Kontuz, Oseminti zelatan dago

Gotzon Plaza Informatikoa 2007-03-07 01:00

Persona susmagarriak kontrolau guran jaio dira holako sistemak baina susmagarriak eta susmagarriak ez diranen komunikazinoak kontroletea sano erraza da eta egoera horren aurrean, mugak nork zehaztuko ditu? Seguridadearen atxakiagaz dana dago libre?

2000. urtera salto eginda, gogoratzen dozue ‘Carnivore’ sistemearen gainean esandakoak? Beharbada ez zenduen honetaz ezer entzungo. Hona hemen azalpentxua.

Munduko Bigarren Gerran eta honen ostean, informazinoa batzea arlo elektronikoara pasau zan. Armadek eurentzako informazinoa batzeko sistemak garatu ebezan eta hau izan zan geroko teknologia sortzeko lehen pausua. Gerra Hotzaren sasoian indartu egin ziran holako informazino batuketak (espiotzea eta espiotzearen kontrako neurriak) eta eskutik etorri ziran teknologia barriak.

‘Etherpeek’: Internet sarea garatu ondoren, FBIk informazinoa kontrolau guran garatutako lehenengoetariko sistemea izan zan. Gero, 1997 eta 1999 bitartean Omnivore izenekoak hartu eban indarra. Hirugarren garapena, barriz, ‘DragonWare’ izenekoa izan zan eta honek hiru zati eukazan:

- ‘Carnivore’, informazinoa lortzeko.
- ‘Packeter’, lortutako informazino atalak batzeko.
- ‘Coolminer’, informazinoa aztertzeko.

‘Carnivore’ izan zan egunkari eta hedabideetara heldu zana: Sarean egozan komunikazinoak kontroletako, FBIk holako sistemea ISP (zerbitzua eskaintzen dauen hornitzailea) ordenagailuan aktibau eta bertatik pasetan ziran komunikazinoak kontroletan ebazan, nabegazinoko joan-etorri guztien arrastoari jarraituz. IPS ordenagailuetan instaletako epaile baten agindua beharrezkoa zan baina irailaren 11ko atentaduen ondoren, ‘Patriot Act’ izeneko legearen babesagaz ez zan behar epaileren baimenik.

Gu europarrok holakoetatik libre gagozalakoan bizi gara, baina oker gabiz. Hor dago Oseminti proiektua Frantzia, Italia eta Espainiako gobernuek garatuko dabena (Espainiak ia bi miloe euroko dirutzea jarriko dau). Defentsa Ministerioa da lanean dabilena, hau da, militarrak. Proiektu honen helburua, ordenagailuen bitartez grabazinoetan edota idatzitako lerroetan dagozan informazinoak aztertu eta identifiketea da. Ez da bakarrik berba bat topetako modua, hori erraza da. Sistema honegaz, esaldiek zer esan gura daben jorratu gura da. Eta aldi berean, ordenagailuak ‘ikasitakoa’ bereganatu eta honegaz gero eta zuhurrago jokatzea, esaldi barriak ikasiz.

Arazoa ez da infomazinoa batzea, ez. Legearen arabera, Internet-en egindako nabegazino guztien datuak gordeta euki behar dabez zerbitzu hornitzaileek. Telefoniagaz be gauza bera pasetan da, azken urte bietako datuak gordeta euki behar dabez. Arazoa informazinoaren metaketa erraldoian datza: horrenbeste datu gordeta euki ezkero, ez da erraza holako sistemak garatzea. Hemen ez da berba bat topau behar, hemen halakoren bat esaten badogu ‘lehertuta nago’ edo ‘txiki-txiki egingo doguz’, esaten danaren esanahia aztertu behar da. Esanahiaren analisia egin behar da eta ez berba bakar batena, ez bakarrik ‘leherketea’ (bonbakaz lotzen dogun berbea) esaldiak beste esangura bat dauka eta. Gaur egun holako lanak personek egiten dabez, esaldiak irakurri edo entzun eta gero sailkatu, garrantzitsuak edo huskeria hutsak diran ala ez erabagiz. Lan hau ordenagailuetara pasau gura da, honeen gaitasuna aprobetxatuz eta jagokon teknologia garatuz.

Lana ez da erraza izango: lehenengo eta behin informazinoa batu behar da eta ordenagailuak ulertzeko moduan ipini, gero bigarren pausuan informazino hori arakatu eta ulertu egin behar da eta hirugarren pausuan, horreek ulertutako datu guztiak beste leku batzuetatik datozenakaz be buztartu egin behar dira.

Kontuak kontu, persona susmagarriak kontrolau guran jaio dira holako sistemak baina susmagarriak eta susmagarriak ez diranen komunikazinoak kontroletea sano erraza da eta egoera horren aurrean, mugak nork zehaztuko ditu? Seguridadearen atxakiagaz dana dago libre?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu