Bilboko Aratusteetan, Iñaki Astigarraga izango da Farolin eta Nati Ortiz de Zarate Zaranbolas

Bizkaie! 2008-01-21 11:13

Farolin arlo publiko edo profesionalean izena lortu dauen bilbotarra da; Iñaki Astigarraga kazetari, berbalari eta aurkezle ezagunak beteko dau lan hori aurten.

Zarambolas, barriz, gibel-handi bat da, Bilboko uritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez deutsona. Nati Ortiz de Zarateri emon deutsie lan hori.

Bilboko Jai Batzordeak Aratusteetako Farolin eta Zarambolas nortzuk izango diran erabagi dau. Iñaki Astigarraga kazetari, berbalari eta aurkezle ezaguna izango da Farolin; Zaranbolas, barriz, bilbotar aktore eta jantzi-diseinatzaile Nati Ortiz de Zarate.

Farolin arlo publiko edo profesionalean izena lortu dauen bilbotarra da, nahiz eta, antolatzaileen esanetan, 'ez dauen zertan Bilbon jaiotakoa izan behar, bilbotarrok nahi daben lekuan jaioteko ahalmena dabelako'. Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen dauen pertsonaia da.

Zarambolas, barriz, gibel-handi bat da, Bilboko uritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez deutsona. Ondo bizitea gustetan jakon jauntxoa, 'carpe diem' esamoldeak laburbiltzen dau bere biziteko erea.

1984ko Aratusteetan ezarri zan lehenengoz Farolin eta Zarambolasen epaiketea Bilbon, Inauteri tradizional eta baserri girokoetan ohikoa zan urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodietea. Bilbon gaiari ikutu txirenea emotea erabagi zan, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia apurtu eta umore ikutua emoteko, herritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agirian ixteko.

Farolin eta Zarambolasen arteko ohiko epaiketea zezeilaren 1ean egingo da, 19:30ean, Bidebarrieta liburutegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu