Udagoieneko VIII. Ostera abian
2007-11-07 11:59Zirkuitua zortzi emonaldik osotuko dabe, eta horreetako bakotxa Bizkaiko herri batean izango da zemendiaren 9tik abenduaren 1era: Bermeo, Santurtzi, Bilbo, Zalla, Ondarroa, Arrigorriaga, Durango eta Getxo. Euskerazkoa eta erakargarria, kalidadezkoa eta anitza, horrexek dira Udagoieneko Osteraren ezaugarri nagusiak.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzaz, Udagoieneko Ostera kultur zirkuituaren zortzigarren edizinoa abiarazo dau. Zirkuitua zortzi emonaldik osotuko dabe, eta horreetako bakotxa Bizkaiko herri batean izango da zemendiaren 9tik abenduaren 1era: Bermeo, Santurtzi, Bilbo, Zalla, Ondarroa, Arrigorriaga, Durango eta Getxo. Euskerazkoa eta erakargarria, kalidadezkoa eta anitza, horrexek dira Udagoieneko Osteraren ezaugarri nagusiak.
Topagunearen Kulturgintza saileko teknikari Manuel Morenok azaldu dauenez, ‘oso herri desbardinak dira tamainaren zein egoera soziolinguistikoaren ikuspegitik, baina ekimen honegaz erakutsi nahi dogu guztietan egin daitekeela euskerazko kultur eskaintza erakargarria’.
Euskerazkoa eta erakargarria, horrexek dira Udagoieneko Osteraren ezaugarri bi, baina beste batzuk be baditu; antolatzaileek azaldu dabenez, formatu handiko ikuskizunek osotzen dabe beti programazinoa, eta kalidadeari be erreparetan jako. ‘Formatu eta kalidade handiko ikuskizunak eskaintzea da helburua, gainera kultur adierazpide desbardinak buztartuz’, azaldu dau Morenok.
Azken finean, Bizkaiko Kultura Diputadua dan Belen Greavesek azaldu dauenez, ‘zirkuituaren helburua aisialdia euskeraz gozetako aukerea emotea da, bai bizkaitarrei eta bai kanpotik etor daitekezan bisitariei’. Horretarako, eskaintza ahalik eta zabal eta askotarikoena egiten saiatzen dira antolatzaileak.
Udagoieneko Ostera 2007. Egitaraua
- Zemendiaren 9an, 21:00etan, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan, Bertsotramarraskya ‘Lamerako sorgina’, bertsoa eta marrazkia nahasten dituan ikuskizuna. Tramagilea: Xabier Paya; bertsolariak: Etxaun Lekue, Uxue Alberdi, Fredi Paia eta Oihana Bartra; marrazkilaria: Patxi Gallego.
- Zemendiaren 10ean, 20:30etan, Santurtziko Serantes Antzokian, Txalo Produkzinoak taldearen ‘Lapur zuloa’ antzezlana (Joseba Apaolaza, Asier Hormaza, Kontxu Odriozola, Kandido Uranga, Ainhoa Aierbe, Itziar Ituño, Ainhoa Gara, Asier Sota eta Patxi Barco).
- Zemendiaren 15ean, 22:00etan, Bilboko Kafe Antzokian, rock kontzertua Anestesia eta OST taldeakaz (‘Terapia’ eta ‘Ostinato’ diskoakaz, hurranez hurran).
- Zemendiaren 16an, 20:00etan, Zalla Zine Antzokian, Pantxoa eta Peio. ‘Lurra eta maitasuna’ diskoaren aurkezpena.
- Zemendiaren 23an, 22:00etan, Ondarroako Kafe Antzokian, Ander Lipus. ‘Juan Junda & Karabana: Hala mintzatu zen Zapatrusta’ antzezlan komikoagaz.
- Zemendiaren 24an, 21:00etan, Arrigorriagako Lonbo aretoan, ‘Gu ta gutarrak’ (Igor Elortza, Unai Iturriaga, Josu Zabala, Xanpe eta Aitor Rubio; diskoaren aurkezpena).
- Zemendiaren 30ean, 22:00etan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, rock kontzertua: Txuma Murugarren eta Gari; biek diskoa aurkeztuko dabe.
- Abenduaren 1ean, 20:00etan, Getxoko Areetako karpan, ikuskizun multimedia eta musikea Logela eta Gose taldeakaz (‘Mokaua’ eta ‘Gose’ diskoakaz).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!