Migel Mari Elosegi, Ibon Cancio eta Arantzazu Villanueva: 2007ko CAF-Elhuyar saridunak

Bizkaie! 2007-03-05 01:00

CAF-Elhuyar sarietako edizino honetan, 13 dibulgazino-artikulu aurkeztu dira guztira, eta, aurreko urteetan baino gitxiago izan arren, kalidadea hobea izan da epaimahaiaren ustez.

Zientzia-dibulgazinoko XIII. CAF-Elhuyar sariak banatu dira oraintsu Elhuyar Fundazinoaren egoitzan. Hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezi bat egozan jokoan, eta honeek izan dira irabazleak:

- Lehenengo saria: ‘Ubideetako heriotzak. Energia berdearen ondorio beltza’ lanarentzat izan da. Egileak, Migel Mari Elosegi Irurtia biologo leitzarrak, Imanol Andonegiren eskulturea eta 1.000 € jaso ditu lan horrengaitik. Artikuluan, zentral minihidroelektrikoen ondorio kaltegarrietako bat aztertu dau, oso ezaguna ez dana, gainera: zentraletara ura eroaten daben ubideetan itota hilten diran animaliak. Euskal Herrian holako ubideen ehunka kilometro doguzala gogorarazoten dau Elosegik, eta ubide horreetan zenbat animalia hilten diran aztertu dau. Horrezaz gan, arazoa konpontzeko urtenbideak be proposatzen ditu.

- Bigarren saria: ‘Sexuen arteko lehia eta bisigua’ izenburupean aurkeztutako lanarentzat izan da. Egilea Ibon Cancio Uriarte bakiotarra izan da, eta Andonegiren eskulturea eta 500 € jaso ditu. Egileak, Nemo arrain ezaguna abiapuntutzat hartuta, arrain hermafroditak ditu berbagai, hau da, aldi berean ar eta eme diran arrainak. Arrainen munduan hermafrodita izatea ez dala salbuespena nabarmentzen dau artikuluan, eta arrain-espezie askok dabela estrategia sexual hori, tartean euskaldunok horrenbeste maite dogun bisiguak. Estrategia horretatik zer ikasi eta erabili geinken be aztertu dau Ibon Canciok.

- Hirugarren saria: ‘Zeri begira zaude? Begiei begira’ lanarentzat izan da. Egileak, Arantzazu Villanueva Larre iruindarrak, Imanol Andonegiren eskulturea eta 300 € jaso ditu lan horregaitik. Bere lanean, begiradeari jarraitzeko sistemez hitz egin dau, sistema horren garapenaz eta orain urte gitxi eskuraezinak ziran aplikazinoez. Laburbilduz, ustez etorkizun handia izango daben teknologia horreen ibilbidea aztertu dau Villanuevak, eta begiradeari jarraitzeko sistemek zelan funtzionetan daben azaldu dau.

- Gazteentzako sari berezia: ‘Xafla iragazgaitza: bike berria’ artikuluarentzat izan da. Lizartzako Goretti Goikoetxeandia Garmendia izan da irabazlea, kimikaria, eta 300 € eta Andonegiren eskulturea jaso ditu. Berotegietako plastikoak eta xafla iragazgaitzak egiteko erabil daitekezan ikertu dau egileak Euskal Herriko Unibersidadean, eta ikerketearen nondik norakoak jaso ditu artikuluan. Xafla iragazgaitzak asfalto-betunez eta polimeroz eginda dagoz, eta non-nahi erabilten dira eraikuntzan: ugerlekuetan, tenis-pistetan, tuneletan, urtegi artifizialetan.... Bada, berotegietako plastikoek xafletako polimeroa izateko balio daben ikertu dau Goikoetxeandiak, eta emoitza baiezkoa izan da. Egilearen arabera, horrek urtenbide on bat emon leikioe berotegietan urtean sortzen diran dozenaka mila tona plastiko-hondakinei.

Lan honeek guztiak apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratuko dira dossier berezi batean.

CAF-Elhuyar sarietako edizino honetan, 13 dibulgazino-artikulu aurkeztu dira guztira, eta, aurreko urteetan baino gitxiago izan arren, kalidadea hobea izan da epaimahaiaren ustez. Epaimahaikideek eskarmentu handia dabe zientziaren hainbat alorretan; ondokoak izan dira: Cristina Alberdi, Inasmet-eko marketin- eta komunikazino-arduraduna. Mikel Alvarez, medikua eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia. Koldo Nuñez, Geologian doktorea, IMHko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria eta zientzia-dibulgatzailea eta Joseba Etxebarria, injinerua eta Mondragon Unibersidadeko irakaslea.


Liburuaren aurkezpena

Bestalde, Kepa Altonagaren ‘Etxepare, Aldudeko medikua’ liburua be aurkeztu da ekitaldian. X. edizinoan dibulgazino-liburua idazteko bekea (4.500 €) irabazi eban Altonagak, eta, horri esker, liburua idatzi ahal izan dau. Liburua idazteko CAF-Elhuyarreko saria erabili dauen arren, Euskaltzaindiak eta EHUk argitaratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu