Enas mungiarren punk-rock zikina
2007-11-28 14:50 MusikeaMungiatik datorren laukoteak lehenengo diskoa atara dau. Oinarrian, punk-rock estiloa jorratzen dabe baina, taldekideek azaldu daben legez, 'melodietan ikutu suabeagoak igarten dira'. Aurkezpena gaur egin dabe Bilbon.
Mungiatik dator Enas laukotea. Taldekideak Andoni Markaida gitarrea eta ahotsa; Unai Trabudua bajua; Iker Barron gitarrea; eta Ibon Zelaia bateria dira. Orain dala urte eta erdi inguru alkartu ziran. Talde desbardinetan topau daiteke euren jatorria eta, alkarregaz saiakera batzuk egin ostean, taldea osotzea erabagi eben. Gaur, euren lehenengo diskoa aurkeztu dabe, Bilbon.
Oinarrian, punk-rock estiloa jorratzen dabe baina, Markaidak azaldu dauen legez, 'melodietan ikutu suabeagoak igarten dira'. Zelaia be gustura agertu da taldearen estiloagaz, 'orain arte hainbat taldetan egindako ibilbidearen ostean, disko honen estiloagaz nire amesa bete dodalako'.
Lana osotzen daben hamabi kantak euskeraz dagoz eta letrak danen artean egin ditue, 'asko azkenengo momentuan moldatu behar izan doguz, grabau baino minutu batzuk lehenago', azpimarratu dau Markaidak.
Taldearen izenaren jatorria zeozer bitxia da, izan be, berba horren ezaguna izan ez arren, enas berbeak zikin esan gura dau, 'antxina, emakumeen azpikogonea zikintzen zanean erabilten zan berbea da; horregaitik aukeratu dogu taldearen izen moduan, zikin esan gura dauelako eta, zeozelan, berba horrek gure estiloa definiduten dauelako', azaldu dau Zelaiak.
Diskoa Mungiako Lamina Estudioetan grabau dabe Natxo Libertyren esanetara. Masterizazinoa, barriz, Calgaryko (Kanada) InfiniteWave estudioan eginda dago.
Kontzertuak
Oraingoz, kontzertu bakarra berbatu dabe, abenduaren 22rako, Bermeoko ikastetxeek antolatzen daben emonaldi batean.
Talde legez orain dala gitxi hasitakoak diranez, zuzenekoak egin gura ditue euren arteko loturea indartzeko eta, holan, emonaldiak hobetzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!