Letra zopea
2007-04-13 02:00Franco hilteko zorian zanean, egoera politiko libre baten aurrean hainbat alderdi politiko sortu ziran, nahiz eta gero urte gitxi iraun. Gaurko artikuluan ‘Letra zopea’ deitu zan alderdi politikoen nahasketa hori ekarriko dogu gogora.
Sarrerea
Azken egunotan, maiatzean izango diran Udal eta Foru Aldundietarako hauteskundeak dirala eta, alderdi polikikoek euren kandidaturak aurkezteari ekin deutse. Gure Herri honetan bizi doguzan arazoen ondorioz, alderdi politikoetariko bat, Batasuna, legez kanpokoa dala eta, ezin izango da hauteskundeetara aurkeztu. Egoera horri urtenbidea emon guran, beste alderdi politiko bat eratzea pentsau dabe hainbat herritarrek eta ASB alderdia aurkeztu dabe. Baina Espainiako agintariek iragarri daben moduan, alderdi politiko barria be legez kapo geratuko da, hauteskundeetara ezin aurkeztuta. Beharbada alderdi horren bultzatzaileak beste alderdiren bat eratzeko asmoa izan leikie edota, bestela, hauteskunde alkarteak osotu. Beraz, hauteskundeak hurreratu ahala, hainbat alderdi politiko zein hauteskunde alkarte sor daitekez.
Gure herriaren historian atzera begitatuta, egoera hau ez da barria. Franco hilteko zorian zanean, egoera politiko libre baten aurrean hainbat alderdi politiko sortu ziran, nahiz eta gero urte gitxi iraun. Gaurko artikuluan ‘Letra zopea’ deitu zan alderdi politikoen nahasketa hori ekarriko dogu gogora.
Lehenengo ahaleginak
EMK (Euskadiko Mobimentu Komunistea) taldea 1966an sortu zan, ETAk V. Batzarreko lehenengo jardunaldietan izandako zatiketearen ondorioz. 1977an, Euskadiko Ezkerra koalizinoan parte hartu eta gero, OIC (Organización de Izquierda Comunista) eta Unión Navarra de Izquierdas (UNAI) alderdiakaz aurkeztu zan hainbat hauteskundetara, arrakasta handirik lortu barik. 1983tik aurrera Auzolan edo Batzarre izenakaz osotutako taldeetan hartu eben parte, eta 1991an LKI (Liga Komunista Iraultzailea) alderdiagaz batera desegin eta Zutik sortzea erabagi eben. LKI 1970ean sortutako alderdia zan, ETAren VI. Batzarren ondorioz. Euren lehenengo batzarra Itsasun egin eben 1970eko abuztuan. Euskadiko Ezkerran edo LAIAn sartuta pasau zituan urte batzuk eta, azkenean, 1991an desagertu zan.
Urte batzuk geroago, 1970eko hamarkadako erdialdera sortutako ELI (Eusko Langile Indarra) taldeak bizi laburra izan eban eta beharbada bere ibilbideko daturik aitagarriena KASen sortzaileetariko bat zala izan leiteke. KAS (Koordinadora Abertzale Sozialista) 1975 eta 1976 bitartean EHAS, ETA p-m, LAB, LAK eta LAIAk, ETA militarraren laguntzinoz sortutako koordinadorea da.
LAIA (Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia) 1974ko abuztuan Domezainen (Zuberoa) egindako batzarrean sortu eben ETAk eratutako Langileeen Frontetik urtendako hainbat kidek. Txibertako alkarrizketetan parte hartu eta gero, Herri Batasunaren sortzailetariko bat izan zan, baina 1980an koalizinoa itxi eta hurrengo urteetan Auzolan izeneko beste plataforma bat sortzen ahalegindu zan. Halanda be, hasieran uste zan arrakastea lortu ez ebanean, alderdia desagertu egin zan.
1975eko urrian EAS, Euskal Alderdi Sozialistea (1974ko abenduan Iparralden sortutakoa) eta HAS (Iparralden, Enbata taldeko gazte batzuk 1974ko martian sortua) alderdiek bat egin eben EHAS (Euskal Herriko Alderdi Sozialistea) sortzeko. Txibertako alkarrizketetan hartu eban parte eta alderdiko agintari Santiago Brouard Espainiako Gobernuburu Adolfo Suarezegaz berba egitera be joan zan. 1977ko martiaren 13an egindako batzarrean alderdia desegin eta HASI alkartea eratzea erabagi eben ES (Eusko Sozialistak) alderdiagaz batera. Azken hori, abertzale ezkertiarrek osotuta, Txibertan egondako taldea zan eta, HASIn sartukeran, desagertu egin zan.
Euskadiko Ezkerraren sorrerea
1976 urtearen erdialdea oparoa izan zan alderdi politikoen sorreran. 1976ko bagilaren 11n sortu zan Gasteizen ESB (Euskal Sozialista Biltzarra) alderdia. Abertzalea eta ezkertiarra, alderdiak ezaugarri sozial demokratak zituan. Alderdi horren agintari batzuk honeek ziran: José Luis Álvarez Enparantza ‘Txillardegi’, Gregorio Etxabe, Carlos Caballero edota Iñaki Aldekoa. Azken hori hurrengo urteetan alderdiaren idazkari nagusia izan zan. ESB Herri Batasunaren sortzailetariko bat izan zan baina, 1980an, koalizinoa itxi egin eban, erakundeetan parte hartzen ez ebalako. Dana dala, hurrengo urteetan alderdiak ez eban garrantzia handirik izan eta bere kide gehienak HBn sartu ziran.
ESB sortu eta hilebetera, 1976ko garagarrilean ESEI (Euskadiko Sozialistak Elkartze Indarra) sortu zan, 1977ko zezeilaren 19an aurkeztu eben arren. Alderdiak ideia sozial demokratak defendiduten zituan eta batez be unibersidadeko irakasleek osotzen eben, tartean Goio Monreal edota José Manuel Castells. Urteak aurrera joan ahala, ia desagertu egin zan eta kide gehienak Euskadiko Ezkerran sartu ziran.
ESEIren antzeko ideiakaz, 1977ko zezeilean, Eduardo Motreno Bergaretxe ‘Pertur’ ETAkideak emondako ideiak oinarri legez hartuta sortu zan EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia), ETA politiko militarraren alde politikoa deituko zana. Apirilean emon eben lehen mitina Gallartan. 1977an Euskadiko Ezkerra koalizinoan egon eta gero, Francisco Letamendia eta Juan Mari Bandres Madrileko Kongresuko kide izateko aukeratuak izan ziran. 1981eko bagilean, alderdia desegitea eta EEn (Euskadiko Ezkerra) sartzea erabagi eben. Koalizino hori 1977an sortu zan, urte bereko hauteskundeetan parte hartzeko asmoz. EMK, eta batez be EIA alderdietako kideek osotzen eben. Hurrengo urteetan, Juan Mari Bandresen eta Mario Onaindiaren gidaritzapean, indarkeriaren kontra egozan abertzale ezkertiarren ordezkaria izan zan koalizinoa, 1993ko urtarrilean PSOEgaz bat egin arte.
HASI (Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea) alderdia izan zan sasoiko alderdi garrantzitsuenetariko bat. Ikusten genduan moduan, 1977ko garagarrilean EHAS eta ES taldeen batuketatik sortuta, Santiago Brouard izan zan lehenengo ordezkari nagusia eta idazkari lanetan Alberto Figueroa ibili zan; kanpo hartu-emonetarako arduraduna Txomin Ziluaga zan. 1979an, Herri Batasunaren sortzaileetariko bat HASI izan zan. Hurrengo urteetan, ganera, alkartearen gidaritzea izan eban. 1984an, taldeko lehendakaria zan Santiago Brouard hil egin eben eta 1992an taldea desagertu egin zan. Kideak KAS koordinadorako beste talde batzutan edo HBn (Herri Batasuna) sartu ziran. Koalizino hori hauteskundeetara aurkezteko sortu zan 1978ko apririlaren 27an Altsasun, nahiz eta hurrengo urteetan ia edozein alderdi politiko legez antolatu. EAE, HASI, LAIA eta ESB taldeak egon ziran koalizinoaren sorreran. Hurrengo urteetan koalizinoa abertzale ezkertiarren ordezkari nagusia bihurtu zan, Telesforo Monzón, Santiago Brouard, Periko Solabarria, Jon Idigoras edo Itziar Aizpurua politikarien agindupean. 2003ko martiaren 28an Epaitegi Gorenak legez kanpo itxi zituan bai Herri Batasuna zein haren ordez sortutako Euskal Herritarrok edo Batasuna taldeak.
Herri Batasuna
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!