Enpresetan euskerea sustatzeko HPSren programea martxan dago
2007-02-22 01:00 Euskerea berbagaiProiektua bideratu, babestu eta zuzenduko dauen Kudeaketa Batzordea (erakunde publikoek eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresari-alkarteek osotua) eratu da honezkero.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak (HPS) eta Euskalit erakundeak hitzarmena sinatu eben 2006ko urrian enpresetako hizkuntz normalizazinorako prozesuen ebaluazino-eskema eta zertifikazino-eredua zehazteko. Hitzarmenean jasotakoa beteteko, urritik hona, Euskalitek eta HPSk alkarlanean jardun dabe enpresetan hizkuntza-kudeaketearen ebaluazinorako eta zertifikazinorako kalidade-ziurtagiriaren proiektua egiten.
Batzordearen lehenengo zereginetako bat urtean sei esperientzia pilotu abiarazotea izango da, neurri eta jardun desbardineko hainbat enpresatan, ebaluazino sistemea hobetzeko.
Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordeak Bilbon egindako prentsaurrekoan jakinarazo dauen legez, enpresetan euskerearen erabilerea zertifiketako ziurtagiri barri honengaitik enpresek ‘ez dabe dirurik pagau beharko’, kostua ‘HPSk hartzen baitau bere gan’. Izan be, ez da pagau beharreko ziurtagiri bat, ‘irabazi behar dana baino’, zehaztu dau sailburuordeak.
Baztarrikagaz batera, Euskalit, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, EUDEL, CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEAko ordezkariak izan dira prentsaurrekoan.
Baztarrikaren arabera, ‘ez dira atzokoak arlo sozio-ekonomikoan euskerearen erabilerea bultzatzeko ahaleginak’. Horregaitik, ‘ailegau da sasoia esparru sozio-ekonomikoan euskerearen erabilerea sustatzeko egiten diran saioak eta plangintzak aztertzeko eta ebaluetako’.
‘Enpresek dana daukie irabazteko, eleaniztasuna baita gizartearen eta enpresearen oraina eta geroa’, esan dau sailburuordeak. ‘Enpresek hizkuntza bat baino gehiago erabilten ditue eta lehiakortasuna irabaziko dabe euskereari heltzen deutsenek, emoten daben zerbitzuari balioa ganeratuko jakolako’.
Ganera, euskerearentzat berarentzat be ‘barri ona’ da kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea euskereagaz lotuko dituan ziurtagiria izatea; izan be, ekimenak eskolan euskaldundu eta ikasketak euskeraz jaso dituan gazteari ‘euskerari jagokon lekua emoten deutson lan mundura joaten lagunduko deutso’.
Kudeaketa Batzordea
Kudeaketa Batzordea herri-administrazinoetako ordezkariek eta enpresaburuen alkarteetako ordezkariek osotzen dabe, Euskaliten eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzearen lehendakaritzapean.
Herri-administrazinoen izenean, hiru foru aldundiak eta EUDEL dira Jaurlaritzeagaz batera; CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresaburuen alkarteek osotzen dabe lantaldea.
Batzordearen zereginetako batzuk honako honeek izango dira: enpresetan, eta esparru sozioekonomikoan, euskerearen erabilerea bultzatzeko hizkuntza-kudeaketearen ebaluazino eta zertifikazino eredua ontzat emotea; ebaluazinorako eta zertifikazinorako zehaztutako prozesuen eta jarraibideen egokitasuna eta zuzentasuna bermatzea; horri guztiari zabalkundea emotea; prestakuntza-egitarauen definizinoa; eta, azkenik, zertifikazinoa zein eratako enpresa edota erakunderi zuzenduta dagoan zehaztea. Zeregin horreez gan, beste hainbat azterketa egingo ditu Batzordeak, enpresentzako formazino-sistemea, gestino-prozesua eta beste hainbat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!