Munduko hainbat alkatek eta Nobel saridun bik Gernikako bonbardaketearen 70. urteurrenean hartuko dabe parte

Bizkaie! 2007-04-11 02:00

Adolfo Pérez Esquivel 1980ko Bakearen Nobel sariduna, Mario Molina irakasle mexikar eta 1995eko Kimikako Nobel sariduna eta mundu osoko urietako 50 bat alkate eta udal ordezkari egongo dira Gernika-Lumon apirilaren 26an, Francoren zerbitzupeko hegazkin alemanek uriari egindako Bonbardaketearen 70. urteurrenean.

Adolfo Pérez Esquivel 1980ko Bakearen Nobel sariduna, Mario Molina irakasle mexikar eta 1995eko Kimikako Nobel sariduna eta mundu osoko urietako 50 bat alkate eta udal ordezkari egongo dira Gernika-Lumon apirilaren 26an, Francoren zerbitzupeko hegazkin alemanek uriari egindako Bonbardaketearen 70. urteurrenean. Era berean, ‘Gernika Bakearen alde’ Deklarazinoaren irakurketan hartuko dabe parte, Juan José Ibarretxe lehendakariagaz eta EAEko ganerako agintariakaz batera.

Orain arte, zenbait alkate eta udal ordezkarik esan dabe Gernika-Lumon egongo dirala: Hiroshimakoek (Japonia), Volgogradokoek (lehengo Stalingrado, Errusia), Hamburg, Dresde eta Pforzheimekoek (Alemania), Coventrykoek (Ingalaterra) eta Oswiecim-Auschwitz eta Varsoviakoek (Polonia), besteak beste. Hiri Martirien Batasuneko idazkari nagusia dan Dante Cruicchi italiarra be bertan egongo da.

Gernikako alkate Miguel Angel Aranazek dinoanez, asmoa da ‘horreek guztiak Gernika-Lumora etor daitezala apirilaren 26an eta Gernikako Deklarazinoan parte hartu daiela. Deklarazino hori Bakearen aldeko eta Giza Eskubideen bortxaketa eta gerra mueta guztien kontrako manifestua izango da’.

Miguel Angel Aranazek, Gernika-Lumoko Udalaren ordezkaritza baten buruan, atzerritik egin dauen birea urtarrilaren 19an hasi zan, Japoniara egindako bisiteagaz. Bertan, Hiroshima eta Nagasakiko alkateen babesa jaso eban. Bidaia gaur, amaituko da, apirilaren 12an, Bruselan egingo dan aurkezpen bategaz.

‘Nire bidaia guztietan topau dodaz Gerraren izugarrikeriak bertatik bertara bizi izan dituen personak: bonba atomikotik bizirik urtendako japoniar bat edo familia osoa nazien kontzentrazino esparru batean galdu eban judu bat, esan dau Miguel Angel Aranazek. ‘Guztiek erakutsi deustie Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko konpromisoa eta, gure uriaren bonbardaketearen urteurrena dala eta, maitasuna eta alkartasuna helarazo deustie Gernikagazko eta, oro har, Euskal Herri osoagazko’, adierazo dau Aranazek.

‘Gernika Bakearen alde’ Deklarazinoaren irakurketea, zenbait hizkuntzatan egingo dana, Batzar Etxean egingo da, apirilaren 26ko 12:00etan.

Egun eta ordu berean, ‘Gernikako Deklarazinoa’ Buenos Aires, Mexiko DF, Santiago (Txile), Rosario, Mar de Plata, Bahía Blanca, Montevideo, Boise, Sidney, New York eta Madrilgo leku esanguratsuetan irakurriko da.

Esandako moduan, gaur, Miguel Angel Aranaz Eusko Jaurlaritzeak Bruselan daukan egoitzara joango da, urteurrena oroitzeko ekitaldien eta ‘Gernika Bakearen alde’ Deklarazinoaren aurkezpenean parte hartzeko, Europako eskualdeetako 300 ordezkari baino gehiagoren aurrean. Ekitaldi horretan, Ibon Mendibelzua EAEren Bruselako ordezkariagaz egongo da, bai eta Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerretan bonbardeautako Belgikako uri bitako ordezkariakaz be (Huy eta Ieper dira uri horiek).

Era berean, apirilaren 22an, Europaren Aldeko Demokrata eta Liberalen Aliantzaren Taldeko (ALDE) ordezkaritza bat alkartuko da Gernikan; izan be, egun horreetan, euren urteroko ezohiko batzarretako bat egingo dabe Euskadin.

Miguel Angel Aranazek barriro esan dauenez, ‘2007ko apirilaren 26a egun seinalatua izango da euskaldun guztiontzat, eta uste dogu une honek omenaldi berezia merezidu dauela. Omenaldiak mugak gainditu behar ditu eta, beste herri batzuakazko batasunaren eta alkartasunaren bitartez, nazinoartera zabaldu behar dogu gerraren, edozein gerraren, eta giza eskubideen urraketen kontrako gaitzespena.

Helburu bi lortu nahi doguz: alde batetik, beste behin, bonbardaketearen biktimak oroitzea eta omentzea; eta, bestetik, bake eta adiskidetze nahia nazinoartera zabaltzea’, adierazo dau.


Erakusketea

Bonbardaketearen 70. urteurreneko ekitaldi-egitarauaren elementu nagusi lez, Foru Plazan erakusketa bat egingo da, originala, ikus-entzunezkoa eta parte-hartzailea. ‘Bisita esperientzialen kontzeptuaren alde egin dogu, uriko alkarteek egindako lan dokumental eta erakusketa-lan bikainek balio erantsia izan daien. Holan, etorkizunean, Bakearen Museoan plazaratutakoa osotuko litzateke’, azaldu dau alkateak. ‘Foru Plazako azalera osoa hartuko dauen eta estalduta egongo dan erakusketa honegaz, hausnarketea sortarazoko daben sentsazioak piztu nahi doguz’, adierazo dau Aranazek.

Erakusketa hau izango da 70. urteurrenaren ardatz nagusietako bat, baina egitarauan oroitzapen-ekitaldi gehiago dagoz. Horreen artean, aire-ikuskizun bat dago. Oraindik zehaztu barik dago, baina izan daiteke ‘Bakearen aldeko bonbardaketa’ bat: lore-hostoen edo poemen bonbardaketea hegazkinetatik.

Apirilaren 26ko arratsaldean, bonbardaketea gogoratzeko ekitaldiak egingo dira: eleizkizuna, lore-eskaintzea kanposantuan eta Foruria Musika Eskolako musikarien emonaldia. Arratsaldeko 20:00etan lunch herrikoia egongo da Merkatuko Plazan. Gernikar eta bisitari guztiak dagoz konbidatuta.

Oroitzapenezko egitaraua osotzeko, urteurren hau gogorarazoteko interesa daben beste kolektibo, persona eta erakunde batzuen ekarpenak izango doguz. Bonbardaketearen 70. urteurrena gogoratzeko onartutako proposamenen artean, ‘Gernikako bonbardaketa / The Guernica History’ dokumentalaren munduko estreinaldia dago, bai eta Gernika Gogoratuz alkarteak antolatutako Kultura eta Bakeari buruzko jardunaldiak, Pforzheimeko (Alemania) Orkestreak emongo dauen kontzertua, Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko Gernika III. Sariak banatzeko ekitaldia eta Artearen eta Bakearen III. Nazinoarteko Topaketak be. Bakearen Museoak, bere aldetik, erakusketen egitarau berezia izango dau urtean zehar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu