Agintean
2007-06-11 02:00Alkatearen aukeraketarako modu desbardinak egozan: auzoka, esaterako Bermeon, lan edo gremio desbardinen arabera, Lekeition, jaubeen artean, Areatza kasuko, gitxieneko aberastasuna eukenen artean, Bilbon 1.000 ducado edo Portugaleten 600, aurreko alkateak izentauta, Lanestosa edo Errigoitin... Hori bai, urtero aukeratzen zan barria.
Foru eta Udal hauteskundeak izan doguz oraintsu eta hurrengo egunetan udalerri bakotxean, alkate barria izentauko dabe. Alkateen harian, gaurko artikulan atzeraka begiradatxua bota eta orain dala bostehun urteko alkateen barri jasoko dogu.
Bizkaiko alkateen karguari begiradea bota aurretik lehenengo eta behin orain dala bostehun urte Bizkaian, Foru sistema zala eta hiru egoera desbardin emoten zirala adierazo behar dogu. Alde batetik, uriak zein uribatuak egozan. Danetara, 1199tik 1375era hogetabat uri eta uribatu sortu ziran. Alkateak aginte politikoa eroateaz aparte, epaile lana be beteten eban, auzietan lehenengo instantzia bere eskuetan geratzen zalarik. Berak gidatzen zituan udal erakunde garrantzitsuenak: Udalbatza Orokorra zein Udal Batza Partikularra edo Errejimendua deitzen zana. Lehenengoak, uri edo uribatuko biztanle jaube guztien batzarra zan eta bertan eztabaidatzen ziran uri edo uribatuaren ganeko arazo edo ezbairik garrantzitsuenak. Errejimenduan, barriz, herrian aukeratutako batzuk baino ez eben parte hartzen, idazkaria, aguazila, kontu-hartzailea eta udal beste kargu batzuen laguntzaz. Gorabeherak autortuz, gitxi gorabehera gaur egun ezagutzen dogun udal zinegotzien modukoa izango litzateke.
Alkatearen aukeraketarako modu desbardinak egozan: auzoka, esaterako Bermeon, lan edo gremio desbardinen arabera, Lekeition, jaubeen artean, Areatza kasuko, gitxieneko aberastasuna eukenen artean, Bilbon 1.000 ducado edo Portugaleten 600, aurreko alkateak izentauta, Lanestosa edo Errigoitin.... Hori bai, urtero aukeratzen zan barria.
Beste alde batetik, Bizkaiko 72 eleizateetan alkate karguak beste berezitasun batzuk erakusten zituan: gehienetan, idatziz jarritako legerik ez baegoan be, Abando, Zeanuri edo Barakaldo, eta geroago Dima edo Deustuko kasuetan ez eze, mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi ezarritako arauak danon gomutan egozan, eta horreekaz egiten eben aurrera. Ohiturazko arauon arabera, eleizateko erakunderik nagusiena, Udal Batzarra zan. Hau da, herritar guztien ordezkaritzea hartzen eban batzarra. Baina bertora ez ziran herriko biztanle guztiak joaten, etxe bakotxeko ordezkari bat baino. Beraz ‘etxeak’ eukan pisu nabarmenena eleizateetako ardura poltitikoan, eta ez ‘personeak’.
Eleizateetako arduradun nagusia ‘fiela’ zan. Bera zan eleizateko arduradun politikoa eta arazo txikietarako epailea. Eleizateko bideen ardurea, diru kontuak, horniketa arazoak eta zelan ez, ordena publikoa, beste askoren artean, ziran bere ardurak. Batzutan eleizatea zabala zalako edo bertako lan edo interes desbardinak ordezkatzeko, fiel bi be egoten ziran. Deustu, Foru, Nabarniz, Galdakao, Lemoiz edo Aulesti beste batzuren artean, ziren honen erakusle.
Aukeraketea urtebeterako egiten zan eta barriro be fiela aukeratzeko moduak ondokoak ziran: Marurin, aurreko fielak izentetan eban hurrengoa baina Udal Batzaren onarpenagaz. Baina arruntena aurreko fiel edo fielek, kargua beteteko izenak proposatzea zan eta gero honen artean zozketea egitea udal karguak banatzeko. Meñaka, Arantzazu, Natxitu, Arakaldo edo Alonsotegik, besteak beste, holan aukeratzen eben fiela. Beste batzutan hautesleak aukeratzen ziran eta gero honeen ardurea izaten zan fiela aukeratzea: Bedarona, Barrika, Ibarrangelu edo Lumok holan egiten eben. Etxebarrin eleizate ondasunen jaube guztien artean zozketea egiten zan fiela izentetako. Amoroton barriz, jaube horreek izentetan eben zuzenean fiela.
Behin batek fiel kargua bete eta gero, urte biko epea igaro behar eban barriro be fiela izateko, baina baziran epe luzeagoak be. Ajangizen esaterako bost urte itxi behar zituan fielak barriro aurkezteko.
Durangaldean be jokabidea antzekoa zan: herriko ondasunen jaubeen udalbatza zan erakunderik garrantzitsuena eta honek aukeratzen eban fiela. Egia da, eskualde honetako fielak eskuduntza edo konpetentzia gehiago eukazala eta ez eutsola diru konturik emon behar erregearen ordezkariari eta epaile kontuetan be Bizkaiko beste eleizateetako fielek baino eskuduntza gehiago eukazan.
Enkarterrin eleizateak edo koadrilak eleizate multzo edo kontsejuetan batzen ziran eta ardura politiko eta epailearena eleizate multzo honetatik gidatzen zan. Kontsejuko alkatea izentetako eleizate bakotxaren ordezkaritzea eta eretxia hartzen zan kontuan. Bizkaiko beste eleizate batzukaz konparauta, Enkarterriko Kontsejuek eskuduntza haundiagoak eta askatasun haundiagoa eukiezan. Bestela ez egoan aldaketa handirik Bizkaiko beste eskualdeetan ikusi dogunagaz: jaubeen udalbatza zan erakunderik garrantzitsuena eta honek agindutakoa aurrera eroateko Udal Batzorde edo Errejimendua eratzen zan, Alkate, Kontu-hartzaile eta beste ordezkari batzuk osotuta (gaur egungo zinegotziak). Azkenik Alkatea zan eleizate edo kontsejuko arduradun nagusia. Udalbatza osotzerakoan eleizate batzutan ez zala beharrezkoa jaubea izatea, baina bai eleizateko biztanlea. Honek gaur egungo ikuspegitik, demokratikoagoa emoten badau be, ez daigun ahaztu azkenean jaube eta herriko aberatsek euren gogoa lortzen ebela, euren menpeko errentari edo maizterrei presinoa eginez. Honen ondorioz, nahiz eta herriko biztanle guztiak Udalbatzara joateko eskubidea izan, gitxi joaten ziran eta eleizate edo kontsejuko ardurak nagusi eta handikien eskutan geratzen ziran gehienetan.
Azkenik, Bizkaiko ikuspegi orokorra izateko Orozkoko Haranaren kasua aitatuko dogu. Harana osotzen eben lau eleizateek kontseju modura kudeatzen ziran eta danontzako kargu bakarra euken. Lur gehienak Aiarako Kondearenak ziranez, berak aukeratzen eban alkatea, Haraneko biztanleen artean. Dana dala, udal batzordea edo errejimendua eleizateek eurek izentautako beste hainbat karguz osotzen zan eta azken batean honexek ziran eta ez Kondeak izentautako alkatea, aginte politikoa eukenak. 1782tik aurrera, eleizateek Kondearen agintea bertan behera ixtea lortu eben eta ordutik aurrera eleizateek eurek izentetan eben alkatea be.
Honexek ba alkatetza eta udal aginteko berezitasunak orain dala bostehun urte.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!