Folk Getxo’07. XXIII. Nazinoarteko Folk Jaialdia
2007-08-29 02:00 MusikeaAurtengo egitarauan, Karidadeko Benta taldearen agurra nabarmendu daiteke. Sei urteko ibilbidean hiru disko argitaratu ostean, Jon Maia buru dauen taldeak irailaren 5ean agur esango deusku. Kontzertua, Erromoko Santa Eugenia plazan izango da, 19:00etan hasita.
Tolerantzia bultzatuz eta beste kultura batzuk ezagutzea sustatuz, irailaren 5etik 8ra hainbat herrialderen arteko hartu-emonak estutzeko gogoa erakusten dau Folk Getxok prentsaurrean antolatzaileek jakinarazo dabenez.
Kontzertu nagusiei jagokenez (Areetako Geltokia plazan, 21:30etan), aurten 17 Hippies taldeak zabalduko dau jaialdia. Alemaniako talde horrek Ekialdeko Europako doinu tradizionalak eta pop eta rock erritmoak buztartzen ditu, Berlineko 80eko hamarkadako giro musikala berpizteko asmoz. Era berean, beste hainbat doinu lotzen ditu taldeak: chanson frantziarra edo polka, besteak beste.
Bigarren egunean, Cherish The Ladies emakumezko taldeak hartuko dau lekukoa. Azken 20 urteotan, Mick Moloney musikari ospetsuak bultzatutako boskotea folk musikaren panoraman nabarmendu da, taldekideen birtuosismoa dala eta. Munduko txoko guztietara eroan ditue erritmo zeltak eta maila handiko talde eta artistakaz ibili dira, esate baterako, Joan Baezegaz eta The Chieftainsegaz. Cherish The Ladiesek hainbat sari lortu ditu eta horreen artean BBCk Urteko Talderik Onenari emondakoa azpimarratu behar da.
Jaialdiaren erdialdean, irailaren 7an, Maliko Toumani Diabaté musikaria jardungo da Getxon, Orchestra Symetric taldeak lagunduta. Kora-jolerik onena ei da Diabaté eta bere herriko instrumentu horren doinuak munduan zehar zabaldu ditu. Azken urteotan artista maliarrak Afrikako musikea barritzeko apustua egin dau, horren nortasuna galdu barik. Asmo hori abiapuntu hartuta, Symetric Orchestra sortu eban, Afrikako mendebaldeko zenbait herritako 14 musikariz osotutako taldea, hain zuzen. Talde horrek tradiziozko eta gaur egungo instrumentuak erabilten ditu eta bere lanak etekinak lortu ditu, 2007 Grammy Sarietarako izentau dabe eta.
Azken egunean, irailaren 8an, Dulsori talde korearrak zarratuko dau jaialdia. Asiako talde horrek 1984. urtean hasi eban bere jarduerea eta kontzertuetan Koreako tradizinozko perkusinoa hartu dau ardatz nagusi.
Bestalde, arratsaldeko kontzertuetan (Erromoko Santa Eugenia plazan, 19:00etan) kalidade handiko taldeak izango dira aurten: Karidadeko Benta (Euskal Herria), Tenochtitlan (Mexiko), Guafa Trío (Kolonbia) eta, azkenik, Calamento (Catalunya).
Gauean, barriz, Munduko Terrazan (Areetako Geltokia plazan, 23:15ean), hurragoko erritmoez gozetako aukerea izango dau bertaratzen danak: aurten honako talde eta artistak izango dira: Amanida Folk (Catalunya), Djamel Laroussi (Aljeria), Lou Dalfin (Okzitania-Italia) eta Moleque de Rua (Brasil).
Musika jaialdi hau Getxoko bi lekutan egingo da: Erromoko Santa Eugenia kalean arratsaldeko ekitaldiak, Munduko Terraza eta umeentzako ekintzak izango dira; bestetik, Areetako Geltokia plazan kontzertu nagusiak eta Munduko Azokea egongo dira. Azkenik, Erromoko Ibaiondo kalean Bidezko Azokea egongo da. Baina ezin doguz kaleak ahaztu, kaleak be Getxo Folk 2007ko eszenatoki baitira. Aurten Eskozia, Bavaria eta Frantzia eta Mexikotik datozen musika-taldeei esker, musikea herri osoan zehar zabalduko da egunero egingo diran desfileen bidez.
Ganerako ekintzei jagokenez, Bidezko Merkatua ikusteko aukerea egongo da; ekimen honek Iparralde eta Hegoaldearen arteko bidezko merkataritzea bultzatzen dau, eta hainbat GKEgaz alkarlanean antolatu da.
Bestalde, Munduko Merkatua be egongo da Koan Elkarteari esker. Eta azkenik, Euskadiko Munduko Medikuak / Médicos del Mundo Euskadi taldeagaz alkarlanean antolatu dan Munduko Terrazak aukerea emongo deusku atzerriko kulturetako gastronomia eta musikaz gozetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!