Gontzal Mendibilek Aita Arruperi gorazarre egingo deutso

Bizkaie! 2007-11-07 14:42   Musikea

Euskal konpositoreak agertokietarako egindako azken lana, 'Arrupe nire isiltasun hau', zemendiaren 14an izango da ikusgai Bilboko Euskalduna Jauregian, 20:00etan.

Aita Arruperen jaiotzaren 100. urteurrenean, 'Arrupe, nire isiltasun hau' izenburupean, 90 aktore eta figurante baino gehiago izango dira Bilboko Euskalduna Jauregiko taula ganean zemendiaren 14an, 20:00etan. Igor Yebra jantzaria, Donostiako Orfeoia, Ludvig Orkestra Sinfonikoa, Oreka TX, Oksana Kucheruk, Beti Jai Alai jantza taldea, Pascual Molongua, Raquel Urkijo sopranoa, Marife Nogales mezzo-sopranoa eta Bilboko Koral Alkarteko umeak be tartean izango dira, besteak beste.

Izan be, Jesusen Lagundikoa zan Arruperen jaiotzearen 100. urteurrena gogoan hartzeko, Gontzal Mendibilek antzerkia eta musikea buztartzen dituan obra barria aurkeztuko dau.

Mendibilek berak azaldu dauen legez, lanak Aita Arruperen bizitzaren errepasoa egiten dau. Arruperen sentimentuak eta konpromisoa islatzeko abestiak zazpi hizkuntzatan entzun daitekez: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez, alemanez, latinez eta japonieraz.

Ikuskizuna ia hiru ordukoa izango da eta zati bitan banatuta dago: 'batetik, Aita Arrupe Estadu Batuetan eta Japonian izandako urteetakoa; azken herrialde horretan 27 urte egin zituan eta Hiroshimako bonbea bertan bizi izan eban. Bigarren zatian, Arrupek Erroman Jesusen Jeneral legez emondako urteak erakusten dira', azaldu dau Mendibilek.

Musikean oinarrituta, Aita Arruperi eskainitako ikuskizun musikalean batutako diru-kopuru osoa errefuxiatuen laguntzinorako Jesuiten alkarte bati emongo jako. Ikuskizuna, printzipioz, egun horretan baino ez da egingo eta Euskal Telebistak grabauko dau, gero emitiduteko; ganera, 'etorkizunean DVD formatuan be urten leike'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu