Karidadeko Benta ibilbidearen amaierara ailegau da

Bizkaie! 2007-08-13 02:00   Musikea

Jon Maia bertsolariak zuzentzen dauen taldeak aurtengo Getxofolk jaialdia zabalduko dau irailaren 5ean eta ostean emongo deutso amaierea orain arteko ibilbideari.

Jon Maia bertsolariak zuzentzen dauen Karidadeko Benta taldeak irailaren hasieran emongo deutso amaierea orain arte egindako bideari. Taldeak aurtengo Getxofolk jaialdia zabalduko dau irailaren 5ean eta bertan eskainiko dau azken emonaldia. Aurretik, Donostiako (abuztuak 13) eta Bilboko (abuztuak 21) Aste Nagusietan izango dira, Iparraldeko Luusi-Itxason (15ean) eta Mañariako plazan (17an). Ganera, abuztuaren 31an kontzertu berezia egingo dabe Zumaiako hondartzan. Holan amaituko da orain dala sei urte ekindako ibilbidea, tartean hiru diskogaz.


Atzera begiradea

Orain dala ehun bat urte bazan Villabona eta Zizurkil artean Karidadeko Benta izeneko leku bat. Hantxe alkartzen ziran inguruko bertsolariak, sagardao kupel artean; eta Pello Errotaren bertso bati esker iraun dau denporan biltoki haren esentziak.

Handik hartu eban izena Karidadeko Bentak, bertako musikea eta jai giroa berpiztu guran. Eta taldea be bidegurutze bat izan da, sasoi bateko bertso eta koplen ondoan kultura eta estilo desbardinetako soinuak alkartzen ditualako, tradizinoa eta aire barriak naturaltasunez buztartuz.

Jon Maia, Aran Santamaria, Inazio Tolosa, Jon Manzisidor, Imanol Manterola eta Domentx Uzin dira taldeko partaideak, disziplina desbardinetatik etorritakoak (bertsogintzea, antzerkia, arte plastikoak, klasikoa, rocka...). Izen bereko diskoa atara eben 2003an, taldea martxan hasi eta urte bira. Ostean, Amore,Amore eta San Quirico lanak etorri ziran, kalean, tabernan zein eszenatokietan emondako hainbat kontzertugaz batera. Orain, agur esango deutso horri guztiari edo, akaso, gero arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu