Sagarrondoaren fruta barria
2007-01-22 01:00Ameriketako Estadu Batuetako San Frantzisko urian egindako MacWorld kongresuan Apple enpresakoek euren gadget barria erakutsi deuskue: iPhone. Estadu Batuetan bagilean egongo da salgai eta Europan urte amaierara arte itxaron beharko da.
Urtea ondo hasi dogu, bai. Hasi jakuz teknologoak euren ‘katxarrotxu’ barriak erakusten. Informazinoaren Gizartean ez dira, ez, gauza guztiak ikaragarrizko proiektuak, itzelezko barrikutzak eta arnasea kenduko deuskuezan aurrerapusoak, ez.
Askotan, teknologiaren aurrerapausoak elemendu txikiz osotzen dira. Txikiak bai, baina ez dira baztertzeko modukoak. Pentsau daigun: disketea, bideojoen joystick-a, eskuko telefoa, CD eta DVDak, boltsiloan eroateko moduko disko gogorrak, pen-drive eta beste asko. Ordenagailuak ez dira teknologiaren erakusle bakarrak, beste hainbat elementu, gadget dalakoak, be egon badagoz mundu honetan.
Oraingoan, eskuko telefonoetan etorri jaku barrikuntzea. Edo etorriko jaku. Zelan? Apple (sagarra) enpresea ekimenaren atzean badago, barrikuntzea arrakastea izango dau edo, behintzat, aintzindaria izango da eta markautako bidetik beste batzuk be joango dira.
Ameriketako Estadu Batuetako San Frantzisko urian egindako MacWorld kongresuan Apple enpresakoek euren gadget barria erakutsi deuskue eta, egia esan, danak aho zabalik geratu dira (enpresa honegaz beti pasetan dan legez). Biltzarrean, euren produktu barria, ‘iPhone’ izenekoa, plazaratu dabe eta, aditu guztien esanetan, iPod produktuaren arrakasta bera izango dau.
Sarean ez da beste ezertaz berba egiten. Eretxi gehienak oso onak dira baina aparatua oraindino ezin da erosi. Estadu Batuetan bagilean egongo da salgai, Europan urte amaierara arte itxaron beharko da eta Ekialde Urrunean datorren urterako eukiko dabe. Hori dala eta, gehienek uste dabe Apple enpreseak marketin kanpaina bikainak antolatzen dituala, produktua oraindino ezin dalako erosi eta mundu guztia atzetik dabilelako.
Telefonoaren ezaugarriak honeek dira:
- Aparatu berean, iPod (musikea entzuteko), eskuko telefonoa eta Internet zerbitzuak dagoz.
- Modelo bi egongo dira oraingoz, 4 Gb-ekoa eta 8 Gb-ekoa (499 eta 599 dolarrean).
- Intel-eko prozesatzailea dauka barruan.
- Mac OS X sistema operatiboaren bersino bategaz dator.
- Oso fina da eta ikumen-pantailea daukie. Pantaileak ia telefonoa osoa hartzen dau.
- Erabilerea, antza, oso erraza da.
- Wi-Fi 802.11 eta Bluetooht 2.0 sistemak daukaz.
- 2 megapixeleko kamarea dauka.
- Cingular enpresaren telefoniako sarea erabiliko dau.
Apple enpresea telefonoen merkaduan sartzen dan lehenengo biderra da eta, oraingoz, behintzat, lortu dau oihartzuna izatea. Hori arrakastearen seinale izan daiteke. Iragarkia egin eta atoan, burtsan % 5,3ko gorakadea izan eban.
Datuak
Igazko azken hiruhilekoan lortutako etekinak (1.004 miloe dolar) aurreko urtean izandakoen (565 miloe dolar) ia bikotxa izan ziran. Urte osoko irabaziak 7.115 miloe dolarrekoak izan ziran (aurreko urtean 5.749 miloekoak).
Dana dala, dana ez da barri ona. ‘iPhone’ izena ez da Apple enpresearena, Cisco Systems enpresearena baino. Horrek zer esan gura dau? Betikoa, Ciscok salaketea jarri deutsola Apple enpreseari euren izena erabilteagaitik. Atoan, sagarraren akzinoek % 1,3ko beherakadea izan eben (gero, errekuperatu arren, % 0,5eko galereagaz amaitu eben). Antza danez, enpresa biak hartu-emonetan dabiz arazoa konpontzeko.
Orain dala sei urte, Apple-k euren iPod-a atara eben eta honezkero 70 milo aletik gora saldu dabez eta merkaduaren % 70 euren eskuetan dago. Enpresearen helburua 2008rako 10 miloe iPhone merkaduratzea da. Ganera, beste pauso barri batzuk emoteko prest dagoz: zezeilean beste gadget bat aurkeztuko ei deuskue, ‘AppleTV’ filmak eta telebista programak ikusteko, musikea entzuteko edota argazkiak ikusteko aukerea eskaintzen dauena. Hori guztia 299 dolarrean. Adi egongo gara eta ikusiko dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!