Stalingrado zaharrak Bakearen aldeko Adierazpenean parte hartuko dau

Bizkaie! 2007-02-08 01:00

Volgogradoko alkate Kherianovek berak zuzenean helarazo deutso konpromisoa Gernikako alkate Miguel Angel Aranazi, orain gitxi Volgogradora egindako bisitan.

Volgogradoko (antxinako Stalingrado) uri errusiarreko alkateak, Mr. Kherianovek, adierazo dau bere Udaleko ordezkaritza bat Gernikako Bonbardaketearen 70. urteurrena ospatzeko ekitaldietan izango dala, datorren apirilaren 26an, Gernikan bertan.

Kherianovek berak zuzenean helarazo deutso konpromisoa Gernikako alkate Miguel Angel Aranazi, orain gitxi Volgogradora egindako bisitan. Bisiteak ‘hiru eguneko iraupena izan dau eta giro onean amaitu da, izaera errusiarraren abegikortasunagaitik eta eskainitako harrera beroagaitik, nahiz eta 15 gradu zero azpitik egon’, adierazo dau Gernikako alkateak.

Volgogradoko udal agintariek ordezkatuko dabe uri errusiarra Bonbardaketearen 70. urteurrena gogoratzeko ekitaldietan, eta, era berean, ‘Gernikako Adierazpena’ dalakoaren irakurketan parte hartuko dabe. Bakearen aldeko eta era guztietako gerra eta Giza Eskubideen urraketen kontrako adierazpena da, eta datorren apirilaren 26an Gernikan izango diran Bakearen aldeko Urietako alkateak eta Bakearen zenbait Nobel Sari izango dira protagonista. Bertan egongo dirala adierazo daben urietako batzuk Hiroshima eta Nagasaki dira. Era berean, Alemaniako Hanburgo, Dresde eta Pforzheim urietako ordezkariak, Ingalaterrako Coventryko ordezkariak eta Poloniako Auschwitzeko ordezkariak be izango dira bertan.

Volgogradoko administrazinoak zezeilaren 1ean, eguena, egin eutson harrerea Gernikako alkateari. Harreran, Kherianov alkateak ez eze, Parlamentuko presidente Irina Carevak eta Nazinoarteko Saileko arduradun goren Alexei Grebennikovek be hartu eben parte, besteak beste.

Era berean, zezeilaren 2an, Gernikako alkatea sobietarrek Stalingradoko burrukan lortutako garaipenaren 64. urteurrena gogoratzeko ekitaldietan izan zan. Burruka haretan 3 miloe lagun inguru hil ziran. Ekitaldi horreetan zenbait herrialdetako ordezkaritzek hartu eben parte, besteak beste, Estadu Batuetako, Indiako eta Ukrainakoek.

Euskal ordezkaritzearen parte-hartzea izan eban ekitaldietako bat ‘Oroimenaren Parkean’ hildakoen omenez jarritako obeliskoan eta Mamáyev Murgan muinoan egindako lore-eskaintzea izan zan. Mamáyev Murgan muinoan ‘Aberri Ama’ eskultura bikaina dago, Stalingradoren defentsan nazien armadearen kontra burrukan ibili ziran guztien oroimenez eta omenaldi legez. Leku horretan Vasiliy Zaicev gerra-heroi ospetsuaren eta Rubén Ibarruriren gorpuzkiak dagoz. Rubén Ibarruri ‘La Pasionaria’, Dolores Ibarruriren semea zan, eta uriaren defentsan hil eben; Gernikako alkateak egiaztatu ahal izan ebanez, Rubén ‘oso ezaguna eta maitatua da’ han.

Gernikako ordezkaritzeak burruka haretako beteranoakaz be berba egin eban, bai eta heroi nazionala dan Vasiliy Zaicev frankotiratzaile ospetsuaren alargunagaz be. Beteranoen artean Kive, Odessa eta Makhachkalako ordezkaritzak egozan, bai eta Afganistango gerrako burrukalari ohiak be.

Gernikako Udalak nazinoarteko dimensinoa emon gura deutso uriaren bonbardaketearen 70. urteurrenari. Miguel Angel Aranazek esan dauenez, ‘2007ko apirilaren 26a egun seinalatua izango da euskaldun guztiontzat, eta uste dogu une honek omenaldi berezia merezidu dauela. Omenaldiak mugak gainditu behar ditu eta, beste herri batzuakazko batasunaren eta alkartasunaren bitartez, nazinoartera zabaldu behar dogu gerraren, edozein gerraren, eta giza eskubideen urraketen kontrako gaitzespena’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu