John Cale musikariak ‘Circus Live’ bilduma diskoa aurkeztuko dau Bilbon
2007-01-10 01:00 MusikeaLou Reed-egaz batera Velvet Underground talde mitikoaren arimea izan zan John Cale musikari galestarra Bilboko Kafe Antzokian izango da zezeilaren 3an, zapatuan, ‘Circus Live’ izenburuko bere bilduma disko bikotxa aurkezteko
Lou Reed-egaz batera Velvet Underground talde mitikoaren arimea izan zan John Cale musikari galestarra Bilboko Kafe Antzokian izango da zezeilaren 3an, zapatuan, ‘Circus Live’ izenburuko bere bilduma disko bikotxa aurkezteko, Last Tour International-eko iturriek jakinarazo dabenez.
John Cale 1942an jaio zan Garnant-en (Gales). Konpositore, produktore eta abeslaria, John Cage eta LaMonte Young-en abangoardietan hezi zan musikari bezela, eta 1965ean, Lou Reed-egaz batera, Velvet Underground sortu eban.
Reed-ek karismea, ahotsa eta berbak jarri zituan arren, Cale-k musika klasikoaren eta minimalismoaren eragin nagusiagaz, konponketak eta atmosfera bitxia sortu zituan. Bere biola deliranteak eta monotonoak sano lagungarri izan ziran rockaren historian iraultzaile eta eragin handienekoa izateko eta, esangura horretan, ‘The Velvet Underground & Nico’ eta ‘White Light/White Heat’ diskoak deigarriak izan ziran.
Beti itzalean, musikari galestarraren ideia musikalek bideak edegiten jarraitzen dabe. Produktore legez, punk eta new wave musiken arimea izan zan. Izan be, berari zor jakoz Stooges, Nico edo Modern Lovers-en lehenengo diskoak, bai eta Patti Smithen ‘Horses’ be.
Cale-n bakarkako lana zabala eta sailkaezina da, eta esperimentalaren eta ulergarriaren arteko tensinoan mobiduten da. Zenbait disko eder eta poetiko egin ditu, besteak beste, ‘Paris 1919’ (1973); ‘Music For A New Society’ (1982); edo ‘Fragments of A Rainy Season’ (1992).
Zinemarako musikan topau dau azken aldian bere ideientzako leku egokia, baina ez Hollywooden, produkzino independenteetan eta, gehienbat, Europan baino. Era horretara, ‘Something Wild’ (1986), ‘Basquiat’ (1996) edo ‘American Psycho’ (2000) lako pelikuletarako musikea egin dau.
John Cale handia kontzertuetan ahotsagaz, pianoagaz eta gitarreagaz agertzen da, eta denporeagaz, haren kantu zaharrek lirismoa, samurtasuna eta emozinoa irabazi dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!