Ubidetik Zeanurira galtzadan zehar
2007-11-08 11:04Zeharkaldiaren helburuak hiru dira: Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea; zeaniztarrei zein ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak –eta bereziki Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea– ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.
Ubide-Zeanuri. Larreen Mankomunidadearen I. Zeharkaldia zemendiaren 24an, zapatuan, egingo da Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai, eta Ubideko Amexier eta Ortuzar alkarteek antolatuta, eta udalerri bietako Udalen, Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartearen eta BBKren laguntzinoagaz.
Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea; bestetik, zeaniztarrei zein ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta bereziki Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.
Udalbatza bien batzarra
Orain dala gizaldi batetik Zeanuriko eta Ubideko Udalak alkartu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean, udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Jarraian, batzar agiria sinatu eta bi Udaletako zinegotziek batera bazkaltzen dabe. Urtero errepetiduten dan ohiturea eta betebeharra da. Antza, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek historian zehar izandako gorabeherei eta istiluei amaierea emoteko adostutako akordioa da.
Urtero egiten da Udalen batzar hori nahiz eta bere jatorria ezezaguna izan ubidar eta zeaniztar gehienentzat. Beraz, ikerketa sakona, edo gitxienez zehaztasuna beharko leuken jazoerea da. Hori da etorkizunera begira antolatzaileek planteau daben beste erronka bat.
Zeharkaldiaren urteerea Ubideko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan, eta ibilbide osoa egiten dabenek 12 kilometro inguru beteko ditue. Plazatik abiatuz, Erdi Aroko galtzadeak jarraitzen eban bidetik joango dira parte-hartzaileak, eta bigarren kilometroan galtzadearen arrastoak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe. Tarte hori amaitu ostean, jaitsierea hasten da Saldroporantz zuzentzeko; hemen Otsarretako pagadiaren ondotik, Lapursasitik igaro eta Txareta ingurura arte paraje zelaietan ibiliko dira, Ipiñaburu auzunerantz joteko; aurbeherea hasi bezain laster arbelgune bat azaltzen da, eta gizaldietan zehar gurdiek itxitako gurpil-markak ikusi daitekez bertan. Aldain auzunetik igarotzerakoan galtzadatik etozan zaldien posta-etxea egoan ondotik igaro eta Undurraga auzunean sartzen da bidea. Undurragan urtegiaren eskoiko ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek, azkenik Zeanuriko plazara heltzeko.
Zeharkaldia burutzerakoan, hamabiren bat kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina ziur hitzorduari erantzutea mereziduko dauela, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare historiko-etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoienean naturak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ubide-Zeanuri. Bazka-Larreen Mankomunidadearen I. Zeharkaldiari amaierea emoteko 13:00etan, udaletxepeko aretoan Ubide eta Zeanuriko zinegotziek batzarra egingo dabe; batzar horretan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen zenbakiak azaldu eta kontuak egingo ditue, eta amaieran bilera agiria sinatuko dabe, danak batera bazkaltzera joan aurretik. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina oraingoan Ubiden, eta bazkaria pagetea ubidarrei egokituko jake.
Ibilaldiari buruzko zehetasunak
* Izena emotea: Ubideko plazan, debalde.
* Autobus zerbitzua (debalde):
- 09:15ean Zeanuriko plazatik Ubidera, zeaniztarrak edota Zeanurin kotxea ixten dabenak abiapuntura eroateko.
- 13:30etan: Zeanuritik Ubidera, ubidarrak edota Ubiden kotxea itxi dabenak eroateko.
* Urteerea: 10:00etan.
* Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Ordu bi eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
* 13:00etan: Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra bazka-larreen mankomunidadearen kontuak egiteko eta batzar agiria sinatzeko.
* Antolatzaileak: Ipizki Taldea, Joko Alai Elkartea, Amexier Mendi Elkartea eta Ortuzar Ubideko Gazte Asanblada.
* Laguntzaileak: Zeanuriko Udala, Ubideko Udala, Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartea eta BBK.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!