Bilboko Kalealdiak nazinoarteko artistak batuko ditu garagarrilean
2007-07-02 02:00Taula gainean antzezten diran ohiko antzezlanakaz konparauta, ‘Antzerkiaren Zazpi Kaleak’ ekimenak musika, dantza eta, batez be, umoreari protagonismoa eskaintzearen aldeko apustua egin dau, jentearen atentzinoa erakarten dauen armarik eraginkorrena baita.
Bilboko Kalealdia Antzerkiaren eta Kaleko Arteen Jaialdiaren VIII. edizinoak bide-publikoa eszenatoki bihurtzeko espezializautako nazinoarteko artistak batuko ditu garagarrilaren lehen hamabostaldian. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honetan, emonaldiak Kale Nagusiko oinezkoen zatia hartuko dau garagarrileko lehen hamabostaldian, eta bigarrenean ikuskizun desbardinak Zazpi Kaleetako plazetan antzeztuko dira.
Bilboko Kalealdiko lehen zatia ‘Kale Nagusia: Gorputzaren Artea’ izango da aurten, artistek gorputzetan egingo daben lanak hartuko dauen garrantziagaitik. Modu honetan, Kale Nagusiko Plaza Biribila eta Federico Moyua tartetik doazenak, 18:00ak eta 21:00ak bitartean, garagarrilaren 4an eta 5ean, bihurrikariak, akrobatak, orkestra-gizon bat edota break-danceko dantzariak topauko ditu.
Era berean, jaialdiaren aurreko edizinoetako bodypainting artistak (gorputz biluziak makilatzeko artea efektu txundigarriak eta artelanak lortzeko helburuagaz) eta Bilbori lotutako pertsonaia klasikoen estatua bizidunak izango dira; kasu honetan, ibiltariek Diego Lopez de Haro Jauna eta bere iloba eta arerioa dan Maria Diaz de Haro Andrea, Juan Crisostomo Arriaga Mozart bilbotarra, Mari Jaia, Tonetti pailazoa edota Botxoko txikiteroaren arketipoa be topauko ditue.
Bilboko Kalealdiaren lehen zatia osotzen daben hamar ikuskizunetatik nabarmentzekoa da J. Louis hipnotizatzailea eta bere superoroimen, telepatia, esperientzia, buru-argitasun eta igarpen esperientzia.
Jaialdiko beste artista garrantzitsu bat Eduardo Ruiz Relero argentinarra izango da. Artista honek kalean klarionezko marrazkiak egiten ditu hiru dimentsinotan behearen gainean egindako planoetatik eta ikuspuntuen legeak hausiz. Kaleko artistearen lanagaz batera, pintore, eskultore eta marrazkilarien lana buztartzen ditu.
Zazpi kaleak
Garagarrilaren 4an eta 5ean, Kale Nagusia ikuskizun ikusgarriez blai egongo bada, Zazpi Kaleen txandea izango da garagarrileko 10 eta 12 bitartean. Danetara, formato desbardineko 20 bat lan izango dira, Organik eta Hortzmuga euskal konpainien eskutik, Katalunia, Frantzia, Belgika, Erresuma Batua, Italia edo Argentinako beste artista batzukaz batera. Bilboko alde zaharreko Unamuno, Arriaga, Santigo, San Nikolas eta Plaza Barrian izango dira ikuskizunak.
Ikuskizun nagusienetariko bat Carnage Productions konpainia frantsesarena da, orain arte ‘GIGN’ ikuskizuna antzeztu dauena 12 herrialdetan. Letrok autoizentetan dan ‘Grupo de Intervenciin Globalmente Nulo’ esan nahi dabe, lau kide dituan urian esku-hartzen dauen komando berezia.
Taula gainean antzezten diran ohiko antzezlanakaz konparauta, ‘Antzerkiaren Zazpi Kaleak’ ekimenak musika, dantza eta, batez be, umoreari protagonismoa eskaintzearen aldeko apustua egin dau, jentearen atentzinoa erakarten dauen armarik eraginkorrena baita. Beraz, Shakespeareren ‘Romeo eta Julieta’ lako klasikoakaz batera, publikoak bestelako ikuskizun batzukaz be gozauko dau.
Luxuzko amaiera Oplas Teatro talde italiarrak emongo dau, ‘Romeo eta Julieta’ obreagaz.Garagarrilaren 12an, gaueko 22:00etan Bilboko Kalealdiaren amaierea helduko da. Shakespeareren drama klasikoaren moldaketa oso berezia da, Kuban kokatua, sekulako eszenografiagaz eta dantzan oinarritutako antzerki-egitureagaz. Oplas Teatrok sari ugari jaso ditu lan honengaitik.
Bilboko Kalealdian nabarmen egin dau gora ikusleen kopuruak, eta azken urteetan 50.000 ikusle inguru egon izan dira. Hainbat diziplinetako kaleko ikuskizuna, sei urte eskasetan, Bilbok udako hilebeteetan eskaintzen dauen kultura egitarauaren barruan gehien erakarten dabenen artean dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!