Sexuaren garrantzia
2007-02-27 01:00Pornografia izango ete da orain be erabagilea Blue Ray edo HD DVDaren artean bat aukeratzeko orduan?
Ondoko lerroetan, orain dala hile batzuk, teknologia barriagaz lotuta dagoan burruka baten barri emon genduan: gaur egun erabilten dogun DVD-a atzean itxi eta ordezko sistemea oraindino erabagi barik dago; hortxe burrukea. Aukera moduan agertzen diran sistemak bi dira, bata Blu-Ray izenekoa eta bestea HD DVD izenekoa.
Sistema bien atzetik enpresa sendoak eta punta-puntakoak dagoz. Zeintzuk ete dira?
Blu-ray: sistema hau Sony-k garatu dau eta atzetik honexek dagoz besteak beste, 20th Century Fox, Apple, Buena Vista Home Entertrainment, HP, Hitachi, Matsushita, Mitsubitsi, Samsung eta Warner Home Video.
HD DVD: Toshiba, NEC, Kendwood, Canon, Sanyo, Intel, Universal Studios, Paramount, Warner Bros, besteak beste.
Hor dabiz ba talde biak ia pastela noren alde jausiko dan. HD DVD-ak egiteko behar dan teknologia gaurko DVD-ak egiteko erabilten danaren antzekoa da baina bestalde, Blu-ray honek teknologia karuagoa eta konplexuagoa behar dau. Azken honegaz lortuko diran diskoak akaso garestiagoak izango dira, nahiz eta kapazidade aldetik HD DVD-a baino hobeagoak izan: 50 gigabyte (definizino handiko bederatzi orduko pelikulea) eta HD DVD-ak 30 gigabyte.
Hirugarren bat be saltsan sartu guran dabil baina momentuz ez dauka zer esan handirik: LG Electronics Koreako enpreseak bere ‘Super Multi Blue’ sistema plazaratu eban, beste sistema bien formatuak irakurteko modukoa baina oraindino ez dau arrakastarik lortu.
Buruzagitzea nork hartuko dauen argi ez dagoan arren, talde biak dabiz euren alderako laguntza barriak lortu guran. Eta hemen sartuko da sexua jokoan.
Gaurko burrukea 70-eko hamarkadan pasau zan modukoa da: bolada haretan VHS eta Betacam bideo sistemen arteko lehia pil-pilean egoan. Azkenean, VHS-k irabazi eban eta bestea bide bazterrean geratu zan, nahiz eta batzuren ustez irabazlea baino kalidade hobeagokoa izan. Burruka honetan nork lagundu eban alde batera egiteko ahaleginetan? Pornografiaren industria izan ei zan halako azken erabagilea eta horri esker teknologiaren munduak VHS sistemea hartu eban estandar moduan.
Gaurko arazoan, bardin pasauko dalakoan dagoz batzuk. Kontuan izan behar da pornografiaren industriak, merkatuko DVD guztien %10 baino gehiago hartzen dauela. Batzuk ez dala larregi esango dabe baina beste batzuk %10 hori erabagigarria izango dala uste dabe. Hori dala eta, hasi dira sexuaren industriaren ordezkarien bulegoetara bisitak egiten sistema bat edo bestearen onurak erakusten.
Edozelan be, betiko faltsukeriagaz be topauko gara hemen. Bisitak egin bai, azken helburua industria hori alde izatea dalako eta berba egitea be ondo dago baina inork ez dau gura holako industriagaz hartu-emon publikorik kaleratu; holan izan ei zan Blu-ray sistemearen alde dagoan talde batek Wicked Pictures (pornografiako pelikulak egiten dauzen film estudio bat, garrantzitsuenetarikoa hori bai) estudioko agintariekaz batu ziranean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!