Orkestrak web orri barria abiarazo dau

Bizkaie! 2008-01-17 14:33

Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren ekimena da Orkestra, Deustu Fundazinoaren barruan dagoana. Deustu Fundazinoa gizartera jakintza zientifikoa eroateko erakundea da.

Atari barriak, irudi barrituagaz, eskainitako edukiak zabaltzen ditu eta Institutuaren inguruan eta lau jakite alorretan egiten diran jardueren inguruan informazino esanguratsua eskaintzen dau: Klusterrak, eskualdeko garapena eta barrikuntzea, Ekintzailetzea, Estrategia eta Ongizatea.

Gaur eguena, urtarrilak 17, jarriko da abian Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren web orri barria,
www.orkestra.deusto.es
. Webaren helburua da Orkestra ezagutzera emoteko bitarteko izatea, Institutuaren jardueretarako komunikazino lanabes moduan erabiltea eta jakite arloen edukientzako erreferentziako baliabideen iturri erabilgarria bihurtzea.

Orkestrako zuzendari nagusi Alejandro Ruelas-Gossik adierazo dauen legez, orriaren diseinuak informazino esanguratsu guztira erraz heltzeko modua eskaintzen dau eta Orkestraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna hobetzen lanean ari diran eragile guztien arteko komunikabide eta alkarrekintzako bitarteko nagusi bihurtu nahi dau. Era berean, argitalpenen inguruko informazinoa jasoteko eta kontsultak egiteko edo Orkestraren aztergaiei lotutako ekitaldietara joateko bidea be eskainiko dau.

Web orriaren diseinuak barrikuntza asko dakarz. Lehenengo, Ikerkuntzako Arloen eta ikertzaileen taldea osotzen daben profesionalen protagonismoa lehenetsi nahi izan da, horreek baitira Institutuaren bizkarrazurra. Bigarren, Institutuari eta Nazinoarteko Sareei buruzko informazinoa topau ahal izango da.


Baliabide erabilgarriak

Orriaren zerbitzu nagusietako bat da newsletter batean izena emoteko aukerea. Era horretara, aldiro-aldiro jarduerei, argitalpen barriei, hitzaldiei eta abarri buruz informazinoa jaso ahal izango da.

Arlo bakotxari jagokon informazinoa zabaltzeko, Orkestrak Institutuaren barruan sor daitekezan albiste interesgarriak argitaratu eta eguneratuko ditu. Erabiltzaileentzako lotura interesgarrien atala be izango da, baita ekitaldien agendea be. Horren barruan, jarduera bakotxean parte hartzeko modua emongo da aditzera.

Lehenengo atalaren barruan, EAEko Lehiakortasunaren lehenengo Txostenaren aurkezpena nabarmendu behar da. Interesa daben guztiek txostena eskatu ahal izango dabe, web orrian bertan. Orkestrak eskatzen dabenei txostena bialduko deutse.


Hurrengo jarduerak

Hurrengo asteetan izango diran jarduerei buruz, datorren urtarrilaren 24an Institutuak David B. Audretsch irakaslearen bisitea jasoko dau. Audretsch irakaslea Max Planck Institute of Economicseko zuzendaria da Jenan, Alemanian eta berbaldia eskainiko dau. Zezeilaren 28an, Soumitra Dutta irakaslea izango da Donostian, barrikuntzearen alorreko aditua, teknologia abiapuntu hartuta. E-Businesseko eta Informazinoaren teknologiako irakaslea da eta Hezkuntza Exekutiboko dekanoa INSEADen. Duttak mintegi bat zuzenduko dau eta hitzaldia eskainiko dau sektoreari buruz, Orkestragaz batera.

Horrezaz gan, Orkestrak lanean jarraitzen dau erabiltzaileei zerbitzu bereziak eskaintzeko eta atariari lanabes barriak eransteko. Ataria MOC ikastaroko (Microeconomics of Competitiveness) sarbidea da, sarean eskaintzen dana 5 kontinenteetako ospe handiko nazinoarteko 50 zentrogaz batera, Michael E. Porter irakaslearen eta Harvard Unibersidadeko Institute for Strategy and Competitivenesseko taldearen lankidetzeagaz. Informazino zabalaz gan, matrikulea egiteko argibideak be web orrian dagoz. Izan be, 2008ko Donostiako edizinoa datorren apirilaren 4an hasiko da eta Bilbokoa irailaren 5ean.


Orkestraren eginkizuna

Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren ekimena da Orkestra, Deustu Fundazinoaren barruan dagoana. Deustu Fundazinoa gizartera jakintza zientifikoa eroateko erakundea da.

Orkestraren eginkizuna da agente sozioekonomikoak orkestratzea, EAEko ekonomia lehiakorra bihurtzeko prozesuan, bertako herritarren bizitza maila modu esanguratsuan eta iraunkorrean handitu ahal izateko.

Ideien laborategi moduan sortua, Orkestraren aktiborik garrantzitsuena talentuaren erreserbea da: nazinoarteko ikertzaileen taldea (bertakoak eta bisitariak), ahots barriak, alkarrizketa barriak, ikuspegi barriak, grina barriak eta esperimentu barriak ekarten dituenak. Negozioak, politikak eta ekimenak ulertzeko modu barriak eskaintzen deuskuez; ikuspegi barriak proposatzen ditue eta, batez be, agente gakoen arteko alkarrekintzea aberastuko daben inguruneak sortzen laguntzen dabe; eztabaidea, jakintza eta etorkizunaren ikuspegi partekatua sustatzen dabe.

Orkestratzeak alkarregaz zeozer egitea esan nahi dau; orkestratze estrategikoak baliabideen konbinazino barriak osotzea esan nahi dau, oraindino erantzunik bako behar bat asetzeko: lankidetzea eta barriro asmetea bi printzipio horreek izango dira EAEn lehiakortasuneko maila sofistikatuagoetara igarotzeko bidearen bultzatzaile.

Euskal ekonomia eraldatzeko prozesua orkestratzeko lana aurrera eroateko, Orkestrak oinarri hartuko dituan jarduerak hiru atal handitan bil daitekez. Ikerkuntzea, prozesuetan parte hartzen daben aldagai guztien dinamikea zorroztasun metodologikoagaz ulertzeko prozesua, etorkizunerako nahi doguzan errealidadeak aurreikusi ahal izateko. Alkarrekintzea, ikusgai izateko eta agenteakan eragiteko gaitasuna, eztabaiden, argitalpenen, diziplina garrantzitsuetan artearen egoerearen inguruko mintegien, biltzarren eta alkarrizketen bidez, besteak beste. Heziketea, jakintza antolatua eta transferidu daitekeena. Hiru atal handi horreetatik ataraten diran jarduera guztien ezaugarria da balioaren proposamen berezia dabela eta ulertzeko errazak dirala; holan, eragina izateko ahalmen handiagoa dabe. Baina, era berean, barruko diseinuari begiratuta, konplexuak dira eta imitetako oso gatxak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu