Neü zarauztarren maitasuna eta gorrotoa

Saioa Torre Gereketa 2007-04-26 02:00   Musikea

Boskotea Zarautzetik dator eta metal eta rock estilo gogorrakaz genero indarkeriaren, drogen, teknologia barrien eta taldearen historiaren ganeko kantak egin dabez ‘Maite gorroto zatitua’ lehenengo diskoan.

Udabarriko diskoak, honezkero, hasi dira loratzen eta horren erakuslea da Baga-Biga disketxearen eskutik jatorkun azkena: Neü zarauztarren ‘Maite gorroto zatitua’. Rocka eta metala buztartuta, hamaika kantaz osotutako diskoa kaleratu dabe Ander (ahots nagusia), Kike (gitarrea), Mutio (gitarrea), Ibai (bajua) eta Andoni (bateria) taldekideek. Taldea 2001ean sortu zan eta formazinoan hainbat gorabehera izan ostean, ‘momenturik onenean datoz’, disketxeko arduradun Agus Barandiaranen esanetan. ‘Lehenengo aldia da talde gipuzkoar bati diskoa ataraten deutsaguna eta oso pozik gagoz, ez dogulako ezelako etiketarik jarri gura’, dino Barandiaranek. ‘Gure eskuetara metal estiloan oinarritutako hainbat lan heltzen dira eta musika mueta horren loraldian gagozala esango neike’, ganeratu dau. Ander Ubera

Rock gogorra eta metala oinarri legez hartuta, ‘egunerokotasuneko gaien ganeko kantak egiten doguz’, esan dau Ander taldekideak. Diskoaren izena eta portadearen diseinua ‘Ane’ izeneko kanta batean oinarritzen da, ‘tratu txarrak jasoten dituan emakumezko baten ikuspuntutik idatzitakoa’. Kantariaren esanetan, ‘izenburuko hiru berba horreek tratu txarrak jasoten dituan emakume batek bikotekideagazko izan leiken jarrerea erakusten dabe, maitasunaren eta gorrotoaren arteko sentimendu zatitua’.

Maketa bi grabau ostean, 2001ean sortutako taldeak 2006ko Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketearen finalean izan ziran. Ibilbide luze horretan ‘taldearen sendotasuna eta esperientzia agirian geratu dira’, dino disketxeko arduradunak. Horretan, akaso, eragin zuzena izan dau Mikel Kazalis teknikariak. Fidelenea estudioan, berak eroan dau diskoaren arlo teknikoa eta, taldekideek autortzen daben legez, ‘Kazalisek zeozer txarto dagoala badino, txarto dago, zuri ondo dagoala iruditu arren; ostean, eskuetan mina sentidu arte jo arazoko deutsu gitarrea, ondo urten arte’. Esperientzia hori oso aberasgarria izan dala dinoe.

Zuzenekoetan ibilitako taldea da Neü eta horretan jarraituko dabe. Oraingoz, kontzertu bakarra dago berbatuta, maiatzaren bostean, Beran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu