Kontuz hegazkin-konpainien letra txikiagaz

Gotzon Plaza 2007-11-30 11:13

Europako Komisinoak publizidade 'faltsua' ikusi dau hegazkin-txartelak saltzen dituen webguneetan. Lau hilebeteko epea emon deutsie 'akatsak' konpontzeko.

Gabonak hor bueltan dagoz, Olentzerori sudur puntea ikusten jako. Batzuk oporraldia be izango dogu, edo, behintzat, 'zubia'. Ordurako, aukera ugari dagoz: batzuk Durangoko Azokara hurreratuko dira eta beste asko Londonera joango dira bertako gabon giroa ikusteko eta, akaso, erosketak egiteko. Edo nonor hozkila bada, bidea zabalik dauka eguzkitan egoteko, bai Kanarietara joanda edo, ausartenak, Karibera. Etxetik urten barik be kontratau daiteke bidaia bat Internet bidez eta gu, modernoak garanez, hori egingo dogu.

Dozenaka webgune dagoz bidaia-txartelak erosteko. Txartela, hotela, apartamentua edo kotxea. Txartel merkeak eskaintzen dituen hegazkin konpainia batean sartu eta ia-ia doban joan gaitekez munduko beste puntaraino! Hori irakurri dogu eta burubelarri sartu gara webgunean.

Oraingoan hegazkin-konpainien inguruan egingo dogu berba, Internetez txartelak saltzen dituenen ganean. Izan be, Europako Komisinoak publizidade 'faltsua' ikusi dau hegazkin-txartelak saltzen dituen webguneetan. Gaia ez da ez prezio merkeko enpresetara mugatzen, ez, enpresa 'normaletan' be holakoak jazoten dira.

Arazoa nahiko larria da ze Europako Komisinoak ikerketa orokorra egin dau. Zeintzuk izan dira ikerketa horren ondorioak? Bezeroontzako bape onak.

Betiko leloa: Interneten dagoan guzti-guztia ez da benetakoa. Eta, Internetetik kanpo be, iragarkietan ikusten dogun guztia ez da egia. Ez dakit zein produktu erosita ez gara zoriontsuagoak, indartsuagoak, azkarragoak edo ederragoak izango. Publizidadean, egia eta guzurraren marrea kili-kolo dago.

Baina goazen harira. Baten bati jazoko jakon, seguruenik, web batera sartu, hegaldi 'merkea' aukeratu eta erosterako unean, horra hor ezustekoa: 'gehigarriak'. Tasak eta aseguruak, berbarako. Sarritan, hasierako orrian prezio bat ikusten dogu eta handik orri batzutara eta klik batzuk geroago, prezio hori bikoiztu egin da (magiaren bitartez edo). Beste kasu batzuetan, asegurua modu automatikoan gehitzen jako txartelaren prezioari eta bezeroaren esku egon behar leuke asegururik gura dauen ala ez aukeratzea. Besteetan, konpainia beste herrialde batekoa danean, 'letra txikia' ez dago bezeroaren hizkuntzan eskuragai.

Ikerketeak 447 webgune aztertu ditu eta, 226tan, aitatutako 'akatsak' topau dira (erdia). Bezeroaren Babeserako Europako komisarioa dan Meglena Kuneva anderearen esanetan, 'emoitza hori onartezina da'. Esan eta ekin. Lau hilebeteko epea emon deutsie hegazkin enpresei eta agentziei 'akatsak' konpontzeko. Epea amaitzen danean, martian, bardin jarraitzen badabe, neurri gogorrak hartzeko prest dagozala adierazo dau. Ikusteko dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu