Gary Lucas gitarristeak kontzertu bi eskainiko ditu Bizkaian zezeilaren hasieran

Bizkaie! 2008-01-21 17:55   Musikea

Lehenengo emonaldia Markinako Uhagon kulturgunean izango da, zezeilaren 1ean; egun bi geroago, zezeilaren 3an, Bilboko Euskalduna Jauregian joko dau.

Captain Beefheart eta Jeff Buckley musikariakaz jo dauen Gary Lucas gitarrista estadubatuarrak kontzertu bi eskainiko ditu Euskal Herrian zezeilaren hasieran. Lehenengo emonaldia Markinako Uhagon kulturgunean izango da, zezeilaren 1ean; egun bi geroago, zezeilaren 3an, Bilboko Euskalduna Jauregian joko dau.

Gary Lucas 9 urte zituala hasi zan gitarrea joten, bere aitak animauta. 1960ko hamarkadan mueta guztietako banda ugaritan jo eban. Unibersidadeko bere bigarren urtean, New Yorkera joan zan lagunakaz Captain Beefheart bere heroiaren kontzertua batera. Kontzertu honek bere bizitzea aldatu eban.

Bere buruari noizbait musikari izatekotan Beefheart's Magic Band taldeagaz izango zala zin eginda, Gary Lucasek Beefheart (Don Van Vliet) ezagutu eban. Hainbat kontzertutan izan ostean, Gary Lucasek gitarrea joten ebalaa esan eta banda magikoaren parte izateko eskatu eutson.

Urteak joan ziran amets hori egia bihurtu zan arte; bitartean, Leonard Bernsteinegaz gitarrea joteko kontratau eben bere Vienako Mezaren Premiere-rako 1973an, Yaleko Orkestra Sinfonikoagaz eta abeslari eta jantzariakaz batera.

AEBtara bueltau eta Captain Beefheartera taldeagaz joten hasi zan 'Doc at the Radar Station' eta 'Ice Cream for Crow' diskoetako 'Flavour Bud Living' eta 'Evening Bell' abestietan. Lan horrek gitarrista onaren famea emon eutson eta prentsaren kritika onak jaso zituan, beti be gitarrista legez hasieran eta sortzaile legez ondoren.

Magic Bande taldeagaz 1980ko hamarkadan Europan bira bat egin ostean, Beefheartek erretiroa hartzea erabagi eban, pintureari ekiteko. Ostean, Gary beste artista batzuen diskoak produziduten hasi zan, Peter Gordon eta Tim Berne musikari eta konposatzaileen disko arrakastatsu bi produzidu zituan, CBS Masterworks eta Columbia Recordsentzat, hurrenez hurren.


Bakarka

1988an, Garyk bere bakarkako ikuskizuna sortu eban New Yorken eta arrakastea berehalakoa izan zan. Kritika oso onak jaso ostean, hainbatetan izan zan atzerrian joten.

Mundu guztian zehar egin ditu birak, bakarrik eta talde desbardinakaz, baita Gods and Mosters bere ohiko taldeagaz be, Jeff Buckley kantari handiagaz batera. Gary Lucasek Jeff Buckleyren abesti handienetariko bi idatzi zituan beragaz batera: 'Grace' eta 'Mojo Pin'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu