Hamar denporaldi beteko ditu aurten Elhuyar Fundazinoak ETBrako egiten dauen ‘Teknopolis’ saioak
2007-10-11 14:04Elhuyar Fundazinoak Euskal Telebistarako egiten dauen ‘Teknopolis’ zientzia eta teknologia saioak hamargarren denporaldia beteko dau aurten. Denporaldi barria itxura barrituagaz jarriko da abian eta Maider Eguesen eskutik. Euskal Telebistako bi kateetan urriaren 21ean hasiko da, 20:00etan ETB-1en eta 12:00etan ETB-2n.
Elhuyar Fundazinoak Euskal Telebistarako egiten dauen ‘Teknopolis’ zientzia eta teknologia saioak hamargarren denporaldia beteko dau aurten. Denporaldi barria itxura barrituagaz jarriko da abian eta Maider Eguesen eskutik. Euskal Telebistako bi kateetan urriaren 21ean hasiko da, 20:00etan ETB-1en eta 12:00etan ETB-2n.
‘Teknopolis’ saioaren barrikuntzen artean aurkezle barriarena dago. Maider Egues kazetariak jarriko deutse arpegia zientziaren eta teknologiaren inguruko kontuei aurtengo denporaldian. Arrasatearrak honezkero hirugarren denporaldia osotuko dau telebista saioan.
Programearen zuzendaritzan Beñar Kortabarriak jarraituko dau. Beragaz lanean Eneko Imaz biologoa, beteranoa saioan, eta saioan hasibarriak diren Alaitz Ochoa de Erive eta Zuriñe Ibarrondo kazetariak eta Manex Urruzola injinerua dagoz.
Barrikuntzak ez dira bakarrik lan-taldean gertatuko, programearen estetikan eta edukietan be badagoalako nobedaderik. Denporaldi batzuetan ETBko platoetatik kanpo ibili ondoren, aurten Miramongo estudioetara itzuliko da programea; grabazinoak, beraz, aterpean egingo dira. Saioaren estetika osoa, ez estiloa, barria da.
Programearen edukietan aldaketa nabarmenena gai monografikoak dira, gai bakarrean oinarritutako programak. Horregaz gaietan gehiago sakontzeko aukereari emon nahi jako bide, gaien inguruan egon daitekezan ikuspegiei tokia egiteari.
Gaietan sakontzeagaz batera, ikuslearentzat ikusgarri izateko helburua be badauka saioak, eta horri erantzun nahi deutso ‘Mundu ikusgarria’ izenagaz bataiatu dan atal barriak. Hiru edo lau minutuko bideo batean, munduan zehar dagozan hainbat toki bitxi erakutsiko dira astero, eta ikuslea aho zabalik ixteaz gan, parte-hartzaile be bihurtu ahal izango da, asteroko ‘Ikuslearen galdera’ tartearen bidez. Gainera, parte hartzea areagotu nahi bada, Interneten, programearen webgune barrian, interaktibotasunerako aukerak ugaritu egingo dira.
Bestalde, bederatzigarren denporaldian emondako erreportaje esanguratsuenak DVD batean batu ditue, ‘Teknologiaren gailurrean VIII’ izena dauen DVDan, hain zuzen. DVD honetan lautik zortzira minutu bitarteko 17 erreportaje batu ditue.
Saioaren babesleak Eusko Jaurlaritzako Industria, Turismo eta Merkataritza Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Mondragon Unibersidadea, Euskal Herriko Unibersidadea eta Ingelectric Team enpresea dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!