Lea Artibai ikastetxeak Ingeniosus Lehiaketea antolatu dau
2007-01-31 01:00Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleakan, zientzia gaiekazko begirunea sortzeko, eta ikasleei hezkuntza erronka barriak aurkezteko, Euskal Herriko gazteei injinerutzea eta zientziak beste ikuspuntu praktiko eta errazago batetik aurkezteko antolatutako lehiaketea da.
Lea Artibai ikastetxeak batxilergo eta goi mailako prestakuntza zikloetako ikasleentzat antolatutako lehiaketea da. Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleakan, zientzia gaiekazko begirunea sortzeko, eta ikasleei hezkuntza erronka barriak aurkezteko, Euskal Herriko gazteei injinerutzea eta zientziak beste ikuspuntu praktiko eta errazago batetik aurkezteko antolatutako lehiaketea da.
Lea Artibai Ikastetxea 1970eko hamarkadearen hasieran sortutako irakaskuntzarako kooperatibea da, Bizkaiko Markina-Xemein herrian kokatuta dago. Bertan, batxilergo, prestakuntza ziklo eta unibersidade ikasketak, zein enpresentzako ikerkuntza eta zerbitzu tekniko bereziak eskaintzen dira.
Polimeroen Injinerutzea Lea Artibai Ikastetxean emoten dan unibersidade karrerea da. Arlo horretan, plastikoak, kautxuak eta konpositeakaz erlazionatutako materialak lantzen dira. Ingeniosus lehiaketea antolatzeko arrazoi bat izan da injinerutza berezi hau ezagutzera emotea eta, beraz, logika jokoak polimeroakaz erlazionatuta egongo dira.
Lehiaketearen izena, ‘Ingeniosus’, injineru latinezko berbearen jatorri semantikoa da, hau da, injineruaren lanaren ezaugarri bat zientziak planteetan dituan arazo edo galderei erantzun praktikoa bilatzea dalako. Injineruek irudimena, zentzua eta arrazoibidea erabilten ditue matematika, zientzia eta teknologia praktikan jarteko. Horregaitik, Ingeniosus lehiaketan logika joko desbardinen konponbidea bilatu behar da, gazteek ikasten dituen zientziak ariketa dinamiko eta jostagarrien bidez apliketako.
Ingeniosus lehiaketan Euskal Herri osoko (Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Iparralde) Batxilergoko edo Goi mailako prestakuntza zikloetako ikasleek parte hartu leikie. Parte-hartzaile bakotxa behin bakarrik aurkez daiteke.
Lehiaketea internet bidez egingo da www.uni.leartik.com helbidean. Logika jokoak hiru fasetan gainditu behar dira. Jokoak konpontzen ahalik eta denpora gitxien erabilten dabenek irabaziko dabe.
Aitatutako helbidean, logika joko desbardinak agertuko dira, hiru fasetan zailtasun mailearen arabera. Sistema informatiko batek neurtuko dau lehiakide bakotxak jokoa asmetako behar izan dauen denporea.
Zezeilaren 1etik apirilaren 30era bitartean, hiru fase izango dira:
Lehen fasea. Logika joko bat azalduko da, zailtasun txikikoa. Gainditzen daben guztiei, datuak beteteko orrialde bat agertuko jake. Datu horreek, lehenengo oparia jasoteko eta bigarren fasean sartzeko pasa-hitza bialtzeko erabiliko dira.
Gainera, jokoa gainditzeko denpora gitxien behar daben 15 lehiakideek beste erregalu bat jasoko dabe.
Bigarren fasea. Beste logika joko bat konpondu behar da, zailtasun maila ertainekoa, eta joko hau gainditzen dauena azkeneko fasera pasauko da. Bigarren fasea gainditzen daben lehiakideei, bigarren erregalu bat eta hirugarren fasean parte hartzeko pasa-hitza bialduko jakez.
Lehenengo fasean bezela, jokoa gainditzeko denpora gitxien behar daben lehenengo hamabostek beste erregalu bat jasoko dabe.
Hirugarren fasea. Zailtasun handiko azken joko honek erabagiko dau nor dan lehiaketearen irabazlea. Irabazlearen gelakideek eta bere irakasle arduradunak be saria eroango dabe.
Beste alde batetik, lehiaketan banatuko diran sari askoren artean, Londreserako bidaia lau personentzat eta Arzak jatetxean afaria irabazteko aukerea dago.
Sari banaketea
2007ko maiatzaren 3an izango da, Markina-Xemeinen. Egun horretan, kontzertuak eta beste zenbait ekintza kultural egongo dira, irrati bidez emondako zuzeneko saioan.
Informazino gehiago
Josu Bergara/Izaskun Artetxe (Komunikazino arduradunak): 94-6169002 / 675-703325
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!