 2006 artean biztanleriaren hazkunde orokorra eta joera-aldaketea dagoz, 1980ko hamarkadan hasitako biztanleriaren murrizketea atzean itxita. 2001ean igarten zan biztanleriaren bizkortzea baieztatu egin da, Eustatek jakinarazo dauenez.

EAEko biztanleak 2.129.339 lagun ziran 2006. urtean, Eustatek egindako 2006ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estadistikearen arabera. 2001 eta 2006 artean biztanleriaren hazkunde orokorra eta joera-aldaketea dagoz, 1980ko hamarkadan hasitako biztanleriaren murrizketea atzean itxita. 2001ean igarten zan biztanleriaren bizkortzea baieztatu egin da, Eustatek jakinarazo dauenez.

Arabak % 6,8ko hazkundea izan dau eta 1996-2001 urteetako igoerari eutsi deutso. Hogei urteetan lehenengo aldiz, Gipuzkoan (% 1,9) eta Bizkaian (% 1,3) biztanleria hazi egin da.

Eskualdeka, egoerea indartu egin da 2001aren aldean. Debagoiena (%-1,7) eta Debabarrena (%-0,7) izan dira biztanleak galtu dituen bakarrak, aurreko bosturtekoaren aldean. Hazkunderik handienak, barriro be, Arabako Ibarrak (% 17,8), Gorbeia Inguruak (% 16,9), Arabako Errioxak (% 12,4) eta Plentzia-Mungiak (% 12) ditue; danek erraz gainditu dabe EAEko batez besteko hazkundea (% 2,2).

Lau udalerritatik hirutan hazi da biztanleen kopurua, baina batez be txikietan. Herritarrek uriguneetatik kanpoko densidade txikiko espazioetara jo dabe. Horixe gertatu da gehien hazi diran bi udalerrietan: Erribera Beitian, kilometro koadroko 6,1 biztanle eta % 41,5eko hazkundea; eta Zambranan, 16,9 biztanle kilometro koadroko eta % 31,5eko hazkundea.

Hamar mila biztanle baino gitxiagoko udalerrietan % 5,2 da hazkundea eta 212 udalerrietatik 171tan gertatu da, ia % 81ean; 10.000 eta 40.000 biztanle arteko 30 udalerrietan 18k hazkundea izan dabe, baina txikiagoa da (% 1,4); 40.000 baino gehiago seik ditue hazkundeak eta bakarrik Irun (% 6,2) eta Barakaldo (% 2) hazi dira. Uriburuei jagokenez, 2001aren aldean, gitxi hazi dira Bilbo (% 0,3) eta Donostia (% 1,2). Gasteizko hazkundea (% 5,9) txikiagoa da aurreko bosturtekoa (% 8,7) baino.

Udalerri jentetsuenen artean bada multzo bat, betidanik industriagaz lotutakoa, beherantz jarraitzen dauena. Ondokoak dira: Bizkaian, Sestao (%-7,4), Portugalete (%-5,8), Basauri (%-4,2) eta Ermua (%-3,8); Gipuzkoan, Arrasate (%-5,7), Soraluze (%-4,4) eta Eibar (%-3,6); Araban, Laudio (%-3).

2001-2006 artean urtebete baino gazteagoen hazkundea (% 16,5) nabarmentzen da, bai eta 1-4 urte bitartekoena be (% 13,6).

Ez dago alde handirik herrialdeen artean. Bizkaiak dauka zaharrik gehien (% 19,2 65 urtetik gorakoak dira); Gipuzkoak gazterik gehien (% 17,3 dira 20 urtetik beherakoak) eta Arabak dauka potentzialki aktiboen ehunekorik handiena (% 66,6).


Atzerritarrak

2001-2006 aldian boliviar eta errumaniar talde garrantzitsuak etorri eta lehendik egozan nazionalidadeak indartu egin dira. 2001-2006 aldian 95.313 atzerritar egozan, EAEko biztanleen % 4,5; 2001ean, barriz, 31.167 ziran.

Talderik jendetsuena lan-adinean dator, 20 eta 40 urte bitartean. Gehienak (% 43,8) Hego Amerikatik datoz, eta gehien bat emakumeak dira, Kolonbia, Bolivia eta Ekuadorrekoak. Bigarren multzoa europarrak dira (% 27,8), batez be Errumania eta Portugalgo gizonak.

Sei nazionalidade jentetsuenetatik lau baziran 2001ean. Hazkunderik handiena boliviarrena da: 125 persona 2001ean eta 8.961, barriz, 2006an, % 72 Bilbo Handian. Errumaniarrak 582tik 7.934ra pasau dira eta sakabanatuago dagoz. Arabak dauka etorkin ehunekorik handiena (% 6,3), eta bertako udalerrien artean Mañuetak (% 14) eta Lezak (% 11,3).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu