Antzerki klasikoa eta fusino musikea Bilboko Artelan Berreginen Museoan

Bizkaie! 2007-12-18 14:52

Ekimen honen bidez, museoak sendotu egin dau bere alderdi pedagokiko eta kulturala, egun kokatuta dagoan Bilbo Zaharra auzoaren garrantzi handiko eragile sozio-kultural bihurtzen daben jarduerak antolatuz.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpean sortutako Bilboko Artelan Berreginen Museoak antzerkia eta musikea eskainiko ditu datorren zapatuan Gabonak ospatzeko.

Zapatuan Grezia eta Erroma zaharreko zibilizazinoaren kultur ekarpenaren garrantzia nabarmendu eta egungo gizartean dauen eragina azaltzeko antzerkia izango da. ‘Jatorri klasikoetarako bidaia’ lanak antxinateari buruzko ohi ez bezelako ikuspegia eskainiko deutse bisitariei museoko bilduma iraunkorrak eskaintzen dauen ikuspegiaren osogarri. Ordubete inguruko bi emonalditan (12:30etan eta 18:00etan), zazpi antzezlez osotutako talde batek, publikoari ondo etorria emongo deutson zeremonia-maisu baten gidaritzapean, antzerkia zer dan azalduko dau Sofokles eta Plautoren testuen bitartez, zelan erabilten zituen antxinako zibilizazinoek herri adierazpidetzat eta zelako garrantzia izan dauen mendebaldeko gizartean kultur ondare legez.

’Jatorri klasikoetarako bidaia’ hiru ekitaldi dramatikoz osotutako antzezlana da, eta antzezleek, antxinako aktoreak bezela apaindurik, ikusentzunezko efektuak tarteko dirala jardungo dabe. Lehenengo ekitaldia ‘Ajax’ tragedia grekoan inspirauta dago. Bertan, Sofoklesek Salaminako errege mitikoaren patu heroikoa aztertzen dau Troiako gerrea amaitu eta Akiles hil ondoren.

Bigarren ekitaldian, zeremonia-maisuak eszenatokiaren beraren garrantziaz berba egingo dau, tragediak fenomeno sozial eta kultural bezela dauen garrantzia be azalduz. Azken zatia Erroma garaiko ‘Miles gloriosus’ komedian oinarritzen da, non, Tito Marcio Plautok satiraren ikuspuntutik deskribiduten baititu antzerkiko beste pertsonaia-arketipo baten amodioak: harroputz ahoberoarenak. Idazle grekoa eta erromatarraren arteko konparazinoak kultura klasiko batean eta bestean egozan antzerki-kontzepzio desbardinen arteko aldeak ezagutzeko aukerea eskainiko dau.

Ekitaldi dramatiko horreetako bakotxa museoko solairu batean egingo da, eta horri esker, bisitariek instalazinoak goitik behera ikusteko aukerea izango dabe, bilduma iraunkorreko eskulturez eta Mariaren Bihotza eleiza zaharreko esparru parebakoaz gozetea be erraztuz.


Musikea

Programea osotuz, 19:30etan Gontzal Mendibilen kontzertua hasiko da, eta bertan, sei musikari eta Marifé Nogales sopranoaren laguntzaz, Gabonetako doinu tradizionalak errepasauko ditue. Era berean, Mendibilek euskal musika eta erritmo etnikoen arteko fusinoa eskainiko dau Calabaza Grande talde afrikarraren lankidetzaz.

Bost euroko sarrerea pagauta, ikusleak aitatutako emonaldiakaz disfrutau eta museoko erakusgelak ikusteko aukerea izango dau.

Ekimen honen bidez, museoak sendotu egin dau bere alderdi pedagokiko eta kulturala, egun kokatuta dagoan Bilbo Zaharra auzoaren garrantzi handiko eragile sozio-kultural bihurtzen daben jarduerak antolatuz.

Bilboko Artelan Berreginen Museoa 2006ko zemendian edegi eben barriro Mariaren Bihotza eleiza zaharrean dauen oraingo kokalekuan, eta Bizkaiko uriburuan dagoan museorik aspaldikoenetakoa da. Orain 80 sortua, era honetako museorik onenetakoa da, bilduman dituan artelan berreginen kalidade eta zabaltasunari erreparauta.

Eskultura arloan, garai guztietako artelan handien kopia zehatzak batzen ditu, besteak beste, Samotraziako Garaipena, Milosko Venus edota Migel Angelen Moises. Ia hamar urtez zarratuta egon ostean, gaur egun aparteko eraikin batean kokatu izanaren balio erantsiaz aurkezten da publikoaren aurrean, estilo gotiko barrian diseinautako XIX. mende amaierako eleiza zahar batean, hain zuzen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu