Ikastolen Elkarteak jokoen katalogoa osotuko daben sei produktu aurkeztu ditu

Bizkaie! 2007-11-27 10:35

'Bokalak', 'Euskal Alfabetoa', 'Txinpartagailua', 'Hitzen Lotoa', 'Bingoa' eta 'Olentzeroren panpina' dira joko barri horreek. Proiektu honen helburua 'gure herri tradizinoan oinarritutako baliabide didaktikoak eta ohiko joko didaktikoak euskeraz garatzea da'.

Ikastolen Elkarteak 1991-1992 ikasturtean martxan jarritako egitasmoak frutu barriak emon ditu. Katalogoa osotuko daben sei produktu barri aurkeztu ditue: 'Bokalak', 'Euskal Alfabetoa', 'Txinpartagailua', 'Hitzen Lotoa', 'Bingoa' eta 'Olentzeroren panpina'. Aurkezpenean, Nerea Arregi Ikastolen Elkarteko jokogintza arduraduna; Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria; Manu Aurrekoetxea Bizkaiko Ikastolen Elkarteko zuzendaria; eta, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendaria izan dira.

'Euskeraz jolastu, euskeraz bizi' lelopean aurkeztutako jokoak 'baliabide garrantzitsua dira hezkuntzan', adierazo dabe ordezkariek. Batetik, adin bakotxari jagokozan gaitasun orokorrak garatzen laguntzen dabelako; eta, bestetik, Euskal Curriculum Proiektua dalakoagaz loturea dabelako irakasmaila bakotxean erabilten diran jokoek. Holan, 'kontzeptuak eta prozedurak lantzeaz gan, baloreak be transmitiduten dira, edozein baliabide didaktikotan legez'.

Proiektu honen helburua 'gure herri tradizinoan oinarritutako baliabide didaktikoak eta ohiko joko didaktikoak euskeraz garatzea da'. Lan honen lehenengo frutuak Olentzerorilotutako materialak izan ziran. Orain, 'hezkuntza-joko ugari ditugu katalogoan'. Hona hemen aurkeztu barri dituen materialen laburpentxua:


'Bokalak'

Hiru urtetik aurrerako umeei zuzendutako jokoa da. Bi zatiko hamar puzzlek osotzen dabe, aurretik zein atzetik olgetako. Puzzlearen zati batean 10 bokal ahokagarri dagoz, zati batean sartzeko. Zati danak mahai ganean jarten dira, nahastauta. Umeak bokal bakotxa jagokon lekuan sartu behar dau lehenengo. Gero, gainontzeko atalak begiratuta, alkarregaz lotu behar ditu bokal bakotxa eta jagokon irudia.


'Euskal Alfabetoa'

Hiru urtetik aurrerako umeei zuzendutako jokoa da. 28 zatiko puzzleak, sartzeko eta atarateko 27 irudi ahokagarrik eta 27 foamezko letrek osotzen dabe. Siluetak eta letrak dagoz joko honen oinarrian.


'Txinpartagailua'

Alde bietatik euskeraz eta ingelesez idatzitako 40 txartelek osotzen dabe jokoa, 6 galdera-multzotakoak. Galderak egin ostean, erantzuna zuzenda dan ala ez ahots batek esango dau, lehenago atzamarragaz erantzunaren ganeko bonbilatxua ikututa.


'Hitzen lotoa'

Hau be hiru urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago. Euskeraz eta ingelesez, lau taulak eta 36 fitxak osotzen dabe. Irudiak taulan jagoken lekuan jartea da helburua, beste irudi bategaz zein berba bategaz.


'Bingoa'

Bost urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago eta, ohiko Bingo jokoaren funtzionamentuaz gan (bolatxuak, fitxak...), bi DVDri esker be olgau daiteke.


'Olentzero panpina'

Hamar hilabetetik aurrerako umetxuei zuzenduta dago. Panpina biguna da eta olgetako zein apaingarri moduan erabil daiteke. Ganera, Olentzeroren inguruko informazinoa eskaintzen dauen liburutxua dakar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu