Aitzol Barandiaranek irabazi dau VI. Abra Saria

Bizkaie! 2007-02-26 01:00   Bertsolaritzea

Lehenengo zatian, Odei Barrosok eta berak lortu eben puntu gehien eta biak pasau ziran bigarren zatira. Hor, Barandiaran ataundarrak Barrosok baino puntu gehiago lortu ebazan, bertsolari bien lana goraipatzekoa izan arren.

Zezeilaren 24an, arratsaldeko zazpiretan Abra Sariaren seigarren edizioa jokatu zan Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Gitxi gorabehera, 75 entzule batu ziran Musika Eskolako aretoan.

Honako honeek izan ziran Josu Esnaola gai-emoilearen esanetara egon ziran bertsolariak:

Peru Vidal (Leioa).
Ander Elortegi (Gernika).
Aitzol Barandiaran (Ataun).
Odei Barroso (Urruña).
Izar Mendiguren (Laudio).
Maialen Velarde (Zumaia).

Lehenengo zatian honako lana egin behar izan eben: hiruna bertso zortziko nagusian, hiruna bertso zortziko txikian, bi lehen punturi erantzunez eta bakarkako gaian bi bertso doinu eta neurri librean.

Zortziko txikian eta bakarkako lanetan entzun ziran bertsorik biribilenak. Aitatzekoa da hain gazte izanik bertsolariek erakutsi eben heldutasuna.

Lehen zatian puntu gehien Aitzol Barandiaranek eta Odei Barrosok batu eben eta saio osoan igarri zan euren nagusitasuna.

Bigarren zatian zero puntutik abiatu ziran bertsolari biak. Ofizio bat kantau behar izan eben sei puntuko laburrean. Aitzolek inurriarena egin eban eta Odeik txitxarrearena. Inurria urte osoan ibili da janaria batzen negurako eta txitxarrea, barriz, ez. Negua heldu da eta eguzkitsu dago. Bertso politak itxi ebezan bertsolariek.

Kartzelako lanean, publikoa lotsatuta ixtea izan zan bertsolarien lana.

Bakarkako gaian bertso ederrak bota ebezan Barandiaranek eta Barrosok. Persona lotsati baten papelean jarri ebezan bertsolariak. Txat bidez persona bat ezagutu eben eta aurrez aurre ikusteko konbita jasoten eben.

Lanak amaituta, epaileek euren erabagia emon eben eta Aitzol Barandiaran ataundarrak eroan eban txapela. Honakoa izan zan puntuazinoa:

- Aitzol Barandiaran: 304,5 puntu lehenengo atalean; 210,5 puntu bigarren atalean.
- Odei Barroso: 294,5 puntu lehenengo atalean; 205,5 puntu bigarren atalean.
- Maialen Velarde: 276,5 puntu
- Izar Mendiguren: 269 puntu
- Ander Elortegi: 268,5 puntu
- Peru Vidal: 263 puntu

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu