Bidaiak egiteko informazino gaurkotua

Gotzon Plaza 2007-08-21 02:00

www.wikitravel.org webgunean, internautak dira gida-idazleak eta eurek osotzen, gaurkotzen eta zuzentzen dabe informazinoa. Edonor izan daiteke partaide. Egun, 16.000 lekutako informazinoa eskaintzen dau webguneak.

Wikipedia webgunea gehienok ezagutzen dogu. Bertan, internautek idatzitako artikuluak topauko doguz eta, garrantzitsuagoa dana, artikulu horreek gaurkotze prozesu mugabakoan sartuta dagoz.

Beti aitatu izan dogu Interneteko edozein guneren garrantzia informazinoaren balioan dagoala eta, horrexegaitik, informazino horrek bizirik egon behar dau, gaurkotuta eta eguneratuta, bere balioa mantendu ahal izateko.

Ideia horri jarraituz, 2003an Michele Ann Jenkins eta Evan Prodomon bikoteak webgune berezia sortu eben bidaia batean izandako esperientzian oinarrituta.

Miloeka lagun joaten dira urtero leku batetik bestera; asko lan kontuak dirala eta, baina beste asko turismoa egiteagaitik. Eta, turismoa egiteko, lekuetako informazinoa behar izaten da: non lo egin, jateko leku aproposak, ondo pasetako proposamenak, museoen ordutegiak...

Egia esateko, horretarako bidaia-gidak dagoz dendatan. Baina hor dago gakoa: gida horreek, sarritan, ez deuskue gaurkotutako informazinoa eskaintzen, prezioak ez dira egunekoak, ordutegiek be aldaketak izaten ditue...

Gidea idazteko prozesua be luzetxua izaten da: lehenengo, lekuko informazinoa batu, gero ordenau, gero idatzi eta, azkenik, dana inprimidu. Prozesu hori, askotan, luzea izaten da.

Lehenago aitatutako bikoteari be gauza bera pasau jakon eta, erronkari aurre egiteko eta Wikipediaren ideia aprobetxauta, webgunea sortu eben: www.wikitravel.org. Bertan, internautak dira gida-idazleak eta eurek osotzen, gaurkotzen eta zuzentzen dabe informazinoa. Edonor izan daiteke partaide. Egun, 16.000 lekutako informazinoa eskaintzen dau webguneak.

Informazinoa hamazazpi hizkuntzatan dago idatzitako. Gehiena ingelesez dago eta, zoritxarrez, bat be ez dago euskeraz. Ia nonor animetan dan oporraldien ganean idaztera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu