'Sabino Arana 2007' sariak urtarrilaren 27an emongo ditue Arriagan

Bizkaie! 2008-01-17 14:29

Santiago Carrillo PCEko idazkari nagusi ohia; Jose Maria Bengoa doktorea eta nutrizinoaren arloko nazinoarteko espezialistea; Cristina Iglesias eskultorea; Almudena Cid gimnastea; eta Vicinay Cadenas euskal enpresea aukeratu ditu Sabino Arana Fundazinoaren Patronatuak Sabino Arana Sarien XIX. edizinoan saridunak izateko.

Santiago Carrillo PCEko idazkari nagusi ohia; Jose Maria Bengoa doktorea eta nutrizinoaren arloko nazinoarteko espezialistea; Cristina Iglesias eskultorea; Almudena Cid gimnastea; eta Vicinay Cadenas euskal enpresea aukeratu ditu Sabino Arana Fundazinoaren Patronatuak Sabino Arana Sarien XIX. edizinoan saridunak izateko. Fundazinoak urtero emoten ditu sariak, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen urteurrena ospatzeko.

Urtarrilaren 27an, domekea, 12:00etan Bilboko Arriaga antzokian Sariak emoteko egingo dan kultur ekitaldian Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izango da buru; ganera, Euskadi osoko politika, gizarte, kultura eta kirol arloetako ordezkari ugari be egongo dira, besteak beste: Iñigo Urkullu, EAJ-PNVren Euskadi Buru Batzarreko lehendakaria; Bilboko alkate Iñaki Azkuna; Izaskun Bilbao, Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria; Jose Luis Bilbao eta Xabier Agirre, Bizkaiko eta Arabako diputatu nagusiak, hurranez hurran.

Bilboko kontsuletxeetatik, Derek Doyle, britainiar kontsula, Gerard Guilloneau Frantziako kontsula eta Luis Mª Cañada Norvegiakoa be etorriko dira.

Frente Polisarioren Euskal Herriko ordezkaria, Mohamed el Mamun; Ander Manterola eta Gurutzi Arregi, Labayru Ikastegikoak; Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria; Jon Ortuzar Euskalduna jauregiko zuzendaria. BBKtik etorriko dira Juan Maria Saez de Buruaga zuzendari nagusia eta Jon Mancisidor; Adrian Zelaia, MCCkoa; Andres Urrutia eta Adolfo Arejita, Euskaltzaindiaren ordezkari moduan; Iñaki Goirizelaia EHUkoa.

Aurreko urteetan saritutakoen artean, aurten hurreratuko diranak: Cecilio Gerrikabeitia Bilboko Koral Elkarteko lehendakaria; Karmel Onandia, ONA Electroerosiónekoa. etab.

Kultur jaialdian izango diran beste ordezkari politiko batzuk: Miren Azkarate, Gabriel Inclan, Andoni Ortuzar, Josu Erkoreka, Margarita Uria, Iñaki Anasagasti, Javier Makeda, Joseba Zubia, etab.

Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak eta zuzendari Irune Zuluagak adierazo daben legez, Sabino Arana Sarien XIX. aldi honetan Sabino Arana Fundazinoaksaritutako personen ganeko datuak emon ditue.

Fundazinoak Jose Maria Bengoa nutrizino arloko nazinoarteko espezialistearen lanbidea eta giza ibilbidea saritu gura ditu. 'Agirre lehendakariaren Gobernuko Osasun Sailean hasi zituan zerbitzuez eta zereginez gan, 65 urte baino gehiagoz munduko gosearen, bidegabekeriaren eta pobreziaren kontra burrukatu eban'.

Sabino Arana Fundazinoak Vicinay Cadenas enpresa bizkaitarraren lana be goretsi eta eskertu gura izan dau. Vicinay Cadenas urganeko plataforma handiak ainguratzeko munduko katea-fabrikatzailerik handiena da. 'Enpresa horrek burdinaren eta altzairuaren industrian 250 urteko esperientzia dauka. Halanda be, garai barrietara eta teknologia barrietara moldatzen be jakin izan dau', nabarmendu dau Juan María Atutxak.

XIX. edizino honetako beste sari bat Cristina Iglesiasek, 'nazinoarte-mailako gure artistarik ezagunenetakoak' jasoko dau. Cristina Iglesias azken urteotako abangoardiako eskulturearen barritzailetzat dabeeta 'eskultura garaikidea barritzen segiduten dau, irakurketa desbardina egiten'.Eskultore donostiarraren lanetan burdina, brontzea edo zementua agiri dira.

Ondoren, Juan María Atutxak 'txaloa eta goresmena'eskatu ditu, Almudena Cidentzat, 'munduan gimnasia erritmikoan alkarren segidako hiru final olinpikotan lehiatu dan gimnasta bakarra; eta, lehenengo hamarren artean sailkatu dana beti'. Orain, eta Pekin 2008ko Joko Olinpikoetan jokatzeko agiria eskuratuta, 'gasteiztar honek beste errekor bat, beste mugarri bat, lortu leike gimnasia erritmikoaren historian'..

Azkenik, Sabino Arana Fundazinoko lehendakariak Santiago Carrillo Jn.ak Estadu espainolean demokrazia berrezartzeko egindako funtsezko lana eta merituak goraipatu ditu. 'Orain dala 30 urte Espainiako Alderdi Komunistea legeztatzea ekarri eban eztabaidea bultzatu eban eta aitatzekoa da Santiago Carrillok trantsizino baketsuari egindako ekarpena eta beraren gogo adiskidetzailea', adierazo dau.

Sabino Arana Kultur Elkargoak bere saridunei lehen legeko urre trinkozko txanpon bana emongo deutsie, 50 mm-ko diametroduna, Juan Puigdollers eskultore katalan ospetsuak Sabino Aranaren eskultura bat eredutzat hartun ostean egindakoa.

2007ko urtarrilaren 27ko kultur ekitaldia 12:00etan hasiko da Bilboko Arriaga Antzokian. Ekitaldia Andrzej Olejniczak saxofonisteak, Gonzalo Tejada kontrabajuak eta Joaquin Chacon gitarristeak alaituko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu