'Gernikako bonbardaketa: oroimen grafikoa'
2007-06-04 02:00Gernikako bonbardaketearen 70. urteurrenaren harian, Gernikazarra Alkarteak Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazinoaren lankidetzeari esker argitaratu dau Vicente del Palacio eta Juan Antonio Carballo historialarien lana; azken urteotako lanaren emoitzea da eta egileek makinatxu bat argazki eta administrazino agiriak batu ditue. Liburua, gaur, bagilak 4 aurkeztu dabe Bilboko XXXVII. Liburu Azokako ekitaldien artean.
Gernikako bonbardaketearen 70. urteurrenaren harian, Gernikazarra Alkarteak Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazinoaren lankidetzeari esker argitaratu dau Vicente del Palacio eta Juan Antonio Carballo historialarien lana; azken urteotako lanaren emoitzea da eta egileek makinatxu bat argazki eta administrazino agiriak batu ditue.
Ilusino baten kronikea
‘Gernikazarraren historia 1985eko udan hasi zan, persona talde batek herriko historiari buruzko alkarte hau sortu genduanean, ardura eta ilusino berberak alkartuta eta bultzatuta: herritar gehienok Gernika-Lumoko historiari buruz geunkan ezjakintasunak arduratzen ginduzan. Eta historia horren barri interesa eukan edonori helarazoteko ilusinoak bultzatzen ginduzan.
Gure lehenengo pausuak nahiko gatxak izan ziran. Fondo bibliografiko guztiak aztertu genduzan eta gure herriari buruz idatzita egoan guztia ikertu genduan. Laster konturatu ginan aztertutako lan gehienen edukia (albo batera itxita José Antonio Arana, Sesmero, Echegaray edo Lecuberen ikerketa historikoak) gehiago zala folklorikoa, historikoa baino. Beste alde batetik, ezin genduzan udal artxiboak erabili (Udalarena, judiziala, eleizearena, jaubetzaren erregistroa), bonbardaketan suntsituak izan ziralako; hau da: ezin genduan Gernika-Lumoko historia kontau, ez egoalako idatzita.
Traba horreek ikusita, sen onak esan euskun geure esku egoala Gernika-Lumoko historia ikertzeko lana. Horretarako ondoko helburuak finkatu genduzan: umiltasuna ikasteko eta hurbiltasuna irakasteko, pentsamenduaren independentzia zorrotza, gure pasarte historiko batzuen inguruan ugariak ziran mito, estereotipo eta siniskeren berrikuspen sakon eta zehatza, iturri dokumentalen eta zehaztasunik bako esaldien erabilera partzialagazko mespretxua, eta ikerketa historiko serio eta sistematikoaren aldeko apustua.
Modu horretan, azken hogei urteotan Erdi Arotik gaur arteko denpora-tartea hartzen daben artikulu eta liburuak ikertu eta argitaratu doguz, ikuspegi ugaritatik (soziala, kostunbrista, ekonomikoa edo politikoa), herri honek dituan errealidade desbardinei buruzko ikuspegi global, oso eta zehatza emon guran.
Artikulu eta liburu horreek argitaratzeaz gan, Gernika-Lumoko historia ezagutzera emoteko orduan zenbait erakusketa preparau doguz. Zenbait urtez gerra zibilari, bonbardaketeari eta herriaren berreraikuntza prozesuari buruzko erakusketak antolatu doguz, eta horrek izan dira Gernikako Bakearen Museoaren oinarria.
Era berean, urtero hiru urteera publiko egiten doguz, herrikide askogaz batera, zenbait efemeride edo leku esanguratsu gogorarazoteko: berbarako, urtarrilaren 8ko urteeran, Lumo eta Gernika herriek udalerri bakarra osotu ebenekoa gogoratu genduan. Apirilaren 28ko urteeran, Gernikaren fundazinoa izan zan gaia. San Martin jaia zala eta, herriko baseleizak bisitau genduzan.
Beste alde batetik, urte honeetan guztietan dokumentazino zentroa sortu dogu. Bertan dagoz Gernika-Lumo eta eskualdeari buruzko liburutegirik zabalena, udalerriari buruzko mila argazki zahar baino gehiago batzen dituan argazki artxiboa, antxinako plano eta mapen bilduma kartografiko handia eta abar. Dokumentazino zentro hau osotzeko, zenbait fondo dagoz: eskualdeko industriari buruzkoa, Lumoko Eleizatekoa, Gernikako Hiribildukoa, Errenteriakoa, Gerra Zibilari eta bonbardaketeari buruzkoa eta abar. Urtero-urtero, dokumentazino zentroa bertako historiagaz interesautako persona ugarik bisitetan dabe (ikasleek, unibersitarioek, ikertzaileek eta bestelakoek), eta doban emoten deutsegu laguntzinoa.
Kontuak kontu, 22 urte pasau dira Lumo, Errenteria eta Gernikako historia ezagutzeko eta ezagutaraozteko ilusioaren garra piztu zanetik eta ilusino horren garrak bizirik jarraitzen dau oraindino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!