Udal Musika Eskolako 200 ikasle baino gehiagoren ikasturte amaierako kontzertua Bilbon

Bizkaie! 2007-06-07 02:00   Musikea

Programa anitza antolatu dabe, izan be, Eric Clapton, Elvis Presley edo Meat Loaf joteaz gan, Debussy, Sherman, Sorozabal edo Guerrero be entzungai izango dira, Itoiz, Ansorena, Benito Lertxundi edo Xabier Lete lako euskal konpositore edo taldeak ahaztu barik.

Bilboko Ayala Antzokiak BilbaoMusikaren Ikasturte amaierako kontzertua hartuko dau bihar, bagilak 8, edade guztietako 200 ikasle baino gehiagoren partaidetzeagaz, eta Udal Musika Eskolako musika-espezialidade guztiak ordezkatuta izango dira. Orkestra eta Eskolako Bandeak, ume eta helduen abesbatza taldeak, konbo taldeak, akordeoiak, txistuak eta bestelakoek zur eta lur itxiko ditue entzuleak.

Programa anitza antolatu dabe, izan be, Eric Clapton, Elvis Presley edo Meat Loaf joteaz gan, Debussy, Sherman, Sorozabal edo Guerrero be entzungai izango dira, Itoiz, Ansorena, Benito Lertxundi edo Xabier Lete lako euskal konpositore edo taldeak ahaztu barik. Arratsaldeko 19:00etan hasiko dan kontzertura joateko beharrezkoa da gonbidapena izatea (BilbaoMusikan, Sorkunde kalea, 8).

Izenbaiku txistu taldea, Hernaniko Txistularien III Jaialdian, taldeen kategorian Lehen Saria jaso barri dauen taldea izango da kontzertuari hasierea emongo deutsona. Izenbaiku Jon Ander Azpiazu, Garazi Murua, Amaia Aiarzaguena, Martin Beraza eta Unai Elizaldek osotzen dabe eta de J.A. Ansorenaren ‘Adan eta Eva’ interpretauko dabe. Txistu doinuakaz jarraituz, Haize Hegoa taldeak ‘Lapurtar Doñua’ kantua eskainiko dau. Ondoren, akordeoi soinuak izango dira protagonista. Musika modernoa konbo taldearen eskutik etorriko da, Eric Clapton, James Taylor edo Meat Loaf-en kantuakaz. Ume eta nagusien abesbatza taldeak herriko kantuak abestuko ditue, besteak beste, ‘Nere herriko neskatxa maite’, Benito Lertxundirena; ‘Love me tender’, Elvis Presley-rena edo Xabier Leteren ‘Xalbadorren heriotzean’.

Kontzertuaren azken zatiak Harizko Orkestrea eta Eskolako Musika Bandea izango ditu protagonista; 70 ikasle baino gehiagok osotzen dabe, eta kontzertu honi amaiera bikaina emongo deutsie.

Eskolea BILBAOMUSIKAk antolatzen dau; Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailaren menpeko organismo autonomoa da eta Udal Banda eta Udal Txistularien Bandaren kudeaketaren arduraduna. Informazino gehiago BilbaoMusikan (Sorkunde 8, 48006 Bilbo), 94-4164785 telefono zenbakian, edo www.bilbaomusika.net web-orrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu