Komunikabideen jarrerea salatzeko erakusketea zabaldu dabe Rekalde aretoan

Bizkaie! 2007-06-22 02:00

Bagilaren 21etik irailaren 2ra, erakusketeak Sean Snyder iparamerikar artistearen sei proiektu barrienak batu ditu, Irakeko gerra sasoian komunikabidek izandako jarreren ganekoak.

Rekalde aretoak Sean Snyder iparamerikar artistearen bakarkako erakusketea aurkeztu dau. Bagilaren 21etik irailaren 2ra, erakusketeak artistearen sei proiektu barrienak batu ditu, Irakeko gerra sasoian komunikabidek izandako jarreren ganekoak.

Lanaren multzo honetan, artistea irudi analogiko eta digitalen erreprodukzino metodo zehatzetan zentrau da ‘egia fotografikoaren’ ideia ezbaian jarteko asmoz. Horretara, aurkezten diran lanak komunikabideen lanaren ganean egindako ikerketen ondorio legez uler daitekez. Erakutsitako obrek zorrotz aztertzen ditue irudiak. Argazkia ikuslearen begietara heltzen danerako, bidean izan daitekezan prozesu teknologikoak eta eraldaketak erakusten dira. Azken batean, eraldaketa eta desintegrazinoa (apropos zein nahita egindakoa) edota propaganda teknika desbardinen mekanikak erakusten dira Snyderren lanetan. 'Analepsis', 'The Site', 'Izenbururik bakoa (Irak artxiboa)', 'Casio, Seiko, Sheraton, Toyota, Mars', 'Eskema (Telebista)' eta 'Optics. Compression. Propaganda' dira lanen izenburuak.

Ideologiaren eta komunikabideek arkitektura eta uri planifikazinoa moldatzeko ahalmenaren ganeko lanak egin ostean, Sean Snyder komunikabideen prozesuetan, errepresentazino politikoaren alderdi bisualetan eta irudi produkzinoaren mekanismo zehatzetan zentrau da oraingoan.

Rekalde aretoan aurkeztutako proiektuek Snyder-en lanaren azken garapen horreek azpimarratzen ditue. Erakusketak artistearen metodologia eta artxibategiaren erabilerea nabarmentzen ditu eta ikusleari hasierako materialak, originalak aztertzeko aukerea emoten deutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu