'Gaztea The Singles' lau haizetara

Saioa Torre Gereketa 2007-10-03 15:51   Musikea

Isozaki Torre baten teilatua (84 metrora) aukeratu dabe euskal 18 kanta esanguratsuenak batzen dituan 'Gaztea: The Singles' diskoa aurkezteko. Euriak itxitako tartetxuari esker, Amaia Monterok eta Mikel Erentxunek, Joserra Senperenaren pianoaren soinuagaz, 'Lau teilatu' kantea abestu dabe.

Euskal musikagintzan hainbat kanta arrakastatsu izan dira. Baina danak ezin dira disko batean batu, larregi izango litzatekezalako. Halanda be, lagin bat hartu eta 'Gaztea: The Singles' diskoa kaleratu dabe Elkar diskoetxeak eta Euskadi Gazteak. Altxor horreen artean, distira berezia dauen harribitxi bat egon badago: ‘Lau teilatu’ kantearen bersino bat, Joserra Senperenak egindakoa, Mikel Erentxunen eta Amaia Monteroren ahotsagaz.

Isozaki Torre baten teilatua (84 metrora) aukeratu dabe diskoa aurkezteko eta bertaraino hurreratu dira single bereziaren kantariak. Euriak itxitako tartetxuari esker, La Oreja de Van Gogh taldeko abeslariak eta Erentxunek ahal zan moduan bertaratutakoen (eraikina amaitu barik dago oraindino eta obrako beharginen artean ibili dira kazetariak) memorian gordeta egoan kantea abestu dabe, Senperenaren pianoaren laguntzinoagaz (zelan ailegauko ete zan piano erraldoia teilatura?). Euskadi Gazteako zuzendari Edurne Ormazabalen esanetan, ‘azken urteotako euskal kanta garrantzitsuenak edo, hobeto esanda, esanguratsuenak aukeratu doguz diskorako’. Tartean, Elkarreko arduradun Angel Valdesek azaldu dauen legez, ‘arazoren bat edo beste izan da ze baimena eskatu behar jake diskoetxeei eta kanta batzuk bidean geratu dira’.

Diskoa 18 abestik osotzen dabe, danak entzute handikoak. ‘Lau teilatu’ kenduta, danak dira jatorrizko bersinoak, ezelako moldaketarik bakoak. Honako honeek dira: Ken Zazpi (Ilargia), The Uski´s (Horrelako), Gari (Amets), Kauta (Bizi), Lor (Zure doinua), Fermin Muguruza (Euskal Herria Jamaika Clash), Urtz (Boulevardeko erlojua), Latzen (Laztana), Delirium Tremens (Ikusi), Kerobia (Rose), Etxe (Zenbat bide?), Sei Urte (Barkatu), Betagarri (Zure atzetik), Pi L T (Hil da Jainkoa), Berri Txarrak (Ikusi arte), Gatibu (Musturrek sartunde) eta Aitormena (Hertzainak).

Aukera parebakoa dozue sasoi bateko doinuak gogora ekarteko eta disko berean jasota izateko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu