Nobel saridunak eta bakearen aldeko urietako alkateak Gernikan izango dira, bonbardaketearen 70. urteurrenean

Bizkaie! 2007-01-31 01:00

Gernikako alkate Miguel Angel Aranazek esan dauenez, 'Helburu bi lortu nahi doguz: alde batetik, bonbardaketearen biktimak gogoratzea eta omentzea; eta, bestetik, bake eta adiskidetze nahia nazinoartera zabaltzea’.

Bakearen zenbait Nobel saridun eta mundu osoko Bakearen Aldeko urietako alkateak Gernikan izango dira apirilaren 26an, Francoren zerbitzura etorri ziran hegazkin alemaniarrek uribildua bonbardeau ebeneko 70. urteurrena gogoratzeko.

Miguel Angel Aranaz alkateak, bonbardaketea gogoratzeko ekitaldien egitarauaren lehenengo aurrerapen-ekitaldian adierazo dau Gernikako Udalak nazinoarteko dimensinoa emon nahi deutsola 70. urteurrenari. Prentsaurrekoan Imanol Zubizarreta Kulturako zinegotziak be hartu dau parte, bai eta ‘Gernika 07.70’ proiektuaren ordezkari batek be. Proiektu hori berenberegi sortu da urteurren honetarako.

Miguel Angel Aranazek esan dauenez, ‘2007ko apirilaren 26a egun seinalatua izango da euskaldun guztiontzat, eta uste dogu momentu honek omenaldi berezia merezi dauela. Omenaldiak mugak gainditu behar ditu eta, beste herri batzuekazko batasunaren eta alkartasunaren bitartez, nazinoartera zabaldu behar dogu edozein gerraren eta giza eskubideen urraketen kontrako salaketea.

Helburu bi lortu nahi doguz: alde batetik, bonbardaketearen biktimak gogoratzea eta omentzea; eta, bestetik, bake eta adiskidetze nahia nazinoartera zabaltzea’, adierazo dau.

Efemeridea nazinoartera zabaltzeko helburuagaz, sustatzaileen asmoa da aurten ‘mundu osoan bakearen alde lan egin dauen jentea egotea’ Gernikan. Tartean egongo dira, beraz, Bakearen Nobel saridunak eta, Gernikak bezela, gerrearen tragedia sufridu eben urietako alkate eta ordezkariak, bai eta Bakearen Aldeko Urietako alkateak be. Izentapen hori UNESCOk emoten dau, eta Gernikak 2002an jaso eban.

Momentuz, badakigu Gernikan egongo dirala Hiroshima eta Nagasakiko (Japonia) alkateak, Akiba eta Itoh jaunak, hurranez hurran. Gernikako alkateak Migel Angel Aranazek esan dauanez. Aurreikuspenen arabera, beste zenbait agintari be bertan izango dira: Volgograd ‘lehen Stalingrad’ (Errusia), Hamburg, Dresde eta Pforzheim (Alemania), Coventry (Ingalaterra) eta Auschwitz (Polonia) urietako agintariak, hain zuzen be.

Aranazen arabera, asmoa da ‘danak Gernikara erakartea apirilaren 26an, eta Bakearen Aldeko Urietako alkateen Nazinoarteko Deklarazino Instituzionalean parte hartu dagiela’.

Bonbardaketearen 70. urteurreneko ekitaldi-egitarauaren elementu nagusi legez, Foru Plazan erakusketa handi bat egingo da, originala, ikus-entzunezkoa eta parte-hartzailea. ‘Bisita esperientzialen kontzeptuaren alde egin dogu, Uribilduko alkarteek egindako lan dokumental eta erakusketa-lan bikainek balio erantsia izan dagien. Era horretara, etorkizunean, Bakearen Museoan plazaratutakoa osotuko litzateke’, azaldu dau alkateak.

‘Foru Plazako azalera osoa hartuko dauen eta tapauta egongo dan erakusketa honegaz, hausnarketea sortuko daben sentsazinoak piztu nahi doguz’, adierazo dau Aranazek. Parte-hartzailea izateaz gan, ‘erakusketa arin baina sakona izango da, era berean. Inor ez da hotz geldituko erakusketea ikusi ostean. Bisitariarengan zirrarea sortu nahi dogu; zeozelan, bizi dagiela zorigatxeko 1937ko apirilaren 26 haretan, Gernikako merkatu egunean, pasau zana’, esan dau.

Erakusketeak hiru atal handi izango ditu, eta bertan izango da Picassoren ‘Guernica’ lana. Koadroaren erreprodukzino handi bat egongo da erakusketa-esparruko hirugarren espazioan. Atal horretan, bisitariek bakearen aldeko edo gerren kontrako mezuak itxi ahal izango dabez, idatziz edo ikus-entzunezko grabazino baten bitartez. Erakusketa honetako ibilbidea, bisitariak holan nahi badau, plaza berean dagoan Gernikako Bakearen Museoan amaitu daiteke.

Erakusketea Juan José Ibarretxe Lehendakariak eta bonbardaketatik bizirik urtendakoek inaugurauko dabe apirilaren 26ko goizeko 11etan. Nazinoarteko, Europako, Espainiako, EAEko eta Gernikako erakunde eta instituzinoetako ordezkari nagusiak konbidau ditue eta horreen artean egongo dira UNESCO, Europar Batasuna, Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza, Administrazino Zentrala, hiru Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak, Foru Aldundiak, Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel), alderdi politikoak, bakearen aldeko plataformak eta abar, euren arduradunek ordezkatuta.

Erakusketa handi hau izango da 70. urteurrenaren ardatz nagusia, baina egitarauan oroitzapen-ekitaldi gehiago dagoz. Horreen artean, aire-ikuskizun bat dago. Oraindino zehaztu barik dago, baina izan daiteke bakearen aldeko bonbardaketa bat: lore-hostoen edo poemen bonbardaketa hegazkinetatik.


Gernikako deklarazinoa

Batzar Etxean ‘Gernikako Deklarazinoa’ irakurriko da, zenbait hizkuntzatan. Bakearen aldeko eta gerra zein giza eskubideen urraketa guztien kontrako manifestua izango da. Dagoeneko hasita dago dokumentu horren idazketea eta, Aranazen esanetan, ‘apirilaren 26an gure artean egongo diran Bakearen Aldeko Urietako alkateak eta Bakearen Nobel saridunak izango dira protagonista nagusiak’.

Apirilaren 26ko arratsaldean, bonbardaketea gogoratzeko ekitaldiak egingo dira: eleizkizuna, lore-eskaintzea kanposantuan eta Foruria Musika Eskolako musikarien emonaldia. Arratsaldeko 20:00etan lunch herrikoia egongo da Merkatuko Plazan. Gernikar eta bisitari guztiak dagoz konbidauta.

Egitaraua osotzeko, urteurren hau gogorarazoteko interesa daben beste kolektibo, persona eta erakunde batzuen ekarpenak izango dira. Bonbardaketearen 70. urteurrena gogoratzeko onartutako proposamenen artean, ‘Gernikako bonbardaketea / The Guernica History’ dokumentalaren mundu mailako estreinaldia dago, bai eta Gernika Gogoratuz alkarteak antolatutako Kultura eta Bakeari buruzko jardunaldiak, Pforzheimeko (Alemania) Orkestrak emongo dauen kontzertua, Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko Gernika III. Sariak banatzeko ekitaldia eta Artearen eta Bakearen III. Nazinoarteko Topaketak be. Bakearen Museoak, bere aldetik, erakusketen egitarau berezia izango dau urtean zehar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu